Eleberri distopiko baten hasiera dirudien arren, zientziaren aburuz, gure inguru eta naturak hartu ahal izaten ari duen joera da hori. Klima aldaketak epe luzean irudikatzen digun agertokiak ez du zerikusirik ezagutzen dugun inguruarekin: ekosistemetako aniztasuna galtzetik eta muturreko ekaitzetaraino, tartean beste ondorio asko pairatuko ditugu. Nazio Batuen arabera, aldaketa klimatiko antropogenikoa gizateriaren desafio handienetako bat da: zehazki, gizakien aktibitateagatik atmosferara igorritako gasek sortutako berotegi efektu larriagotua da. Fenomeno honen ondoriorik berehalakoena atmosferan aurkitzen den energia erabilgarriaren gorakada da. Horrek, tenperatura globalaren mediaren hazkuntza dakar; berotze-global moduan ezagutua.
Beroketa horrek suposatzen duen inpaktuaren larritasuna ulertzeko, ezinbestekoa da sistema-klimatikoak berezkoa duen konplexutasuna ezagutzea, non hainbat aldagaik eta prozesuk elkarri eragiten dioten espazio eta denbora eskala ezberdinetan. Sistema-klimatikoan, dominoan bezala, tabloi guztian zehar hedatzen dira efektuak, eta azkenengo piezetan ere dute eragina. Gaur egun, industria-iraultza aurretik baino 1.2 ºC-ren gainetik topatzen da planetaren tenperatura. Hori izebergaren punta besterik ez da. Izan ere, berotze-globalaren ondorioak modu ezberdinean azaleratzen dira planeta guztian zehar. Adibidez, aldaketak eragiten ari dira prezipitazio-patroietan tokiaren arabera lehortze eta uholdeen agerpenean lagunduz.
Mediterraneoan, esaterako, ekaitz bortitzak izan dira azken urteetan, eta baliteke beroketaren eraginez sortuak izatea. Meteorologoek, ez-ohikoak diren ekaitz horiek medicane terminoaz izendatu dituzte; mediterraneo eta urakan hitzetatik eratorria. Duela gutxi, hurbil izan genituen: aurtengo udan ekaitz gogorrak egon dira Grezian eta Libian, hondamendi handiak eraginez. Zenbatezinak diren adibideen artean, ezin dugu ahaztu ozeanoen tenperaturaren igoera eta azidifikazioa. Azken horrek, munduko ekosistema askotan eragin zuzena izan du, besteak beste, koralezko arrezifeetan.
Hala ere, aldaketak agerian uzteko ez da beharrezkoa hainbeste urruntzea; hemen gertatzen ari dira, gure inguruan. Aurten ere, udan zehar tenperatura altuen errekoren testigu izan gara eta zantzu guztien arabera 2022ko bataz besteko tenperatura markak gaindituko dira. Izan ere, Euskal Herrian, urte horrek 1.8º C-tan gainditu zuen garai historikoaren batez bestekoa, Euskalmet, AEMET eta Infoclimat agentziek bildutako datuen arabera. Era berean, prezipitazio-dinamikek ere aldaketak izan dituzte, gertaera intentsoen areagotzeak eta batez besteko prezipitazioaren murrizketa orokortuak -% 25ak inguru- markatuak. Halaber, klimaren urteko zikloa ere aldatzen ari da, lehenago hasi eta beranduago amaitzen diren uda luzeagoekin.
Uribe Kostan ere ikus daiteke joera hori, Tokikom tokiko euskal hedabideen sareak landutako datuek erakusten dutenez. Klima-aldagaietan izandako aldaketa esanguratsu horiek klima “mediterraneizatzera” eramaten ari dira. Izan, ere, klima-proiekzioaren arabera, 2071-2100 aldirako, klima Mediterraneoa EAEko lurraldearen % 79an nagusituko da, eta eragin drastikoa izango du ekosistema enblematikoetan, hala nola gure pagadi eta hondartzetan.
Zientziak atsedenik gabe lan egiten du datozen aldaketak iragartzeko, eta argitu gabeko zalantzak egon arren, ziurra da, egungo joerari eutsiz, distopia gure eguneroko errealitate bihurtuko dela, baita gure etxean ere.
Basque Centre for Climate Change (BC3) klima-aldaketaren zentroan lan egiten du. Bertan, zioak eta eraginak aztertzeko modelizazio klimatiko eta hidrologiako ikerlari doktoregai gisa aritzen da.