Bigarren etapa harea askokoa izan zen, eta nahiko bizkor aritu ziren, duna zurien artean. Garikoitz Urizar irakasleak HIRUKAri azaldu dionez, oso fin ibili ziren bidean, roadbook-agaz ondo moldatuta.
Kotxeei dagokienez, ondo moldatu ziren arren, bidearen erdian, oraindino 140 kilometro aurretik zituztela, autoetako batek matxura izan zuen, eta antolatzaileei deitu behar izan zieten ibilgailua atoian eraman zezaten kanpamenduraino; “ez genuen kotxea arriskatu nahi, badaezpada, matxura gehiagora joatearen beldurrez”. Hala ere, gauera arte itxaron behar zutela jakin zutenean, zingila batzuen bidez, estualditik ateratzeko konponketa egin eta aurrera jarraitu zuten.
Behin kanpamenduan, ikasle-irakasleak lanean jarri ziren matxura konpontzeko. Hala, erradiadorearen zati bat eta karterrean izandako kolpe bat konpondu zituzten, gau osoan beharrean aritu ostean. Hala, egindako lanari esker, kotxea prest utzi zuten hurrengo egunean hirugarren etapari aurre egiteko.