Istanbulgo protokoloa epaiketan onartzeari esker eta lesio fisikoak zein psikologikoak egiaztatzen zituzten auzitegi-medikuaren txostenei esker, epaileak emakumea kolpatu zuen ertzaina kondenatu zuen, biktimaren osotasun moralaren aurkako delituagatik.
Bost urteko prozesu baten ostean, epaiajoan den azaroaren 30ean egin zen publiko, baina, abenduan, kasuaren abokatuari jakinarazi zioten psikiatraren eta auzitegi-medikuaren deklarazioen grabazioak desagertu zirela Bizkaiko Auzitegiko artxiboetatik, “biak ala biak erabakigarriak agentea osotasun moralaren aurkako delitu bategatik zigortzeko”, iturriek jakinarazi dutenez.
Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak epaia baliogabetzeko eskaera egin du, eta epaiketa hasieratik errepikatzeko eskatu, “horrek biktimari eragiten dion pairamen guztiarekin”.
Egoera “sinestezina” dela deitoratu du SOS Arrazakeriak, grabazioak desagertzea normala ez delakoan. Era berean, mahai-gainean jarri du, hala izanez gero, nork defendatuko duen biktima “sistemaren akats” horren aurrean.
“Badirudi dena delituzko estrategia baten ondorio dela, ‘ezkutuko egitura’ baten ondorio. Norbaitek pentsa al dezake zentzugabekeria hori kasualitatearen ondorio dela? Norena da horrelako hondamenaren erantzukizuna?”, galdetu du arrazakeriaren kontrako taldeak.
Iturriek gogoratu dutenez, joan den abenduaren 14an, Eusko Legebiltzarraren kontrol-saioan, Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak adierazi zuen bere Sailak Silviaren kasuaren aurrean duen jarrera “oso bestelakoa” izango zela gaur egun, eta “neurri zuzentzaileak” aplikatu zirela.
“Argi geratu zaiguna da Eusko Jaurlaritzak, bere zerbitzu juridikoen bidez, tratu txarrak jasan dituen emakumea ertzain-etxean defendatu beharrean, erasoagatik zigortutako polizia estaltzen jarraitzen duela, eta Segurtasuneko sailburua gezurretan ari zela”, deitoratu du SOS Arrazakeriak.
Hala, horren guztiaren aurrean, grabazioen desagerpena “azken ondorioetaraino” ikertzea eskatu du taldeak: “Biktima beste kalbario judizial luze batetik ez pasatzea exijitzen dugu. Silviarentzat justizia eta erreparazioa eskatzen dugu”.