Parke berriak hiru jolas-gune izango ditu, erdialdean estalitako jolasteko eremu bat, kirol anitzeko pista bat eta kalistenia gune bat barne. “Estalkiak estetika deigarria izango du, eta hodei moduko bat irudikatuko du, bai itxuran, bai koloretan, inguruko etxebizitzei ikuspegi erakargarria emango diena”, azaldu dute udal-iturriek. Gainera, eraginkortasun energetikoa duten luminariak jarriko dituzte, pizte eta itzaltze automatikoakaz.
Jolas-gunean kautxuzko zoladura jarraitua instalatzea ere aurreikusten dute, “ematen dituen moteltze-baldintza ezin hobeak direla eta”.
Ekipamenduei dagokienez, eremu hauek bereiziko dira:
- 1 gunea – Kirola anitzetarako pista, 22x12 metrokoa. Soropil artifiziala, itxitura, alboko sarbidea eta saskiak izango ditu.
- 2 gunea – Haurrentzako jolasak, adin desberdinetako haurrentzako jolas-elementuakaz, hala nola igotzeko egiturak, sehaska-eserlekua duen kolunpioa, eserleku hirukoitz irisgarria duen kolunpioa, altuera desberdineko pasabideak eta oreka-jarduerak dituen jolas-gunea.
- 3 gunea – Kalisteniarako gunea, 270 metro koadroko eremua izango duena. Bertan, hainbat kirol-elementu instalatuko dituzte, ariketak eta esekidura egin ahal izateko, baita muskuluak berotzeko eta indartzeko ariketa-eremuak ere.