Itsasadarraren azpiko tunela geldiarazteko mozioa aurkeztuko du EH Bilduk Getxoko osoko bilkuran, aste honetan bertan proiektuaren ingurumen-txostena ezagutu ondoren. Bizkaiko Foru Aldundiaren dokumentu horrek jasotzen duenez, azpiegitura horrek ibilgailu pribatuen trafikoa % 33 handitzea eragin lezake 2048rako, ibilgailu pribatua erabiltzea lehenesten du larrialdi klimatikoari aurre egiteko estrategiaren kontra, Artatzako parkearen zati handi bat suntsituko luke (3,5 hektarea) eta inguruko bizilagunei kalte ugari eragingo lizkieke, hala nola zarata nabarmen areagotzea, oinezkoentzako loturak desagertzea, espaloietan 3 metrotik gorako pantailak ezartzea, bost urtez luza daitezkeen obrak eta Artaza-Romo BHI institutuko patioaren zati bat suntsitzea.
Koalizio abertzaleak jakinarazi duenez, proiektuak ezinegona eta kezka sortu du Artatzako biribilgunearen inguruan eta Artaza-Romo BHI institutuan. Azpiegitura egiteko lanen kontrako alegazioak aurkeztu dituzte, egitasmoak inguru horretan sor ditzakeen arazoengatik: oinezkoentzako loturak nolakoak izango diren, obrek nola eragingo duten, Artatzako parkea zein egoeratan geratuko den eta etxebizitzen inguruko horma eta pantailen inpaktua, besteak beste, EH Bilduk jakitera eman duenez. Ildo horretan, koalizioak deitoratu du proiektua herritarren "inolako" parte hartzerik gabe gauzatu dela eta, ondorioz, inguruan bizi diren bizilagunek ez dakitela nola geratuko den euren etxebizitzen ingurua, ezta tunelak eta aurretiko obrek nolako eragina izango duten ere.
EH Bilduk bat egin du kezka horregaz, uste dutelako "beste lehentasun batzuk" izan beharko liratekeela mugikortasunean, "are gehiago kostua (edo xahutzea) 400 milioi euro baino gehiagokoa izanik, gainkostuak gehitu gabe". Taldeak dioenez, aurrekontu horregaz, "garraio publikoaren zerbitzua hobetu liteke, metroaren maiztasuna handitu Uribe Kostan, aireporturako edo Zamudioko parke teknologikorako lotura berriak, metroaren ibilbidea lurperatu, bidegorrien sarea handitzen jarraitu...". Bizi dugun larrialdi klimatikoaren testuinguruan, salatu du "are zentzu gutxiago" duela azpiegitura hori eraikitzeak; "izan ere, ibilgailu pribatuaren erabilera lehenesten jarraitzen du, eta hori guztia teorian autoz 10 minutuko ibilbidea 'aurrezteko'. Europako hainbat hiritan emisio gutxiko eremuak definitzen eta ibilgailu pribatua erabiltzeko oztopoak jartzen ari diren bitartean... hemen Bizkaian alfonbra gorria jartzen ari zaio".
Ingurumen-txostena osorik irakurri dezakezu, hemen.