Diotenez, ezagutzak gora egin du, «haurrak euskarazko hezkuntza-ereduetan inskribatzeagatik eta euskaltegien lanari esker batez ere», baina erabilerak erritmo berean gora egin ez duela deitoratzen dute: "Kaleak ditugu irabazteko oraindik, eta hori ez da erronka txikia".
Bizarra Lepoan elkartea langile bik –Barcena eta Astorki– eta 250 bazkidek osatzen dute. Hala ere, urtean 30 pertsona baino gehiago kontratatzen dituzte antolatzen dituzten proiektuen eta saioen dinamizaziorako. Izan ere, besteak beste, Bapiruke euskal aisialdirako proiektuaz arduratzen dira, baita Gehitu Kirola eta Kultura egitasmoak bideratu ere, tokiko elkarteakaz euskara gehiago erabiltzeko urratsak emateko. Horrez gainera, bertako ondarea ezagutarazteko toponimia ibilbideak egiten dituzte, Euskaraldia antolatzen dute, eta Haurren Aurrean Helduok Heldu egitasmoa koordinatu eta beste hainbat ikastaro, hitzaldi eta tailer prestatzen dituzte ere. "Orokorrean, jendearen jarrera oso positiboa da egitasmo horiekiko, baina, batzuetan, parte-hartzea zabalagoa izatea gustatuko litzaiguke". Hala ere, diotenez, dituzten baliabideakaz ez zaie erraza egiten lan hori bideratzea, "eta proiektu berrien bila etengabe ari garen arren, askotan ez dugu baliabiderik behar horiei erantzuteko".
"Getxo euskaldunago bat egiteko zereginean, 2000tik Egizu elkartea dute bidelagun, eta elkarlan hori «oso aktiboa eta emankorra» dela diote Bizarra Lepoaneko kideek"
1995etik, euskalgintzak babesa irabazi du, baina oraindino asko dagoela egiteko uste dute elkarteko kideek. "Euskara babestetik, euskararen aldeko plan integral bat jorratzera salto egitea falta delakoaren sentsazioa dugu". Uste dute euskara bizitzaren alor guztietara heldu behar dela, "eta horretarako, administrazioak dituen sail guztietan kontuan hartu beharko litzateke".