Etxebizitza eskuratzearen gaineko kezka adierazi dute alderdi guztiek. Proposamena egin duen EH Bilduk hauxe nabarmendu du: “900 etxebizitza huts ditugu Getxon eta ez dugu uste Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak etxebizitzaren arazoa konponduko duenik, udal-gobernuak esan bezala. Hala izango balitz ere, HAPOak urteak behar izango ditu planteatutakoa egi bihurtzeko”. Bestalde, gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) gogorarazi du Etxebizitza Plana onetsiko dela: “Jakin badakigu zaila dela etxebizitza eskuratzea, bereziki gazteentzat; hortaz, HAPOan aurreikusi da babes publikoko 2.300 etxebizitza eta 800 etxebizitza tasatu eskaintzea”. EH-Bilduk PPren eta EAJren kritikak jaso ditu; haien ustez mota horretako proposamenak egiten dituelako eta, ondoren, etxebizitzari buruzko legeak babesten dituelako, "horien ondorioak kontuan izan barik”.
Itsasadarraren azpiko tunela
Itsasadarraren azpiko tunela ere hizpide izan da eztabaidan, hori ere EH Bilduren mozio baten harira, zeinaren bidez Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu baitio proiektua gelditzeko. EAJk mozioa ezetsi du; halaber, PP eta PSE-EE abstenitu egin dira eta Elkarrekin Podemosek aldeko botoa eman du.
EH Bildu, PP eta Elkarrekin Podemosen ustetan, ezkerraldea eta eskuinaldea lotzeko tunel horrek izugarri kaltetuko du ingurumena, trafikoaren mugikortasuna areagotuko du –Aldundiaren txostenak ere hala iragarri du–, eta, "argi eta garbi", kaltegarria izango da getxoztarrentzat eta obra egingo den guneko hezkuntza-komunitatearentzat.
Bere aldetik, EAJk erantzun du testuinguruan jarri behar dela proiektua eta lurralde-mugikortasun zabalagoa barne hartzen duen ikuspegitik heldu behar zaiola, proiektuaren helburua baita Uribe Kosta eta Bizkaia osoa mesedetzea. “Foru Aldundia aurreratu da eta konponbidea eman nahi dio etorkizuneko egoerari, aurreikusitakoaren arabera 2019-2048 aldian % 33 igoko baita Bizkaiko mugikortasuna. Garraio-azpiegituran horrelako hobekuntzak egotea oso onuragarria izan daiteke airearen kalitatea hobetzeko eta klima-aldaketa arintzeko; izan ere, distantziak murriztuko dira eta denbora nahiz erregaia aurreztuko dira”. Horrez gain, adierazi du Getxo eta Leioako ikastetxeek zein inguruko jabeen erkidegoek aurkeztutako alegazioen % 75 azken proiektuari osorik edo zati batean gehitu zaizkiola.