Eunate Etxebarria, Jonathan Castroviejo, Irene Pera eta Bosco Vilallonga dira 2023ko Getxoko Kirolari Onenaren Saria jasotzeko hautagaiak

Erredakzioa 2024ko urt. 4a, 15:38

2022ko gala, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA

Getxo Judo Klubeko Eunate Etxebarria judoka, INEOS Grenadiers taldeko Jonathan Castroviejo txirrindularia, Getxo Igeriketa Klubeko Irene Pera igerilaria eta Real Club Jolaseta taldeko Bosco Vilallonga belar hockeyko jokalaria dira Getxoko 2023ko Kirolari Onenaren saria eskuratzeko hautagaiak, Getxo Sasoi Sasoian kirolaren galan. Oraingoa, XVII. edizioa izango da eta sariak datorren martitzenean, urtarrilaren 9an, banatuko dituzte Kirol Portuko itsas-bidaiarien terminalean.

Epaimahaiak saridunen zerrendaren berri eman du eta, hartara, banakako sari nagusietan Eunate Etxebarria aitortuko dute Espainiako Txapelketa Absolutuan, Espainiako Junior Superkopan eta Europako Junior Kopan lehen postua eskuratzeagatik eta Espainiako Junior Txapelketan bigarren sailkatzeagatik, beste titulu batzuen artean. Jonathan Castroviejo txirrindulariari dagokionez, aipatzekoa da bere seigarren garaipena Espainiako Erlojupeko Txapelketan. Promesa kategoriako kirolarientzako sariei dagokienez, bestalde, Irene Perak Espainiako Estatuko errekorra lortu zuen bere mailan, bizkarreko 50 metroko modalitatean, eta brontzezko domina Espainiako Junior Txapelketan; eta, horiei esker, Espainiako selekzioaren deia jaso du. Bere aldetik, Bosco Vilallonga hockey jokalariak, Jolaseta Klubagaz denboraldi ona egin ondoren, Espainiako 21 urtez azpikoen selekzioak deitu zuen Dusseldorf-eko Nazioetako IV. Txapelketan jokatzeko, eta brontzezko domina lortu zuen.      

Taldekako sarietan, aurten Raspas del Embarcadero Arraun Elkarteko emakumezkoen 4x taldeak, Esther Briz, Virginia Diaz, Izaskun Etxaniz eta Maialen Mielgo kirolariez osatuta dagoenak, jasoko du saria, Espainiako Txapelketan lehen postua lortzeagatik. Promesa kategorian, sariak honako hauentzat izango dira: Jolaseta Klubeko belar hockeyko haurren taldea, Euskadiko eta Espainiako txapelketetan garaipen bikoitza lortzeagatik, eta Getxo Rugby taldeko 14 urtez azpikoen gizonezkoen taldea, Liga eta Bizkaiko eta Euskadiko txapelketak irabazteagatik.     

Sari bereziak

Edizio honetako garaipen-zerrenda sari bereziakaz osatuko da: Marka Hautsiz Xabier Martin hockey jokalariari emango zaio; Kiroltasuna Jonkar Rey kirol-kazetariari; Getxo Berrituz Getxo Swim Camp klubak jasoko du; Broker Kirol enpresak Getxo Zabala; Etorkizuna Mendi Taldeak antolatutako Etorki Mendi Trail probak Berdintasuna Indartuz; eta, azkenik, Carlos Ruizek Aitzindariak saria, besteak beste, Athletic Club eta Bartzelonako RCD Espanyol futbol taldeetan egindako ibilbideagatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun