Orain arte inbentariatuta ez zegoen okil beltza aurkitu zenuen Getxon. Zelan egin zenuen topo espezie horrekin?
Joan den otsailaren 22an aurkitu nuen, ohiko hegaztiak erregistratzeko hilero egiten ditugun transeptu batean. Halako batean, animalia topatu nuen, araldian, zirkuluak egiten hegaka eta kantuan, kilkerren antzera. Boluen nenbilen, baso inguru batean, pinu radiata handi eta zuhaitz hostotsuen artean. Okila entzun nuen, eta segituan ohartu nintzen zer animalia espezie zen.
Okil beltza arraroa zen inguruotan ikustea; lehen, Pirinioetara joan behar zen espezie hori ikusteko. Hala ere, apurka-apurka inguru gehiago kolonizatzen aritu da, Bizkaia barne. Duela 20 urte, agertu zen lurraldean, ekialdean, eta, gutxika-gutxika, ohikoagoa bilakatu da inguruotan. Hala ere, orain arte, ez genuen halakorik ikusi Getxon; denbora kontua baino ez zen inguruotan agertzea. Are, daborduko okil beltzak antzeman ditugu Gorlizen eta Unbe inguruan.
Zer dela eta agertu da espezie hori orain hemen?
Ez dakigu zehazki zergatik, baina, nire ustez, pinudiak gero eta handiagoak direlako. Zuhaitzok mozteko garaia luzatzen ari da, produkzio-etekin handiena ateratzeko, eta, ondorioz, mendietan zuhaitz handiagoak topatu ditzakegu. Urteotan ez da egon lehen zeuden inausketa-lanetarako eta sastrakak kentzeko laguntzarik, eta, horri esker, basoak basatiago bihurtzen ari dira. Baso heterogeneoagoak ditugu orain, askotarikoagoak, zuhaitz gehiago dituztenak eta espezie gehiago hartzen dituztenak. Orduan, pentsatzen dut egoera hori aprobetxatu duela okil beltzak inguruok kolonizatzeko, zuhaitz zahar eta handiagoak bilatuta. Gainera, hildako zuhaitz asko dago mendietan, janari gehiago eskaintzen diena.
Gaur egun, zenbat hegazti-espezie dituzue inbentariatuta Getxon?
Zehazki, ez nuke jakingo uneotan zenbat ditugun zenbatuta, baina okilei dagokienez, azken honekin batera lau izango genituzke: arotz txikia (Dryobates minor), arotz handia (Dendrocopos major), okil iberiarra edo okil berdea (Picus sharpei) eta okil beltza (Dryocopus martius).
Arotz txikia Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan sartuta zegoen; txori txikia da, txolarre (Passer domesticus) baten tamainakoa; izugarri polita da, eta hariztietan bizi dira. Arotz handia bestearen antzekoa da, zuri-beltza ere, eta buru gorria duena. Hori pinudietan bizi da, okil beltzaren habitat antzeko batean, baina nahikoa ditu zuhaitz txikiak. Okil berdeari gehiago gustatzen zaizkio landazabalak, eta bizkarralde berdea, sabelalde grisa, ipurtxuntxur hori bizia, buru gorria eta aurpegi beltza ditu. Eta, azkenik, okil beltza dugu orain, Europako okilen arteko handiena.