Elkarrizketak

Karlos Aretxabaleta: "Nik euren bizipenak eta pasadizoak jaso eta literaturaren soinekoaz jantzi ditut, besterik ez"

Iker Rincon Moreno 2024ko mai. 21a, 10:00

Karlos Aretxabaleta, eskalatzen, liburua eskuetan duela. Argazkia: Asier Arteaga

Mendizaletasuna ardatz, mundu horretan ezezagunak zein erreferenteak diren 20 gizon-emakume elkarrizketatu eta haiek bizi izandako pasadizo eta istorioak elkarlotu ditu Karlos Aretxabaleta, Txapel, euskara irakasle eta idazleak. Edurne Pasaban, Juanjo San Sebastian, Pou anaiak, Alex Txikon... haiek guztiek kontatutakoak bildu eta narrazio bilakatu ditu, lanaren izenburuak dioen bezala, izarren eta haitzen arteko bidaia bat proposatzeko irakurleari. Liburuagaz lortutako etekinak SOS Himalaya Fundazioari emango dizkio Txapelek.

Hasteko, defini ezazu Izarrak eta Haitzak liburua. Zertan datza?

Mendia ardatza izanik, 20 narrazio biltzen dituen liburua. Benetan gertatutako istorioak dira, baita pertsonaiak ere: Alex Txikon, Edurne Pasaban, Alberto Iñurrategi, Pou Anaiak, Oihana Azkorbebeitia, Mikel Zabalza, Ekaitz Maiz… Nik euren bizipenak eta pasadizoak jaso eta literaturaren soinekoaz jantzi ditut, besterik ez. Literatur generoari dagokionez, ez nuke jakingo ondo definitzen, izan ere, hibrido zantzuak baititu. Zalantzarik ez dago, mendi literaturan oinarrituta dago, mendiari eta eskaladari buruz hitz egiten dudalako, baina bestetik, erabilitako moldea edo idazkera mendi literatura tradizionaletik aldentzen da. Kontakizunak ez dira kronikak, ezta biografiak ere. Ez darabilt hizkuntza tekniko edo epikorik, eta narratibaren eta hizkuntzaren baliabide askorekin jolastu dut. Bada, narrazio liburua da.

Noiz hasi zinen lan hau idazten?

2022ko irailean, gutxi gorabehera, baina liburuaren eskema eta hezurdura lehentxeago.

Afizioz eskalatzailea eta mendizalea izanik, horrek eragina izan du mota honetako gaia jorratzeko, ezta?

Zalantzarik ez. Azken urteetan landutako genero erotikoari amaiera eman nahi nion. Erotismoa alde batera utzi eta askoz hurbilagoa egiten zitzaidan zerbaiti buruz idatzi nahi nuen. 

Idazleak ondutako liburu berria. © Asier Arteaga

Liburuari esker lortutako dirua SOS Himalaya Fundaziori emango diozu. Zer dela eta, eta zer egiten du fundazio horrek?

Idazle moduan dagozkidan irabaziak fundaziora bideratuko ditut, bai, ez da ehuneko handia, baina, tira, hasieratik horrela egin nahi nuen. Arrazoiei dagokienez, ez dago azalpen berezirik… Iñaki Ochoa de Olza, Felix Iñurrategi eta tankera horretako mendizaleek sekulako balioen ordezkariak ziren; dagoeneko ez daude gure artean, baina euren legatua edo ondarea euren fundazioen bidez heldu zaigu gazteagoak garenoi. Zer esanik ez Baltistan edo Makalu Baruk eskualdeetan egindako lanari buruz.

Labur esanda, Iñaki Ochoa de Olzan ametsetariko bat zen umezurztegi bat, ospitale bat eta eskola batzuk eraikitzea, non eta Nepalen, Pakistanen eta Indian; alegia, 8.000 metrotik gorako mendiak dituzten hiru herrialdeetako haur behartsuenak laguntzea zuen amets. Helburu horiek Fundazioaren estatutuen 3. artikuluan daude jasota.

Horiek esanda, aitortu behar dut ez nekiela erabaki hori publiko egin edo ez, sarri asko isilpeko laguntzak eraginkorragoak izaten baitira.

Esan bezala, askotariko kirolarien kontakizunak batu dituzu orrialdeotan. Zelan lortu dituzu horien guztien testigantzak?

Prozesua luzea izan da. Hasiera batean, zerrenda bat jorratu nuen, eta faltatzen zitzaizkidan kontaktuak  lortu ondoren, guztiei mezu bat bidali nien proiektuaren berri emanez. Kontaktuak lortzea ez da hain zaila, engaiamendua baizik, eta nire kasuan, aitortu behar dut gehienek berehala eman zidatela baiezkoa. Hala ere, kalabazak ere jaso ditut.

Hala, testigantzak jasotzeko bide desberdinak urratu behar izan nituen. Nik, ahal dela, aurrez aurreko elkarrizketak nahi nituen, kaña artean edo eskalada aitzaki, baina askorekin ez da posible izan, beraz bideo-deiak ere egin behar izan ditut.

Eta zergatik aukeratu zenituen horiek zehazki?

Liburuan ageri diren pertsona guztiek bazutelako zer kontatu, epika handirik gabe, umiltasunetik. Euretariko asko erreferenteak eta aitzindariak dira kirolari zein pertsona gisa, mundu mailan eta Euskal Herrian. Hala ere, pertsonaia publiko eta ospetsuez landa, balioetsi nahi ditut hain ezagunak ez diren pertsonen kontakizunak.

20 mendizale dira, bai, zerrenda, ordea, dezente luzeagoa zen, eta pena ematen dit kontakizun edo pertsonaia gehiago liburuan sartu ez izana.

Kontakizun guztietatik, zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Istorio bakoitzak badu bere xarma. Irakurleei izen-abizenei erreparatu barik, izenburuei erreparatzeko gomendatuko nieke.

Ondoen Ekaitz Maizekin –eta beste lagun batzuekin– pasatu nuen, eta gehien hunkitu ninduen konpainia Iñi Basterrarena izan zen.

Nori zuzendutako liburua da?

15 edo 16 urtetik gorako edonorentzat. Euskara irakaslea izanik, nire ikasleak ditut jomugan, halabeharrez, eta ilusio handia egingo lidake institutuetan, behintzat, aukeran emango balitzaie gaztetxoei. Hizkuntza ulerterraza darabilt, bizia, Ramon Olasagastik dioen moduan, kasik, kaleko hizkuntzatik gertu.

Esan gabe doa mendia, eskalada, mendiko lasterketak, alpinismoa eta abarrekoak maite duten horientzat ere zuzenduta dagoela, teknikoa ez den arren. Erdaraz ez al da esaten "café para todos"?

Ez da zure lehenengo lana literaturaren munduan; aurrera begira baduzu bestelako proiekturik buruan?

Izarrak eta haitza liburuaren bigarren zatiaren zimenduekin nabil, baina epe laburrean itzulpen bat egitea gustatuko litzaidake.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun