Feminismoaz hausnartzeko eta zaintza-lanakaz negoziorik ez egitea aldarrikatzeko askotariko ekintzak egingo dituzte egunotan Getxon

Iker Rincon Moreno 2024ko mar. 6a, 14:00

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Getxoko Udalak hainbat jarduera antolatu egunotarako. "Getxo feminismoarekin" lelopean, feminismoari buruz hausnartzea eta udalerriko adineko emakumeen ondarea, aldarrikapenak eta lorpenak aitortzea eta ikusaraztea izango da ekimenon helburua. Era berean, udalerriko emakumeen elkarteek eta talde feministek hainbat deialdi egin dituzte haien aldarrikapenak ozen entzunarazteko. Azken horiek, besteak beste, zaintza-lanakaz negoziorik egin ez dadin eskatuko dute.

Solasaldia

"Feminismoa hutsaltzen ari da?" izenburuaren pean, matxoaren 19an, martitzenean, Maria Gorosarrik eta Irantzu Varelak solasaldia egingo dute Fadura kiroldegiko bilera-aretoan. Eztabaidarako mahaigaineratuko dituzten gaien artean, honako hauek planteatuko dira: diskurtso feministaren bilakaera, emakumeen eskubideetan atzera egitea eragozten duten egiturak hartzeko une historikoa baliatzeko zailtasuna, eta emakumeek indarkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidearen aldeko mobilizazioaren beharra.

Hitzaldia elebiduna izango da eta itzulpen zerbitzua izango du. Haurtzaindegi zerbitzua edo egokitzapenen bat behar izanez gero, Berdintasuneko Zerbitzura jo daiteke, berdintasuna@getxo.eus emailean edo 944 660 136 zenbakira deituta.

Mugimendu feministen deialdiak

Martxoaren 8ari begira, udalerriko talde feministek hainbat ekintza eta mobilizazio iragarri dituzte. Itzubaltzetako Talde Feministak, bere aldetik, En buenas compañías pelikula proiektatuko dute bihar, eguenean, Ibar Nagusien Etxearen egoitzan, 18:00etan. Hurrengo egunean, barikuan, manifestazioa egingo dute, 19:00etan, Santa Eugenia plazatik abiatuta. Algortan, bere aldetik, manifestazioa egingo dute barikuan, martxoaren 8an, 19:00etatik aurrera, Telletxe plazatik hasita.

Sentsibilizazio bideoa

Bestalde, sentsibilizazio- eta memoria-bideo bat egin du Udalak, Getxoko adineko emakumeen memoria berreskuratu eta aintzatestearen beharra nabarmentzeko, tokiko historiaren protagonista diren aldetik, eta, aldi berean, egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat erreferenteak sortzeko. Helburua askotariko errealitateak erakustea da; "izan ere, aktibismoa eta eskubideen defentsa gauzatu duten, belaunaldi desberdinak zaindu dituzten eta beren familien bizi-garapenari eutsi dioten aurren, gizartearen onarpen eskasa dute, eta, aldi berean, ikusezintasun- eta gutxiespen-maila handia", azaldu dute arduradunek.

Bideoak kontakizun berriak eta askotarikoak egiten lagundu gura du, adineko emakumeen memoria kolektiboa eta feminismoa berreraikitzen laguntzeko. Gainera, eskerrak eman gura dizkie emakumeen elkarteen bidez egindako lanagatik, aldaketa indibidual eta kolektiboaren eragile izan direlako, baita  udalerriko bizitza sozial eta kulturalean eragile ere. Bideoa udal-webgunearen eta sare sozialen bidez zabalduko dute.

Adierazpen Instituzionala

Udaleko Bozeramaleen Batzordeak Adierazpen Instituzional bat onartu du EAJ, PSE-EE, PP eta Elkarrekin Podemos alderdien aldeko botoakaz, eta EH Bilduren abstentzioagaz. Horretan, memoria historikoa aitortu eta berreskuratuko duten proiektuak garatzeko eta belaunaldien arteko elkarrizketa eta topaguneak bultzatzeko konpromisoak hartu ditu Udalak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun