Ez da zure lehen finala izango, ezta inondik ere, hala ere, urduri zaude?
Egia esan nahiko lasai nago, nahiz eta nahigabe ere tentsio puntu hori beti dagoen gorputzean eta buruan, finala hor dagoela pentsatze hutsak sortzen dizulako horrelako urduritasun puntu bat. Hala ere, orokorrean, nahiko gorputzaldi lasaiarekin bizi izan ditut azken txapelketak eta oraingoan ere nahiko lasai nago.
Txapela eramateko nahia ere hor izango duzu, ez?
Gogoa aurrekoetan ere eduki izan dut, denoi gustatuko litzaiguke irabaztea, errekonozimendua, poza eta ondo ibili zarenaren seinalea delako. Aldi berean, esperientzia ere badaukadanez, ez irabazteak ez nau gehiegi kezkatzen, nik saio on bat egin eta nire buruarekin gustura geratzeko moduko finala egin nahi dut, gero suertatu daiteke ez irabaztea, azkenean, dena ez baitago gure esku. Galtzeak ez lidake beste munduko buruko minik emango, pozik bizi naiz irabazi gabe ere, eta aurrerantzean ere horrela izatea espero dut.
Aipatzekoa da lehendabiziko finala izango dela gizonak baino emakume gehiago egongo direla oholtza gainean, nola baloratzen duzu hori?
Bai, aurtengo finalean uste dut lehenengo aldiz emakumeak gizonak baino gehiago izango garela. Final parekideak egon dira aurreko Bizkaiko Bertsolari Txapelketetan, baina emakumeak gehiengoa garen lehen finala izango da. Egia da orain gertatu dela, baina urte batzuk lehenago ere gertatu zitekeen, aurreko txapelketetako finalerdietan ere aukerak zituzten emakumeak zeudelako. Aitzitik, aurten aukera gutxien zegoen urtea izan da, finalerdietan inoiz baino emakume gutxien egon garela esango nukeelako, bakarrik zazpi egon gara eta horietatik bost heldu gara finalera. Alde batetik hori poztekoa da, baina, bestetik, deigarria da aukera gutxien zegoen momentuan gertatu dela.
Iraultza bat ematen ari dela uste duzu?
Bai, gauzak aldatzen ari direnaren seinalea da; poliki gertatu da, polikiegi beharbada, baina nik uste dut horrelako gauzetara ere ohituko garela. Adibidez, aurtengo Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolaritza Txapelketako finalean zortzi bertsolariak emakumeak izan dira. Egia da eskolarteko txapelketetan emakumeen kopurua beti handiagoa izan ohi zela lehen ere, baina mailan gora egin ahala badirudi emakume kopurua jaitsi egiten zela. Ez dakit norberak edo gizarteak jarritako mugak ote diren, adinarekin beste gauza batzuetara zentratzeagatik, beldurrengatik… Arrazoi asko izango dira, eta ez dut uste bertsogintzan bakarrik gertatzen denik, baizik eta gizartean ere adinean aurrera joan ahala, eskaletan gora egin ahala, botere postuetan edo profil akademikoetan ere gertatzen den gauza da, beraz, hori iraultzen joatea beti dator ondo.
Aurrez aurre aski ezagunak diren bertsolariak izango dituzu, lehia gogorra izango dela uste duzu?
Bai, egia da eskarmentua daukagun bertsolari dezente egongo garela. Finalean egongo den aurpegi berri bakarra Aissa Intxausti izango dela esango nuke, Oihana Bartra lehenago ere sartu baitzen finalean eta askotan egon da borroka horretan. Aurrekotik berriak zetozenak Gorka Pagonabarraga eta Aitor Etxebarriazarraga izango dira, baina gainontzekook badaramatzagu final eta txapelketa batzuk. Hala ere, egia da beti dela erosoagoa ezaguna duzun jendearekin kantatzea. Azpimarratuko nuke ere apurka belaunaldi aldaketa bat ematen ari dela, azkenean Arkaitz Estiballes, Fredi Paia, Iratxe Ibarra eta horien belaunalditik Onintza Enbeita bakarrik geratzen baita aurtengo txapelketan, beraz, errelebo hori apurka-apurka ematen ari da, eta orain gauden aurpegiak ezagunak garen arren, duela hiru urteko finaleko argazkia hartuko bagenu aldaketa asko egon direla ikusi daiteke.
Oholtzan izango diren bertsolarietako baten bat bereziki indartsu datorrela ikusi duzu?
Esango nuke denok gaudela txapela lortzeko gogo askorekin eta lortutako puntuazioek ere hori erakusten dutela. Horrelakoetan kantatuta gaudenon artean esango nuke Nerea Ibarzabal dela pisu gehien izango duena, bera delako txapelduna eta Euskal Herriko Txapelketa Nagusian ere bera nabarmendu delako gehien Bizkaitarron artean. Horrez gain, esango nuke Onintza Enbeita, Xabat Galletebeitia eta hirurok esperientzia gehien daukagunon artean gaudela, horrek ez du esan nahi sorpresarik ezin daitekeenik egon, baina uste dut jendearentzat laukote hori izango garela oilar borroka horretarako faboritoak, baina ikusi beharko dugu egunean zer gertatzen den.
Txapelketa antolatzen duen Bizkaiko Bertsozale Elkarteak 40 urte ere betetzen ditu aurten. Zure ustez nolako garrantzia izan du elkarteak Bizkaiko bertsolaritzaren bilakaeran?
Uste dut urteurrenak beti direla egiten den lana azpimarratzeko aitzakia aproposa; batez ere, orain arte atzera begira egindakoari erreparatzeko momentu ona da, baina baita orain bertan egiten ari den lana azpimarratzekoa ere. Esango nuke orokorrean bertsozale elkarteek, bai Euskal Herrikoak baita probintzietakoek ere, lan handia egiten dutela bertsogintza sustatzeko, eskolak saretzeko eta beste abar luze bat. Bizkaikoak sekulako lana egin du azken 40 urteotan bertsogintza saretzen, eskola arautuko ikasleen artean bertsolaritza ezagutzera ematen eta guretzako txapelketak antolatzen izugarrizko lana egiten dute. Nik uste dut lan horri guztiari ikusgarritasuna emateko momentua ona dela eta txapela jarriko duena Begoña Iturriza ere bertsozale elkartearen sorreran egondako emakumea izatea ere oso pozgarria dela.
Esango zenuke Bizkaiko bertsolaritzak gainontzeko lurraldekoekiko bereizgarritasunik duela?
Zorionez bertsogintzari eta mailari dagokionez gero eta parekoagoak izatera ari gara jotzen. Garai batean, Gipuzkoako txapelketa Euskal Herrikoaren parekoa zela esan zitekeen, eta beste lurraldeetakoek ez zuten hainbeste pisurik, baina nik esango nuke parekatzera jotzen ari garela apurka-apurka. Horren eraginez, adibidez, Nafarroak indar handia hartu du eta Iparraldekoa ere badoa apurka-apurka gero eta parte hartze eta maila handiagoa izaten, baita Arabakoa ere. Beraz, esango nuke hori berri ona dela. Ez dakit zeren seinale izango ote den, baina niretzat behintzat pozgarria da denek edukitzea garrantzia eta maila antzekoa. Gero, bertsokerari dagokionez, ez nintzateke ausartuko esaten, uste dut gehiago dela bertsolariz bertsolari aldatzen den gauza, ez nuke esango lurraldearen arabera aldatzen denik, finaletarako sailkatzen garen bertsolarien arabera ematen zaie bereizgarritasuna, hain zuzen.