Hasiera batean, enpresa-eraikitzaileek 369 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zuten arren, 2006an lurzoruaren legerian izandako aldaketak nabarmen handitu zuen sestra gainean baimendutako gutxieneko eraikigarritasuna, 0,15 metro koadrotik 0,4ra pasatuz, hau da, hasieran aurreikusitakoaren bikoitza baino gehiago.
Ondorioz, proiektuaren sustatzaileek euren planak errotik aldatu gura izan zituzten, hasierako 369 etxebizitza familiabakarren ordez 896 etxebizitza eraikitzea proposatuz. Horietatik, 812 kolektiboak izango ziren, eta 495 bost altuerainoko eraikinetan kokatuta. Auzitegiak, baina, zalantzan jarri du proposamen hori, eta ondorioztatu du aurreikusitako eredu urbanizatzailea funtsean aldatzen duela, eta udal-plangintzari eragiten diola.
Ildo horretan, tokiko administrazioak atzera bota zuen proiektua, besteak beste, egungo hiri-sareagaz konexiorik ez zegoelako. "Ez da egin udalerria sektorera hurbilduko duen jarduketarik, eta, beraz, erabat deskonektatutako eremua izaten jarraitzen du, eta horrek eragotzi egiten du plan partzialaren onarpen hipotetiko bat garatu ahal izatea, herritarren bizitzako oinarrizko zerbitzuen lotura bermatuz", defendatzen du Udalak auto judizialean.
Udalak “positibotzat” jo du epaia, eta uste du demandatzaileek ez dutela Auzitegi Gorenera joko: “Gorenera jotzeko epea gainditu da, baina oraindik ez zaigu epaiaren irmotasuna heldu, eta ez dugu uste aurkeztu badute ere errekurtsoaren tramitazioa onartzeko aukera dutenik”, azpimarratu du Udalak.
Ildo horretan, azaldu dute enpresak askotan saiatu direla plan partzialak aurkezten, “baina arrazoiren batengatik edo besteagatik ez dira onartu. Hiriak modu ordenatuan eta jarraituan hazi behar du. Lege berriak ez du uzten norberak nahi duen lekuan eraikitzen. Ezinezkoa da eraikitzea Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berri bat iraunkortasun-irizpideetan onartzen ez den bitartean. Biztanleriaren eskaerei irtenbidea emateaz ari gara, baina arrazoizko eraikuntza-dentsitatearekin”, adierazi dute udal-iturriek.
Azkorri, eraikitzeko eremu oraindino?
Ebazpenaren berri izan ostean, Adi HAPO Plataformak azpimarratu du Udala ez dela “espekulazioaren aurrean Azkorri babesten ari”. Izan ere, gogoratu du Getxoko Udalak berak aurreikusten zuela “ehunka txalet” eraikitzea inguru horretan, baina 2006ko auzokideen mobilizazioen presioari eta HAPOaren gainetik dauden LPP eta LAG legeak aldatu izanaren ondorioz, Udalak baimena ukatu behar izan ziela enpresa horiei inguru horretan eraikitzeko.
Era berean, auzokide-plataformak gogoratu du Udala HAPO berria zehazten ari dela egun, eta horretan 4.601 etxebizitza eraikitzea aurreikusten duela, “horietatik hiru laurden egun hirigune ez diren lurraldeetan, Andra Mari eta Azkorri barne”.
Horren aurrean, herritarrei mobilizatzeko deia egin dute auzokideek, “2006an frogatu zen bezala, zentzugabekeria hau geldiarazteko tresna antolakuntza herritarra baita”.
Auzitegiaren erabakia ospatu du Getxoko Udalak, eta nabarmendu du udalerriak modu "ordenatu eta iraunkorrean" hazi behar duela, eta legedi berriak ez duela aukerarik ematen bereizi gabe eraikitzeko. Ildo horretan, Hiri Antolamenduko Plan Orokor berri bat onartzearen garrantzia azpimarratu du, "iraunkortasun-irizpideak aintzat hartuko dituena eta arrazoizko eraikuntza-dentsitatea duen biztanleriaren beharrei erantzungo diena". Testuinguru horretan, adierazi du txaletak daborduko "ez direla bideragarriak egungo hiri-plangintzan".