Bilakaera meteorologikoa aztergai

Klima Mediterraneoa, Uribe Kostan?

Iker Rincon Moreno 2023ko aza. 17a, 09:30

Azken urteotan, muturreko egoera meteorologikoak bizi izan ditugu inguruotan. Albistegietako eta askoren arteko eztabaiden protagonista dira bero handia, prezipitazio bortitzak eta haize gogorrak, baita lehor aldiak ere, Euskal Herriko hegoaldean bereziki. Zorionez, gurean, Uribe Kostan, eta Kantauri isurialdean batez ere, azken fenomeno horrek ez gaitu kolpatu, momentuz behintzat. Hala ere, adituak ohartarazten hasi dira klima-aldagaietan izandako aldaketa horiek gure klima “mediterraneizatzera” eramaten ari direla. Baina, zer-nolako aldaketak egon dira XXI. mendearen hasiera honetan?

Egun, eguraldiari begiratuta, zaila egiten zaigu bereiztea noiz hasi eta amaitzen den uda, udaberriaren eta udagoienaren kalterako. Ekaina-iraila aldia izan ohi zen gurean beroena, baina, azken 20 urteotan, apurka-apurka, maiatzera eta urrira zabaltzen ari dira tenperatura altuak. Uribe Kostan, hori bereziki nabarmena izaten ari da azken bi urteotan, 2022an eta 2023an: maiatzean, 1,1 °C, eta urrian, 2,6 °C gehiago erregistratu ziren ohiko tenperaturagaz alderatuta. Maximo absolutuei erreparatuta, aldea are nabarmenagoa da, 2023 honetan batez ere: maiatzean ohiko tenperatura altuenak baino 15,4 °C gehiago izan ditugu Uribe Kostan; urrian, berriz, 14,3 °C-tan gainditu da batez besteko marka, Galeako estazioak jasotako datuen arabera. Eskualdean azken bi hamarkadetan erregistratu den tenperaturarik altuena aurtengo abuztuaren 23an izan dugu, 40,8 °C-gaz, ohikoa baino 17,1 °C gehiago.

Beroari erreparatuta, Euskalmet euskal meteorologia agentziak zabaldutako datuen arabera, gero eta hilabete beroagoak ditugu Uribe Kostan. 2001ean, ohiko tenperatura baino altuagoak erregistratu ziren, batez beste, lau hilabetetan, urtarrilean, martxoan, abuztuan eta urrian; 2022an, aldiz, bederatzi hilabetetan, guztietan urtarrilean, otsailean eta irailean izan ezik. “Beroaldi” hori 2011tik aurrera hauteman daiteke, urterik urtera hilabeteen batez besteko tenperaturak ohikoak baino altuagoak erregistratu baitira. 2021ean izan ezik; horretan, “normaltasuna” bueltatu zen gurera, soilik otsailean eta abenduan “anomaliak” erregistratu baitziren. Hala ere, 2022a inoizko urterik beroena izan zen, eta joera horri jarraipena eman zaio aurten ere.

Uda sasoia luzatzen ari da Uribe Kostan.

BC3 klima-aldaketaren zioak eta eraginak aztertzeko zentroko modelizazio klimatiko eta hidrologiako ikerlari doktoregai den Nerea Bilbao Barrenetxeak  zehaztu duenez, 2022an, Euskal Herriko tenperaturak 1,8 °C-tan gainditu zuen garai historikoaren batez bestekoa. Era berean, azaldu du prezipitazio-dinamikek ere aldaketak izan dituztela urteotan guztiotan; euri-jasa bortitzak areagotzen ari dira, eta batez besteko prezipitazioak murrizten ari dira, % 25 inguru. “Klimaren urteko zikloa aldatzen ari da, lehenago hasi eta beranduago amaitzen diren uda luzeagoekin”.

Zirimiritik ekaitz bortitzetara?

Kantauri isurialdean, eta ondorioz, Uribe Kostan, ez dugu azken urteotan leku askotan kezkagaia izan den lehorterik bizi izan, baina bai prezipitazio murrizketak, edota ziklo aldaketak, adituak esan bezala. Berbarako, 2001etik hona, batez beste 960,2 l/m2 prezipitazio-ur metatu da gurean urtez urte, eta horren bueltan ibili dira ia urte guztiak, bakar batzuk izan ezik, hala nola 2022an; 584,7 l/m2 pilatu ziren.

Azken bi hamarkadetako datuen arabera, batez beste, 14 euri-egun izan ohi ditugu Uribe Kostan hilabetez hilabete, azarotik maiatzera bitartean batez ere; ildo beretik, prezipitazio gehien pilatzen dituzten hilabeteak azarotik martxora bitartekoak izaten dira. Hala ere, aldagai horiei dagokionez, gorabehera asko izan dira bi hamarkadotan. Euria egin “beharko” zukeen hilabeteetan prezipitazio gutxi metatu da batzuetan, hala nola 2008an, 2011n, 2013an, 2018an eta 2023an, eta prezipitazio gutxi izatera ohituta gauden hilabeteetan asko pilatu da beste hainbatetan, besteak beste, 2007an, 2008an, 2010ean eta 2021ean.

Euri-egunei dagokienez, bereziki lehorrak izan ziren 2001a –maiatzean ez zen prezipitaziorik egon–, 2011a eta 2022a; azken horretan, uztaila-urria artean oso prezipitazio-egun gutxi egon ziren.

Aldagai horiek, baina, ez dute zertan bat etorri urtean metatutako prezipitazio kopuruagaz. Izan ere, 2008an hilabete batzuk ohi baino “sikuagoak” izan arren, urtean, orokorrean, 1.202,6 l/m2 metatu ziren, 20 urteotako kopururik handiena. Kontrako aldean, 2012a eta 2022a izan dira XXI. mende honetako urterik lehorrenak, hurrenez hurren. Batez bestekoaren erdia baino zertxobait gehiago pilatu zen urte horietan gurean: 577,3 eta 584,7 litro ur metro koadroko, hurrenez hurren.

Gure inguruan ohikoa da, edo izan da orain gutxira arte, hainbat egun lotzea euritan, zirimiria, lanbroa edo euri-zirina nagusi izanda. Halakoak bereziki bizi izan ditugu 2002an, 2008an eta 2018an, ohi baino 10-15 euri-egun gehiago pilatuta. Berbarako, azken horretan, martxoan, 25 egunez egon zen euritan, hilabete horretan pilatzen den batez bestekoaren pareko euria metatuz: 86,8 l/m2.

Hala ere, azken hilabeteotan edota urteotan egun batean edota denbora laburrean euri-erauntsiak edo zaparrada handiak bizitzea fenomeno berria dela iruditu zaio askori, baina halakoak izan ditugu urterik urtera, eta joera gorabeheratsua da. Egunik euritsuenak 2008an izan genituen, maiatza-ekainean bereziki prezipitazio-jasak oso handiak izan baitziren –57,4 eta 76,2 l/m2, hurrenez hurren–. Are, hilabete haietan uholdeak egon ziren eskualdean, besteak beste, Gobela ibaiak gainezka egin zuenean; egoera hori errepikatu da hainbatetan, hala nola 2010ean, ekainean egun bakarrean 116,1 l/m2 pilatuta, eta 2011ko azaroan, 106,4 l/m2 ur metatuta.

Urteotan guztiotan, behin baino gehiagotan egin du gainezka Gobela ibaiak hainbat puntutan.

2022ko urte idorretik berreskuratzen

Esan bezala, 2022a XXI. mendeko bigarren urterik lehorrena izan da Uribe Kostan, 2012aren atzetik. Izan ere, iaz, ohi baino prezipitazio gutxiago egin zuen ia hilabete guztietan, martxoan, apirilean eta ekainean izan ezik. Hala ere, aurten, 2023 honetan, daborduko iazko markak gainditu ditugu, eta urriaren akaburako iazko urte osoan pilatutako euri-ur gehiago metatu da gurean, gutxinaka-gutxinaka batez besteko kopuruetara bueltatuta; urtarril, abuztu eta urri bereziki euritsuak izan ditugu. Hala ere, urteko emaitza ikusteko, azaroko eta abenduko bilakaerara itxaron beharko dugu, momentuz, azaroa ohi baino idorragoa izaten ari baita.

Klima “mediterraneizatzen” ari da gurean

Gorabehera horiek guztiak ikusita, BC3 zentroko ikerlariak ondorioztatzen du klima-aldagaietan izandako aldaketa esanguratsu horiek gure klima epela edo atlantikoa “mediterraneizatzera” eramaten ari direla. Are, azaldu duenez, “klima-proiekzioaren arabera, 2071-2100 aldirako, klima mediterraneoa EAEko lurraldearen % 79an nagusituko da, eta eragin drastikoa izango du ekosistema enblematikoetan, hala nola gure pagadi eta hondartzetan”.

Baina, zer esan gura du horrek? Bada, tenperatura minimoek, gutxika, gora egingo dutela eta, maximoek ere, zenbateko altuagoak hartuko dituztela eta udako hilabete bitan aldi lehor bat egongo dela, "non ebapotranspirazioa prezipitazioa baino handiagoa den". Adituak dioenez, klima mediterraneo tipikoan, urteko batez besteko tenperatura 20 ºC-koa da, eta urteko oszilazio termikoa 4 ºC-koa, "hilero kontuan hartuta". Klima atlantikoan, aldiz, oszilazio termikoa 8ºC-koa da, eta urteko tenperaturaren batez bestekoa 7ºC eta 14ºC artekoa. "Mediterraneizazioa prozesu luzea da, eta baliteke orain hain aldaketa bortitzak ez ikustea, baina dagoeneko joerak nabaritzen hasi dira".

Erlazionatuak

Klima aldaketa ate joka

Nerea Bilbao Barrenetxea 2023 aza 17 Getxo

Aldaketarik nabaritu al duzu eguraldian azken urteotan?

Aroa Sotelo Velasco · Nahia Martinez Gondra 2023 aza 17 Erandio

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun