Inbertsio horien artean Udalaren eraldaketa digitalerako esleitu diren 3 milioi euro inguruak nabarmentzen dira (hainbat urtetan banatuta 2027ra arte); 5,5 milioi euro Mesedeetako kalean aparkaleku berria eraikitzeko (munta hau ere aipatu diren urte horietan banatuko dira); 2,2 milioi euro Etxebizitzarako; 40.000 euro Itzubaltzeta/Romon Haur Eskola berri bat egiteko proiektua idazteko; 800.000 euro Areetako Andres Isasi Musika Eskola entseguetarako eta herritarrek erabiltzeko eraberritzeko eta egokitzeko; 381.000 euro Algortako Ludoteka berri baterako; 600.000 euro Bidezabaleko arrapalak berritzeko; Bolueko belar artifizialeko zelaiak berritzeko zenbatekoa (zati bat 2023ko aurrekontuagaz eta beste bat 2024koagaz; 623.200 euro eskola publikoak mantentzeko, edo 863.000 euro Begoñako galeriak lehengoratzeko inbertsioak egiteko.
Udalaren eta erakunde autonomoen aurrekontua
Aurrekontua Udaleko arlo guztietan eta, era berean, horien erakunde autonomo guztietan, igo da.
- Udala …………………………………………..……96.025.706 euro ………..…....% 6,5
- Getxo Kirolak ………………………..…………..11.712.649 euro ……….……..+% 10,40
- Kultur Etxea …………………………..……….…10.227.958 euro …………….….+% 6,30
- Jesusen Bihotza Udal Egoitza ……………..…6.298.558 euro ……….……….+% 8,10
- Andres Isasi Musika Eskola …………………3.256.921 euro ………...…....+% 4,10
- Begoñako galeriak ………………….……..1.459.842 euro ………….……….. +% 146,60
- Kirol Portua ……………………………………….…..417.600 euro ……………...…… apur bat jaitsi da
Zuzenketak
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek osoko bi zuzenketa aurkeztu dituzte, baina EAJk, PSE-EEk eta PPk atzera bota dituzte. EH Bildu taldearen tramitera onartutako beste 37 zuzenketak atzera bota dira eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako 28 zuzenketetatik bat onartu da, hain zuzen ere Andra Mariko adinekoen Urte Alaiak elkarteari zuzendutako 12.000 euro sartzeko.
Zuzenketak aurreko astean bozkatu ziren bidezko Informazio Batzordean. PPk aurkeztutako 16etatik 5 onartu ziren (beste 11 zuzenketen kasuan kendu egin zituzten) eta Elkarrekin Podemos taldearen bat onartu zen "Lonjak Piztu" merkataritza-erabilerarako lokalak alokatzeko laguntzen programarako 20.000 euro jartzeko. Onartutako PPren 5 zuzenketa horietatik, 6 milioi eurotik gorako balio bateratuagaz, handiena (5.500.000 euro) Mesedeetako kalean aparkaleku berri bat eraikitzeari dagokio. Onartutako PP alderdiaren gainerako zuzenketak honako hauek egiteko dira: udan eta neguan txakurrentzako hondartzak jartzeko eta egokitzeko; San Nikolaseko aparkalekurako sarbideak hobetzea laster alokairuan ateratzeko; Foruak kaleko aparkalekua (udaletxearen atzealdea) handitzeko proiektua; eta udalerriko hiri-autobusaren proba pilotua egiteko.
Baztertutako EH Bilduren proposamenen artean honako hauek zeuden: hutsik dauden lonjak mobilizatzeko programa bat, zainketen behatoki publiko bat, rokodromoa Algortan, harmailak Bolueko futbol-zelaietan, frontoia Romo-Santa Ana inguruan, hiri-busaren estudio eta proiektu pilotu bat, Euskal Herria kalearen zati bat oinezkoentzat bihurtzea, Sarrikobaso kale osoa herritarrentzat berreskuratzea, liburutegi zentral berri bat Algortan, Kirol Portua bisitatzen duten gurutzaontziek ingurumenean eta ekonomian duten eraginari buruzko azterketa, ondarea babesteko tresna berriak, txakurrentzako parkea, etxebizitza hutsak mobilizatzeko plana alokairuan ateratzeko, energia berriztagarrien aldeko neurriak edo Mimenagako ibarra berreskuratzea.
Elkarrekin Podemosen proposamenak, besteak beste, honako hauek ziren: korporazioaren soldatak berrikustea, alokairuko etxebizitza publiko gehiago, ikastetxeetan inbertsio berriak egitea, emisio txikiko eremuetan parte hartzeko prozesuak, bidegorri gehiago, Azkorri babesteko plana edo umezainen udal zerbitzu bat familientzat.
Akordioari kritika
Hala EH Bilduk nola Elkarrekin Podemosek gobernu-taldeak eta PPk lortutako akordioa kritikatu dute. Koalizio abertzaleak negoziazio-prozesua kritikatu du, "zintzoa eta garbia egon ez" delakoan, "baizik eta negoziatzen ari ziren bi alderdiekiko, eta herritarrekiko, antzerkia eta errespeturik eza, ordurako PPrekin akordioa hitzartuta zegoenean"; eta bigarrenak adierazi du negoziazioak berehala hautsi zirela. Bi talde horientzat, onartutako aurrekontua "kontinuista da, anbizio gutxikoa, eta ez die Getxoko erronkei eta beharrei erantzuten; ez du etxebizitza plan bat edo etxebizitza hutsak mobilizatzeko plan bat; hezkuntza publikoa ahultzen du; ez du klima-aldaketa murrizteko ekintzarik planteatzen (emisio gutxiko eremuak, ibilgailuak hiriaren erdigunetik ateratzea...); eta garatzen duen kultur politika negargarria da", adierazi dute, besteak beste.
PPren ustez, “aurrekontu akordioa akordio garrantzitsua da herritarrentzat, Getxoko gehiengo zabala ordezkatzen duelako eta Getxoko beharrei erantzuten dielako, egin ditugun ekarpenei esker, Areetako (Mesedeetako kalean eraiki beharreko aparkaleku bategaz) eta Algortako (San Nikolaseko aparkalekua irekitzeagaz) aparkaleku faltari esker, Sarrikobasoko eraikinen arazoa konponduko dugu, udal autobus bat izango dugu, metroa lurperatzeko eskatuko dugu, etab”.
Bestalde, gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) nabarmendu du “ezberdinen artean sortzen den akordio da eta hitz egitea exijitu du adosteko. Eta herritarren eskaera nagusiei eta garapen iraunkorrerako inbertsio estrategikoei erantzuten die, hori guztia udalaren presio fiskala areagotu gabe. Foru Aldundiarekin itundutako zergen bilketa handitu egin da eta Getxori 60 milioi euro dagozkio Udalkutxa funtsetik. Kopuru hori 2023koa baino %7 handiagoa da, eta udal diru-sarrera guztien %46 da. Aurrekontu horrek finantzen egonkortasuna eta udal-eskumeneko zerbitzu guztien estaldura bermatzen ditu; getxotarren (haurrak, gazteak eta adinekoak) egunerokotasuna hobetzeko proiektuak biltzen ditu, eta oinarri oso sendoa eraikitzen du 2027an amaituko den Legegintzaldia 2023an baino nabarmen hobea den Getxorekin betetzeko. Aurrekontu horien helburua oraina hobetzea eta etorkizunean hobetzen jarraitzea da”.