Kontratuaren gehieneko aurrekontua 58 milioi euro ingurukoa izango da, BEZa barne, bost urterako; Udaleko iturriek zehaztu dutenez, horren bidez, saiatuko dira Hondakinen Legean ezarritako birziklatze-helburuak betetzen, hau da, 2025 urterako hiri-hondakinen % 55, eta 2030 urterako % 60 birziklatzea.
Azaldu dute kontratuak barne hartzen dituela gaikako bilketako zerbitzu berriak. Hala, zati organikoari dagokionez, langile-kopurua bikoiztuko dute eta birziklatzeko prestaketa areagotuko dute. Era berean, bederatzi gune finko jarriko dituztela iragarri dute, asteko zazpi egunetan 24 orduz zabalik egongo direnak, hiri- zein udal-hondakin arriskutsuak kudeatzeko.
Horrez gain, Larrañazubi ingurumen-gunea ustiatzeko aukerak ere gehitu dituzte, aintzat hartuta konposta egiteko eskualdeko instalazio bat eta errefusa kudeatzeko biolehortze-instalazio bat, bai eta hondakinak bereizi eta berreskuratzeko mailak hobetzeko ekintzak ere. Instalazio berean honako hauek kokatuko dira: bulegoak, aldagelak eta zerbitzuaren flotarako garajea, kontratatutako enpresen mende ez egoteko zerbitzuak emateko unean.
Ildo beretik, zerbitzuaren oraingo karbono-aztarna murriztuko dutela ere azaldu dute, ibilgailuen nahiz makinen alferrikako joan-etorriak ekidingo dituzte horretarako, instalazio horretan dena zentralizatuta izateagatik. Kontratuak tresna eta ibilgailu berriak hartuko ditu barne eta areagotuko ditu eskuz erraztatzeko guneak.
“Udal-gobernuko kideok (EAJ eta PSE-EE) oposizioko kide nagusiagaz (PP) partekatzen dugun eta adostu dugun konpromisoari esker, kontratu honen bidez lortuko dugu Getxon sortzen diren hondakinak aprobetxatu, berreskuratu eta birziklatzeko gaitasuna % 50ean gainditzeko helburua; hala, lortuko dugu zerbitzuaren kostua murriztea eta, beraz, pixkanaka pixkanaka joango gara horren tasa jaisten. Zenbat eta gehiago birziklatu, orduan eta txikiagoa izango da udal-gastua eta, hortaz, txikiagoak izango dira ere herritarrei eragiten dieten tasa eta gastua", azaldu dute akordioa erdietsi duten hiru alderdiek.
Bestalde, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek zera adierazi dute: “Kontratu honetan ez dira jaso enpresako langileek soldatari dagokionez egindako aldarrikapenak eta, hortaz, lan-gatazka sortzeko aukera asko daude”. Halaber, aipatutako lehenak esandakoaren arabera, “ez da kontratu soziala, euskara ez da aipatu ere egin, eta berdintasunaren alorrean legez ezarritako gutxienekoa betetzen du”. Horiek horrela, positibotzat jotzen du hobariak ematea birziklatzen dutenei, baina baita birziklatzen ez dutenei zigortzea ere.
Beste gai batzuk
Ohiko bilkura honetan kreditu gehigarriak ere onetsi dituzte, 6,3 milioi eurokoak, honako hauek gauzatzeko: Udalaren eraldaketa digitala gauzatzeko proiektua, sistema informatikoa berritzea, Getxo Kirolakeko inbertsioak (antzinako garagardotegia, esaterako), udal-eraikinak eta azpiegiturak (espaloiak, asfaltoa, saneamendua, argiteria, etab.). Zenbateko horrek barne hartuko du ere 30.000 euroko gastua San Nikolas Ikastolak antolatuko duen Ibilaldia ospatzeko.
Horrez gain, lanpostu-zerrenda eta langileen plantilla aldatu ditutze hiru plaza berri sortzeko: Informatikan lizentziaduna, Informatikako teknikari laguntzailea eta enpresako medikua. Halaber, aldatu dute komunikazioko arduradunaren lanpostua betetzeko modua eta lehiaketa bidez beteko da orain, bai eta Gizarte-kohesioko arduradunarena ere, A1 kategoriaz gain, A2 kategorian parte hartzeko aukera ematen duena.
Mozioak
Mozioen kapituluan, testigantza-izaerarekin, hiru onetsi dituzte. Lehenengoa, PPrena, Udalak urteko kontratazio plana egin eta jendaurrean azaltzeko. Onartutako beste mozio batek, EH Bilduk aurkeztuak, Metro Bilbaori eskatzen dio, besteak beste, berma dezala gutxienez 13 minutuko maiztasuna metroaren L1 linean, unitatea Ibarbengoatik Plentziara maiztasun horregaz iristea ahalbidetzeko. Hala ere, Azpiegitura zinegotziak gogorarazi duenez, “maiztasunak hobetzea eskatu den guztietan, Metro Bilbaoren erantzuna izan da arrazoi teknikoak eta operatiboak daudela hori ezinezkoa egiten dutenak”. Hirugarren mozioak, Elkarrekin Podemosena eta EH Bilduk transakzionatutakoak, arratsaldeko ordutegia eskatzen zuen Algortako eta Areetako Herritarren Arretarako Bulegoetarako eta Call Centerrerako.
Horiez gain, Udalari Palestinagaz elkartasuna adierazteko Israelegaz harremanak apurtzeko ere eskatu diote, baina EAJ, PP eta PSE-EE alderdiek atzera bota dute proposamena.
Galde-eskeen txandan, Getxoko pentsiodunen mugimenduko ordezkariek hartu dute parte, pertsona guztientzako pentsio duina eskatzeko, batez ere emakumeentzat, baita Algortako mugimendu feministakoak ere. Azken horiek, Udalagaz batera, indarkeria matxistaren aurkako plan bat egitea eskatu dute. Zentzu horretan, 1080 euroko pentsio duinak osatzeko eskaria egin dio EH Bilduk Udalari, baina gobernu-taldeak eta PPk ezeztatu egin dute proposamena.