Bilbo Arenan giroa bero egon zen atzo 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean. 4.400 bertsozaletik gora batu ziren bertan, zortzi bertsolarien lanari adi. Horiek hainbat ariketa egin zituzten eta, lehenengo atala amaitu zenean, Jone Uriak eta Nerea Ibarzabalek zituzten puntu gehien; hala, haiek kantatu zuten buruz-burukoan. Azkenean, Ibarzabal gailendu zitzaion getxoztarrari, eta horrek jantzi zuen txapela Begoña Iturriza Zabalaren eskutik.
Horrela geratu zen sailkapena.
Nerea Ibarzabal | 1036,50 |
Jone Uria | 1029,50 |
Xabat Galletebeitia | 616,50 |
Gorka Pagonabarraga | 609 |
Onintza Enbeita | 607 |
Oihana Bartra | 606,50 |
Aitor Etxebarriazarraga | 556,50 |
Aissa Intxausti | 550 |
Gai-emaile beharretan Zihara Enbeita Gardoki eta Beñat Vidal Gurrutxaga ibili ziren. Epaileak, ostera, hurrengoak izan ziren: Ainhoa Arregi Elosua, Ander Arrien Aspiazu, Ander Txakartegi Basterretxea, Joseba Santxo Uriarte, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu eta Miriam Juaristi Urizar. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea Olarreaga aritu zen.