Euskararen erabileran eragiteko askotariko proiektuak garatzen dituzue Euskaltzaleen Topagunetik eta, besteak beste, Auzoko Elkarrizketak izenekoa abiatu duzue toki askotan, tartean, Getxon. Zer bilatzen duzue horregaz?
Jatorri eta hizkuntza komunitate ezberdinen elkarbizitza saio honen bidez, Getxoko aniztasun linguistikoaren argazki bat ateratzea da asmoa, egungo egoeraz jabetu eta etorkizunera begirako helburuak ezarri ahal izateko. Gaur egun denok bizi ditugu gero eta jendarte anitz eta aberatsagoak, eta horrek erronka bat ekarri digu hizkuntzaren normalizazio prozesuan. Horregatik, denon artean erronka horri erantzuna ematea bilatzen dugu gizarte elkarrizketa honen bidez, non denon bizipenek berebiziko garrantzia izango duten gure lanaren norabidea ezartzerakoan.
Zeintzuk dira hizkuntza baten erabilera areagotzeko gakoak?
Aniztasunaren ikuspegitik, aurrean dugunaren hizkuntza eta kulturaren aitortza eta hori balioan jartzea ezinbestekoa dela uste dugu. Inposatzeak ez du euskararekiko aldekotasunik eragingo, erresistentziak areagotu baizik. Orduan, lehen pausoa da aldekotasun hori bilatzea, euskararekiko jarrera positibo bat. Ondoren, euskara ikasteko erraztasunak jarri beharko lirateke eta, azkenik, euskararen normalizazioan denok egin dezakegun ekarpena balioan jarri: lehen hitza euskaraz egitea, parekoak euskaraz hitz egin dezan ahalbidetzea eta, zergatik ez, hanka lasai sartzeko aukera eta tartea ematea, behar-beharrezkoak direlako.
"Euskarari ez zaio duen eta merezi duen garrantzia ematen, “tu aprende castellano, que con eso es suficiente” da iristen zaien mezua"
Zelan indartu daiteke euskararen aldeko jarrera gaur egun?
Duela gutxi Onintza Enbeitak esandakoa ekarriko dut gaurkora: «Euskara ez da altxor bat». Erabiltzeko, bizitzeko, hanka sartzeko, eboluzionatzeko, hitz berriak asmatzeko eta moldatzeko hizkuntza da, eta hori transmititzea oso garrantzitsua da.
Jarrera hori aldatu da urteotan?
Esango nuke okerrera egin duela, eta horren erakusle dira azken boladan euskararen inguruan egon diren hainbat sententzia. Gainera, egungo aisialdiaren kontsumoa hizkuntza hegemonikoetan ematen da eta horrek euskara alor akademikora mugatzen du. Gazteen artean, batez ere, oso agerikoa da gauza dibertigarrietarako edo haiek aukeratutakoetarako nahiago edo eskurago dutela gaztelera, eta euskara eskolako hizkuntza aspergarri eta zurrun gisa ikusten dutela. Hori kezkagarria da, batez ere etorkizunera begira euskararen balioa ikusten ez dutelako, inguruak ere mezu horiek ematen dizkielako.
Besteak beste, Auzoko Elkarrizketen asmoa da euskaratik urrun bizi diren auzokideak hizkuntzara gerturatzea, hala nola pertsona migratuak edota erdaldunak. Migratzaileen kasuan, zeintzuk zailtasun topatzen dituzte gurean euskarara murgiltzeko?
Hasteko, ulertu behar duguna da pertsona migratuak gurera iristen direnean bere oinarrizko beharrak asegabe dituztela askotan: ez dute etxebizitzarik, askok osasun sistemara sarbiderik ere ez, egoera ekonomiko oso prekarioan daude… Hartara, hizkuntza ez da beraientzat lehentasun bat; hori horrela da eta, euren tokian jarrita, denok ulertu dezakegu. Baina, ondoren ere, euskarari ez zaio duen eta merezi duen garrantzia ematen, “tu aprende castellano, que con eso es suficiente” da iristen zaien mezua. Askok euskara zer den ere ez dakite, inork ez dielako esan. Euskarari garrantzia kentzen diogun lehenengoak gu geu gara. Herrialde askotatik datozen pertsonek ondo dakite zer diren hizkuntza gutxituak eta hizkuntza hegemoniko batekin elkarbizitza, eta asko izango lukete emateko euskararen normalizazio prozesuan, baina ez diegu aukera hori ematen, edo egungo sistemak ez die horretarako tarterik uzten.
Gero, badago migratutako familien ondorengo belaunaldiek, sarri pertsona arrazializatuak direnak, bizi duten egoera oso komun bat: euskara ukatzen zaiela beltzak, asiarrak edo ijitoak direlako, adibidez. Nahiz eta euskaldunak izan, euskaraz ikasi duten eta euskara erabiltzen duten, askok gazteleraz hitz egiten diegu aurreiritziz beteta gaudelako.
"Euskararen normalizazioan interesa dutenei zein euskaratik urrun bizi diren pertsonei zabaltzen diegu gonbita"
Ildo horretan, lehenengo belaunaldian ez bada, bigarrenean bide horretan ari direlakoan zaudete?
Bada, asko saiatzen dira, baina oztopoak aurkitzen dituzte. Ez dugu ahaztu behar, gaur egun, egitura arrazistan oinarritutako gizarte batean bizi garela. Egitura hauek dakarte arrazializatutako pertsonaren bat ikustean zuzenean gazteleraz zuzentzea beraiei, pentsatuz euskaraz ez dakitela. Honek nola eragingo du aldeko jarrera bat ez bazaie euskaldun izaera aitortzen?
Hizkuntza aniztasunari aitortza egin gura diozue ere; zer-zelako eragina edo aberastasuna izan eta sor ditzakete hizkuntzek haien elkarreraginean?
Hizkuntza gutxitu baten parte garen heinean, ondo dakigu zer den gureari uko egiteak zer min sortzen duen. Azkenean, gure parte bati uko egiteko eskatzen digute eta, horrela, inoiz ez dugu ezer gustura bereganatuko. Amin Maalof autoreak Identidades Asesinas liburuan oso modu egokian azaltzen du: "Pertsona batek ematen duen pauso bakoitzean, bere komunitatea traizionatzen ari dela sentitzen badu, bere burua mespretxatzen ari dela, bestearenganako hurbilketa ez da egokia izango; ikasten ari naizen hizkuntzaren hiztunak nire hizkuntza errespetatzen ez badu, haren hizkuntza hitz egitea ez da irekitasun-keinu bat izango, eta menpekotasun- eta sumisio-ekintza bihurtuko da”. Hizkuntza, azkenean, zubi bat da, komunikatzeko baliagarria den tresna eta zubi hori sendoa izan dadin, errespetu eta aitortzatik jarri behar ditugu lehen harriak.
Auzoko Elkarrizketak egitasmora bueltatuta, Egizu elkarteagaz antolatu duzue Getxon. Zelakoa izango da egingo duzuen saioa?
Hiru orduko saio arina egingo dugu, elkar ezagutzera eta elkarlanera oso bideratua. Parte hartzailea eta askotarikoa izatea nahi dugu, gune eroso bat sortu eta bakoitzak egiteko dituen ekarpen guztiak balioan jartzeko. Euskararen normalizazioan interesa dutenei zein euskaratik urrun bizi diren pertsonei zabaltzen diegu gonbita, aurreiritziak alde batera utzita, behar-beharrezkoak ditugulako etorkizunera begirako ibilbidea marrazteko.