Hildako gaztearen familiari eta lagunei bere babesa berretsi dio Udalak, eta baieztatu du errespetua eta tolerantzia bermatuko duten formakuntza, prebentzio eta sentsibilizazio-kanpainak sustatzen jarraituko duela. Halaber, gogorarazi du Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren "berehalako esku-hartzeak" lagundu duela ustezko erasotzaileak atxilotzen. Horren harira, segurtasun- eta prebentzio-neurriak indartzen jarraituko dituztela adierazi dute, "bizikidetza aldatzen duten gertaera larriak saihesteko".
Era berean, Udalak elkarretaratze isila deitu du biharko, maiatzaren 28rako, arrastiko 19:00etan, Algortako Satistegi plazan. "Sinetsita gaude elkarrekin, gertakari mingarri hau gainditu eta Getxo indartsuago eta lotuago bat eraikitzen jarraitu ahal izango dugula", baieztatu du.
Komunitate kristaua, indarkeriaren eta estigmatizazioaren aurka
Halaber, Algortako komunitate eta elkarte kristauek "migratzaileak ez estigmatizatzea" eskatu dute. Algortako parrokiek osatutako Gobela-Galea Pastoral Barrutiak, Karidadeko Alaben Alkarteak eta San Nikolas Zabalik, Eskubeltz, Caritas eta Sortarazi elkarteek "onartezintzat" jo dute gertatutakoa, eta doluminak eman dizkiete hildakoaren familiari eta lagunei. "Gure herrian elkarbizitza baketsua eta errespetua, indarkeriarik eza eta askatasuna lehenesten dituen aisialdiaren aldeko apustua egiten dugu. Horregatik, erasoa eta indarkeria bezalako edozein ekintza arbuiatzen dugu", nabarmendu dute.
Halere, azpimarratu dute gertakari hau ezin dela erabili "migratzaileak etiketatzeko eta estigmatizatzeko". Euren aburuz, inplikatutako pertsonen nazionalitateak aipatzeak "orokortzea eta kriminalizazio kolektiboa baino ez du eragiten, pertsona jakin batzuen ekintzengatik asko zigortzea eraginez". Hala, adierazi dute "komunitate kristauak kulturanitzak" direla, eta euren gizarte-lanean kolektibo migratzaileak laguntzen dituztela haien hezkuntza, garapena eta integrazioaren alde lan eginez. "Horregatik guztiagatik, migratzaileak gure gizartearen parte diren aberastasuna direla uste dugu", ikusarazi dute.