Fiskaltzak 18 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du emakumearentzako, autoritateari aurre egiteagatik, baita 6.000 euroko kalte-ordaina ere, lesio-delitu arinagatik. Eusko Jaurlaritzak, berriz, bost urte eta hiru hilabeteko zigorra eskatu du, “agintaritzaren aurkako atentatua eta erresistentzia” egotzita. Kasu horretan, eskaera malgutu du, hasieran zazpi urteko kartzela-zigorra eskatzen baitzuen.
Epaiketa urriaren 4an egitekoa zen, baina, defentsak egindako protestaren ondoren, epaileak hilabete bukaerara arte atzeratzea erabaki zuen. Silviaren abokatuak eskatu zuen prozeduran Istanbulgo Protokoloari lotutako peritu-txostenak sartzea. Protokolo hori tortura, zigor eta tratamendu krudel, anker edo iraingarriei buruzko ikerketa eta dokumentazio eraginkorraren nazioarteko eskuliburua da eta, horrela, Silvia artatu zuten psikiatra, psikologo eta mediku bati deklarazioa hartzeko eskatu zuen. Instrukzio judizialean, eskaera hori atzera bota zuten, lesioei buruzko frogak aurkeztea soilik baimenduta, eta ez tratu iraingarria; hala ere, azkenean, Istanbulgo Protokoloa froga bezala onartu zuen auzitegiak.
Eten horretan, epaileek froga hori osatu dute hiru medikuk egindako txosten bategaz; horretan, emakumeak ertzain-etxean "tratu iraingarria eta zitala" pairatu zuela adierazten zuen. Martitzeneko saioan, Silviak berak deklaratu zuen, baita gertakariagaz lotura duen ertzainak ere, besteak beste.
Ildo horretan, defentsak aurkeztutako bideo batean “argi” ikus daiteke ertzainek emakumeari eraso egin ziotela. Epaiketa epaia emaitearen zain gelditu da.