Ia hilabete bi igaro dira Getxoko lorezaintza zerbitzuaren esleipenduna den UTE Getxo Lorategiak enpresako langileek greba mugagabea abiatu zutenetik, eta gaur, maiatzaren 29ra, arte ez dute lan-gatazkari irtenbidea emateko solaskideren berririk izan. Grebalariek HIRUKAri baieztatu diotenez, Eusko Jaurlaritzako ordezkari batek alde guztiak deitu ditu ekainaren 10erako, bitartekari gisa. "Albiste pozgarria da, ia 60 greba-egunen ondoren irtenbide bat topatzeko aukera dugulako aurrean", azpimarratu dute langileek.
Grebalariek gogoratu dutenez, azken urte bietan KPIaren bost puntu eta erdi galdu dituzte, eta, berrikuspenean, % 2,25eko igoera proposatu zieten, iaz EAEn KPIa % 3,1 izan zenean. Berdinketa hori eskatu zuten beharginek, eta, gaur egungo egoera ikusita, deitoratu dute ez dutela ulertzen % 0,85eko soldata igoeraren aldeagatik iritsi izana negoziazioaren blokeo honetara. Hala, ekainaren 10erako bileran, KPIagaz bat datorren hitzarmena sinatzea eskatuko diote langileek enpresari, "aparteko ordainsarietan inolako deskonturik gabekoa", azpimarratu dute; "espero dugu enkistatutako arazo honi irtenbide bat ematea, behingoz".
Auzokideen kexak
Joan den apirilaren 2an abiatu zuten beharginek greba mugagabea, lan-hitzarmen duin baten alde. Ordutik, gatazkaren ondorioak agerikoak izaten ari dira udalerrian, lorategietako belarrak hazi eta hazi egin baitira asteotan. Lorezainek jakinarazi dutenez, daborduko “ehunaka kexa” helarazi dizkiete auzokideek Udalari, besteak beste, askotariko zomorroak ugaritu daitezkeelakoan, hala nola kaparrak eta arkakusoak. Hala ere, horri erantzunez, beharginek HIRUKAri azaldu diote zaila dela mota horretako intsektuak agertzea inguruotan: "Aixerrotako eta estratetako landak moztu izan ditugu, eta inoiz ez dira halakoak agertu". Ildo horretan ere, Xabier Buenetxea Ingurumen teknikariak azpimarratu du belar luzeek ez dutela zertan ugaritze hori ekarri behar, inguruotan abererik ez dagoelako apenas, "are gehiago, gutxiago egon daitezke, zomorro horiek jaten dituzten harrapakariak areagotu daitezkeelako".
Udalaren jarrera
Bere aldetik, apirileko Lurraldeko Informazio Batzordean, Getxoko Udaleko Iñigo Urkitza Ingurumen zinegotziak jakinarazi zuen teknikariek aztertuko zutela apirileko ordainketan eskaini ez duten zerbitzuaren deskontua egitea Getxo Lorategiak EBEE enpresari, langileek greba mugagabea abiatu dutenetik ez duelako hitzarmena ezta zerbitzua bete. Ildo horretan, EH Bilduk kontratua berrikus dezan eskatu dio Udalari, "bertan adierazten dena eta langileen lan baldintzak bermatzeko", eta, espedientea ireki baldin badiote enpresari, kontratua bertan behera uztea, "falta grabea baita". Elkarrekin Podemosek, berriz, utzikeria leporatu dio gobernu-taldeari, eta ekiteko exijitu, lan-gatazkan esku hartu dezan, "egokitzat jotzen dituzten kontziliazio-neurriak nahiz neurri hertsatzaileak baliatuz". Bi alderdiak, gainera, bat etorri dira esanez beharrezkoa dela zerbitzua publiko bihurtzeko eta horretarako azterketa bat bideratzea.