Getxoko lorezaintza-zerbitzuko langileek greba mugagabeari ekin zioten apirilaren 2an, enpresa-hitzarmena negoziatzeko. Denbora horretan, hainbat aldiz saiatu dira Getxoko Udalagaz bilera bat egiten, euren aldarrikapenak eta greba-deialdi horretara eraman dituzten arrazoiak bertatik bertara helarazteko, “baina Udalak ez gaitu jaso nahi izan, enpresaren eta langileen arteko negoziazioa dela esanez”, deitoratu dute. Era berean, salatu dute denbora honetan guztian ez dutela bilerarik izan FCC enpresagaz, zerbitzuaren esleipen-hartzaileagaz. “Hori dela eta, 37 egun geroago, arazoa konpontzeko solaskiderik ez dugu”, azpimarratu dute langileek.
Grebalarien ustez, Getxoko Udalak ardura hartu behar du “zerbitzu defizitarioak” esleitzeaz eta kontratu mota horrek langileentzat dituen ondorioez. Ildo horretan, gogoratu dute FCCri zerbitzua esleitu eta hilabetera, horrek langileei jakinarazi ziela daborduko galerak zituztela.
Egoera horretan, baldintza duinak lortzeko borrokan jarraitu behar dutela azpimarratu dute. Gainera, salatu dute Udala bera beste enpresa batzuk erabiltzen ari dela sega-lanak egiteko. Horren aurrean, jakinarazi dute lan-ikuskaritzari jakinarazi zaizkiola, jarduera horiek greban dauden langileen eskubideak urratzen dituztelakoan. “Ez dute gurekin elkartu nahi, baizik eta, gainera, greban dauden langileak ordezkatzen eta herritarrak gure aurka jartzen saiatzen dira, zenbait ekintza leporatuta”.
Ildo horretan, grebalariek barkamena eskatu diete herritarrei grebak sor ditzaketen eragozpenengatik, eta Udalari kexak helaraztera animatu diete.