Getxoko Andra Mariko eraso lesbofoboaren izaera "egiturazkoa" dela salatu dute UKatuk, Jaietako Kolektiboak eta Algortako Mugimendu Feministak

Nahia Martinez Gondra 2024ko mai. 21a, 10:03

Eragileek aldarrikatu dute ezinbestekoa dela erantzunak "sistematikoak eta kolektiboak" izatea. © UKatu

Maiatzaren 12an, Getxoko Andra Mari jaietan jasandako eraso lesbofobo bat salatu zuten emakume bik. Horren aurrean, eraso hori "irmoki" salatu dute Getxoko Jaietako Kolektiboak, Algortako Mugimendu Feministak eta UKatu sexu-genero disidenteen asanbladak. Deitoratu dute horrelako gertakariak ez direla isolatuak eta sistema zisheteropatriarkalaren tresna direla. Horrez gain, indar polizialen eta zenbait komunikabide eta instituzioren jokabidea gaitzetsi dute "informazioaren erabilera morbosoa" egiteagatik eta eraso lesbofoboa gertakari isolatu gisa deskribatzeagatik.

Eraso bakoitzak heteroaraua bere horretan mantentzeko tresna gisa funtzionatzen duela azpimarratu dute eragileek: "Heterosexualitatea norma da; ez da desiraren orientazio soila, inposizio bat baizik. Beraz, arau horretatik kanpo kokatzen diren desira, gorputz eta identitateak sistemak zigortu eta diziplinatzen ditu".

Halaber, salatu dute indar polizialek eta zenbait komunikabide eta instituzioek "zilegitasuna etengabe" kendu dietela mugimendu feministari eta erasoen aurka lanean egon diren eragileei. Alabaina, deitoratu dute poliziak hedabideei erasoen informazioa "filtratzen" diela, eta horiek horren erabilera "morbosoa" egiten dutela. "Eraso lesbofoboa gertakari bakan eta isolatu gisa saltzen dute, egiturazko izaera ezkutatzeko. Salaketa soziala eragotzi nahi dute, eta aldaketa sistemikoa eskatzen dugun ahotsak isilarazi", azpimarratu dute.

Horregatik, aldarrikatu dute erasoen aurrean antolatzeko eta borrokatzeko prest daudela, eta ezinbestekoa dela erantzunak  "sistematikoak eta kolektiboak" izatea. Hala, autodefentsa transmaribibolloaz baliatuko dira "sistema zisheteropatriarkala akatzeko".

 
 
 
 
 
View this post on Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by UKatu Uribe Kostako Asanblada (@ukatu_disidentzia)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun