Osoko bilkura

Getxoko Udalak osasun sistema publikoa hobetzeko neurriak hartzeko eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari

Erredakzioa 2024ko eka. 27a, 19:04

Getxoko Udalbatza, artxiboko irudian.

Getxoko Udalak Osakidetza, osasun-sistema publikoaren kalitatea hobetzeko neurriak hartzeko txoke-plana abian jartzeko konpromisoa eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari, horretarako azpimarra berezia lehen mailako arreta indartzean eta lanbide-plantillak handitzean jarriz. Horrela onetsi da gaur ekaineko ohiko osoko bilkuran, EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdien aldeko botoakaz eta PPren abstentzioagaz. Hasierako testua EH Bilduk aurkeztutako mozio batetik abiatu da, eta gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) testu horren transakzioa egin du.

Mozioagaz bat egin duten alderdiek nabarmendu dute, besteak beste, beharrezkoa dela lehen mailako arreta indartzea; profesionalen taldeak prestatzea eta sendotzea, eta azpiegiturak hobetzea, Osakidetzak ematen duen arretari garrantzia emateaz gain.

PPk, bere aldetik, uste du ez dela udal bateko osoko bilkuran jorratzeko gaia, eta adierazi duenez, "gobernuko bi alderdiek konpondu beharko duten egoera dela, beraiek sartu gaituztelako egoera horretan".

Ikastetxeetan rexcatering sistema ezartzeko azterlana

Gainera, Udalak ikastetxeetan rexcatering sistema ezartzeko bideragarritasun tekniko eta ekonomikoari buruzko azterlana egingo du 2025ean (Euskadiko sukalde zentraletan eta jantoki kolektiboetan elikagai-soberakinak berreskuratzeko proiektu integrala), horretarako aldez aurretik ekimen horretan parte hartu gura dutenak identifikatu ondoren. Horretarako, eta 2025eko ekitaldiko aurrekontuaren esparruan, azterlan horren lizitazio-prozesuei ekiteko beharrezkoak diren aurrekontu-partiden erreserbak egingo dira.

Hasierako proposamena PP alderdiaren mozio baten eskutik zetorren, eta kasu honetan ere gobernu-taldeak transakzioa egin du. Azkenik alderdi politiko guztiek onetsi dute (EH Bilduk izan ezik, kontrako botoa eman baitu), izan ere, alderdiak bat datozelako zero hondakinak izango dituen gizarte baterantz abiarazteko beharragaz eta hezkuntza-politiketan baliabideak erabat aprobetxatzeko eta pertsonek sortutako ingurumen-inpaktuak ahalik eta gehien murrizteko beharra irakasteagaz.

Memoria historikoa

Halaber, Elkarrekin Podemosen babesagaz, EH Bilduren mozio bat onetsi dute abian jarri daitezen memoria historikoa berreskuratzeko urteroko ikerketa-bekak, Getxoko memoriaren ibilbidea sortu dadin, hezkuntza-programak eta hitzaldiak antolatu daitezen ikastetxe nahiz kultur etxeetan, eta dokumentazio-zentro bat sortu dadin. EAJ eta PSE-EE abstenitu dira, eta adierazi dute Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua arduratzen dela udalakaz memoria historikoa koordinatzeaz; PPk kontrako botoa eman du, eta gogoratu ditu “EH Bilduren mozioan aipatu ez diren beste biktima batzuk”.

Jai irisgarriak

Elkarrekin Podemosek hala proposatuta, Udalbatzak onartu du jaietan desgaitasuna duten pertsonentzat gune bat erreserbatzea, mota horretako ekitaldietan hobeto ikusi dezaten eta euren segurtasuna bermatu dadin. EAJk eta PSE-EEk adierazi dute jai-batzordeak arduratzen direla ekitaldiez eta indarrean dauden araudiak betetzen dituztela.

Presazko izaeraz, osoko bilkuraren gai-zerrendan Bozeramaileen Batzordeak LGTBIQ+ kolektiboaren Sexu Askapenaren Aldeko eta Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira atzo onetsitako Adierazpen Instituzionalaren berri ematea onartu dute. Adierazpen horrek EAJ, PSE-EE eta PPren babesa izan zuen, EH Bilduren abstentzioa eta Elkarrekin Podemosen kontrako botoa, kolektiboaren aldarrikapenak merkantilizatzen ari direlakoan.

Publikoaren galde-eskeen txandan, Getxoko lorezaintzaz arduratzen den eta duela 87 egunez geroztik greban dauden enpresako langileen ordezkari batek bere etsipena adierazi du lan-gatazkaren aurean gobernu-taldeak duen jarreragatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun