Bizkaiko Auzitegiak sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio Getxoko komisariako ziegetan atxilotutako emakume bati zaplaztekoa eta bi ukabilkada eman zizkion ertzainari. Emakumeari, bestalde, agintaritzako agenteei desobeditzeagatik ere zigorra ezarri dio, kasu honetan, hiru hilabeteko isuna, sei euro eguneko.
Espetxe-zigorraz gain, Bizkaiko Auzitegiko Lehen Sekzioak agentearen kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarri dio poliziari kondenak irauten duen bitartean, eta hiru hilabeteko isuna, eguneko 10 eurokoa (900 eurotik gora, guztira). Era berean, Auzitegiak erabaki du ertzain horrek 12.400 euroko kalte-ordaina eman behar diola emakumeari, eragindako kalte moralagatik eta gertakarien aurretik zuen "klinika psikiatrikoa" larriagotzeagatik.
Epaia azaroaren 27a da, baina atzo, ostegunean, jakinarazi zitzaien bi aldeei.
Epai judizialean frogatutzat jo eta akusatuen artean bi salaketa jarri zituzten gertakariak 2018ko maiatzaren 26an izan ziren. Orduan, hainbat ertzain mozkortuta zegoen gizon bat identifikatzen ari ziren Getxoko supermerkatu baten kanpoaldean, oinezkoei traba egiteagatik, eta une horretan topo egin zuen emakumeak poliziekin.
Horrek ertzainen jokabidea aurpegiratu zien, eta frogatutako gertakarietan jasotzen denez, atxilotu egin zuten agintaritzari jarkitzea eta desobeditzea egotzita, eta Getxoko ertzain-etxera eraman zuten.
Behin ziegetan, emakumeak bere jabetzako diru-zorro bat berreskuratu gura izan zuen, eta agente bati kentzen saiatu, baina ez zuen lortu. Une horretan, auzipetutako ertzainak besotik heldu eta "gehiegikeriaz eta inolako beharrik gabe" zaplazteko "gogor" bat eman zion. Epaiak dioenez, emakumeak "aurpegian eta lepoan urradurak egin zizkion" ertzainari, eta, beste agente bat bien artean jartzen zen bitartean, akusatuak "bi ukabilkada gogor" eman zizkion berriro aurpegian emakumeari.
Auzitegiak bere epaian aitortu duenez, kasu honetan garrantzi handia izan dute epaitu beharreko egitateak gertatu ziren bi agertokietako bideo-grabazioek: supermerkatuaren kanpoaldea eta ziegen barrualdea. Hala, emakumearen jardunari dagokionez, auzitegiak ebatzi du frogatutako egitateak desobedientzia larriko delitu bat direla; izan ere, agenteek adierazi dioten arren zorroa protokoloz beraiek zaindu behar dutela, birritan saiatu zen polizia bati kentzen, "beraz, etengabe mespretxatu zuen legezko agindua ematen zioten bi agenteek erabilitako aginte-printzipioa".
Halaber, ebazpenak uste du emakumeak agenteari eragindako lesioak "bidezko defentsaren" barruan daudela, eta, ondorioz, absolbitu egin du salaketan inplikatutako ertzainak leporatzen zion lesio-delitu arinetik.