Azkorriko biribilgunea legez kanpokoa dela berretsi du EAEko Auzitegi Gorenak

Iker Rincon Moreno 2023ko mai. 26a, 11:27
Azkorriko Zientoetxe errepidean dagoen biribilgunea. © AZKORRI BIZIRIK

Getxoko Udalak 2020an Goienetxe estrata eta Zientoetxe errepideen artean eraikitako biribilgunea legez kanpokoa dela berretsi du EAEko Auzitegi Gorenak, 2021ean Bizkaiko Epaitegiak esandakoari arrazoia eman diote azken epaileek, baita Azkorri Bizirik elkartekoek jarritako salaketari ere. Ondorioz, azpiegiturak kaltetutako lurrak jatorrizko egoerara itzul ditzan eskatu diete epaitegiek Getxoko Udalari. Udala epai horren erantzun juridikoa baloratzen ari dela jakinarazi dute udal-iturriek.

Azkorri Bizirik elkarteko kideek bariku honetan jakinarazi dutenez, EAEko Auzitegi Gorenak 2021ean Bizkaiko Epaitegiak egindako ebazpena berretsi du, Getxoko Udalak jarritako helegitearen kontra eginez. Hala, ebazpenak ondorioztatu du hiri-antolamenduko planean berdegunerako erabilera duen lursaila hartzen duela biribilguneak eta, ondorioz, kaltetutako lurrak jatorrizko egoerara itzuli beharra daudela.

Auzokide-elkarteak deitoratu du "Udalaren utzikeriaren eta autoritarismoarena" dela honen ondorioa. Azaldu duenez, 2017an, Udaleko Ingurumen Sailak Azkorri inguruan ostalaritza-gune bat zabaltzearen kontrako txostena egin zuen, "masifikazioak Azkorriko inguruneari kalte eragingo ziolakoan". Hala ere, gunea eraiki eta zabaldu zen, eta "denborak arrazoi eman dio txosten horri". Azkorri Bizirikekoek diotenez, 2018tik, inguru horretara joan-etorriak egiten dituen 3411 autobusak arazoak zituen Zientoetxe errepidean bira emateko, bertan sortutako auto-pilaketen ondorioz.

2018 eta 2019 urteetan, Bizkaiko Foru Aldundiak konponbide bat eskatu ei zion Getxoko Udalari, "baina ez zuen erantzunik jaso", Azkorri Bizirikeko kideen arabera. Hala ere, hurrengo urtean, 2020an, "autobus hori kentzeko ultimatumaren mehatxua jaso ostean", epaitegiek legez kanpokotzat jo duten biribilgunea eraikitzea erabaki zuen Udalak, "herritarrei ezer jakinarazi eta galdetu gabe".

Azpiegitura horren aurrean, Azkorri Bizirikeko ekintzaileek gogoratu dute hainbat irtenbide proposatu zizkiola Udalari, baina ez zutela "inolako" erantzunik jaso agintarien partetik eta horregatik jo zutela auzitegietara. 2021ean, Bizkaiko Epaitegiak arrazoia eman zion elkarteari, baina Udalak auzia errekurritu zuen, baina EAEko Auzitegi Gorenak biribilgunea legez kanpokoa dela berretsi du.

Horren aurrean, salaketa jarri zuten auzokideek auziaren bidetik jarrai ez dezatela eskatu diote udal-gobernuari (EAJ eta PSE-EE), "eta behingoz legea onartu eta ebazpena lehenbailehen bete dezatela, hots, biribilgunea kendu eta ingurunea zegoen bezalaxe utzi". Era berean, orduko egitasmoa sinatu zuen Janire Ocio zinegotziari ardura har dezala eskatu diote, baita gobernu-talde osoari ere.

Azkenik, Azkorri Bizirik elkarteko kideek ohar bidez dei egin diote Udalari elkarrizketen eta akordioen bideari hel diezaion. "Eskua luzatzen diogu elkarren artean Azkorri naturgunea eta nekazalgunea babesteko, Azkorriko auzotarren eta getxoztar guztion bizi-kalitatea hobetzeko, Getxok duen arnasgunea babestu eta gure ondorengoei ondare eder hau hobeto uzteko".

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun