IgeriBizik 2.500 euro lortu ditu Euskarabentura Elkartearentzako

Iker Rincon Moreno 2023ko abe. 6a, 09:41

Fadurako igerilekua 24 orduz euskaltzalez bete zuten. © IGERIBIZI

Zapatu-domekan, Algortako Fadurako igerilekuan, IgeriBizi egitasmoak antolatutako "24 orduz igerian, euskararen alde" ekitaldiak "erabateko arrakasta" izan du, antolatzaileen berbetan. Denera, 500 lagun eta 27 elkartek parte hartu zuten eta, horri esker, 2.500 euro bildu zituzten EuskarAbentura Elkarteari donazioan emateko. Aurtengo edizioaren emaitza ikusita, antolatzaileek baieztatu dute IgeriBizi egitasmoak beste edizio bat izango duela hurrengo urtean, "Getxo inguruko beste elkarte baten alde".

"Aurreikuspen baikorrenak baino askoz arrakastatsuagoa izan zen", adierazi dute antolatzaileek, "herriko elkarte eta pertsonen arteko lotura indartsu eta osasuntsuak egitasmoarekin jarraitzeko indarra ematen digu", gaineratu dute. Izan ere, jakinarazi dutenez, 500 lagunek eta 27 elkartek bete zuten Fadurako 25 metroko igerilekua, 24 orduz bertako urak euskaltzalez beteta bermatzeko.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Getxotik heldutakoak izan ziren parte-hartzaile gehienak, "inguruko herri eta hirietatik ailegatutakoak ere bai izan ziren". Elkarteei dagokienez, askotarikoek egin zuten bat egitasmoagaz, hala nola HIRUKA, Bizarra Lepoan, Punta Galea, Haszten, Bizkerre, Ur Irekiak Galea, Getxoko Herri Kirol Taldea, Itxas Argia, BHI Mungia, CD Bilbao, Alpha, Getxo Igeriketa, Cima, Arraultzaldeon, Orcamari, Kantxa Kirol Moda, Baserri Taberna, Getxo Gaso, Kynay, Etorki Mendi Trail, Eman Garrote, Getxo Erritmika, San Nikolas Ikastola, ALBE, Getxo Rugby, Teleco eta Kimet Sport.

Uretara jauzi egin zutenakaz batera, igerilekura sartu gabe ekitaldiari babesa eman zioten euskaltzale asko ere izan ziren aste-akabuan, bai harmailetatik eta bai oholtzatik ere. Hala, besteak beste, ALBEren izenean hiruna bertso kantatu zituzten Galder Bilbao Txapi eta June Diaz bertsolariek, eta Ainhoa eta Jon Ander Aranburu musikariek kantez alaitu zuten ingurua; azkenik, Tor Magoak, ohiko magia saioa egin ordez, haur eta gurasoek batera gozatzeko moduko magia tailerra zuzendu zuen.

Getxoko Udalbatzako zenbait ordezkari ere hurbildu ziren ekitaldira, tartean Amaia Agirre alkatea eta EH Bilduko Olaia Bilbao eta Oihane Zelaia, eta PSE-EEko Juanma Mosquera eta Mihaela Jilavu zinegotziak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun