Garikoitz Urizar, Arkaitz Amezaga eta Aitzol Barañano Fadura LHII institutuko irakasleak eta Lukas Idoyaga, Eder Fernandez eta Xabier Cerrillo Elektromekanika zikloko ikasleak Marokoko basamortuetan barrena dabiltza egunotan, martxoaren 8ra bitartean, Panda Raid probari aurre egin guran. Bertan jarriko dituzte proban ikasturtearen hasieratik prestatzen aritutako hiru Fiat Panda ibilgailuak eta, domekan egindako lehenengo etapan, gogoz egin dute hori.
Urizar irakasleak handik bertatik HIRUKAri azaldu dionez, oso etapa gogorra izan zen lehenengoa. 346 kilometro egin behar izan zituzten, pistak eta mendiak zeharkatuta. Guztira, 10 ordu eman zituzten ibilgailuetan, gehieneko denbora gainditu barik helmugara ailegatu ahal izateko: “Bazkaldu barik, aurrera egin behar izan genuen. Izan ere, matxura bat izan eta bidean bertan konpondu behar izan genuen”. Dioenez, errefrigerazio sistema matxuratu zitzaien, eta balaztaren kable bategaz konpondu zuten arazoa. Gurpil bi ere tolestu zituztela dio, etapa menditsuan gogor aritu behar izan zirelako abiadura bizian. Hala eta guztiz ere, erronka bete eta denboraz ailegatu ziren, "justu-justu".
Bidean, ikasleek egindako lana ere goraipatu du irakasleak. Horiek izan dira gidariak orientatzeko arduradunak, roadbook liburuan jasotako norabideak momentu egokietan aukeratuta: “Oso adi ibili dira, eta oso ondo egin dute. Zoriontzeko modukoa da, ez baitira gutxi izan bidean galdu diren lasterkariak. Horiei esker, oso fin ibili gara”.