San Inazio jaiak

Algortako jai-batzordea: "Zorionez, laguntzeko prest dagoen pertsona asko dago gure inguruan"

Iker Rincon Moreno 2024ko uzt. 26a, 09:35

Zazpi kidek osatzen dute Algortako jai-batzordea. © ALGORTAKO JAI-BATZORDEA

Uztailaren 27tik 31ra bitartean ospatuko dituzte San Inazio festak Algortan, eta jaiak antolatzeko ardura duen batzordeak iragarri duenez, arrakastatsua izango den programa prestatu dute aurten ere.

Herritik eta herriarentzat, horixe da jaion filosofia. Feston antolaketarako, jai-batzordetik haragoko lana beharrezkoa da, ezta?

Noski, ezinezkoa litzateke bestela. Batetik, guk eredu horretan sinisten dugulako; askotariko eragile, elkarte, kolektibo eta norbanakoen inplikazio eta ekarpenetik sortzen direlako jaiak. Hori da jai herrikoien oinarria eta balore nagusia. Eta bestetik, jai-batzordea zazpi kidez osatutako taldea delako. Jaietan dauden ekintza guztien gaineko ardura jai-batzordeak soilik izango balu, egun ezagutzen ditugun jaiak ez lirateke posibleak izango. Zorionez, laguntzeko eta ardurak hartzeko prest dauden pertsona asko ditugu inguruan, eta horrek gure lana asko errazten du.

Iaz jarri zenuten martxan nerabeei begirako programazio eta ekitaldi bereziak, Gazterdi txapelketa batez ere. Zelakoa izan da horren harrera, eta zer espero duzue aurten adin-tarte horri dagokionez?

Iaz abiatu genuen Gazterdi kuadrilla txapelketa, 12-16 urte arteko gazteei zuzenduta dagoena. Izan ere, jai-batzordean aspaldi ikusten genuen jaietako programazio eta ekintzetan adin tarte horri begirako eskaintzan hutsuneak genituela. Sozializaziorako lehen urteak izanik, argi genuen arreta handiagoa eskaini behar geniola sustatzen ditugun ekimen mota eta sortzen laguntzen ditugun harreman-sareetan. Ideia horri tiraka, kuadrilla txapelketa forma eman genion iaz, eta nahiz eta lehen urtea izan, gazte kuadrilla batzuk parte hartzera animatu ziren. Aurten formatu bera errepikatuko dugu eta espero dugu gazte kuadrilla gehiagok bat egitea iniziatibarekin.

Algortako San Inazio jaien egitaraua, osorik, hemen.

Plastikoaren arazoari aurre egiteko pausoa eman zen festetan aspaldi, berrerabiltzeko edalontziak banatuz txosnetan. Ildo horretan, plastikoaren erabilera murrizteko ekimenik duzue buruan?

Bai. Edalontzi berrerabilgarrien erabilera hedatzeari begira, txosnez gain, aurten, herriko eremu ezberdinetako hainbat tabernetan salgai egongo dira. Izan ere, herriko tabernari askok bat egin dute behar honekin eta animatu dira euren lokaletan edalontziaren salmenta ere sustatzeko. jai-batzordetik herritarrei edalontzi hauek erosi eta berrerabiltzeko deia luzatu nahiko genieke. Murriztu dezagun denon artean jaietan sortzen den zabor kantitatea.

Telletxe eta San Nikolas plazez gainera, apurka-apurka Algortako erdigune osora zabaltzen ari dira jaiak. Zelakoa izan da prozesu hori?

Gu beti ahalegindu gara jaiak eremu ezberdinetan garatzen, horretarako programazioan jasotzen diren ekintzak toki ezberdinetan lurreratuz. Hala ere, gure gaitasunak eta baliabideak mugatuak dira eta, horregatik, askotan gune batzuk ahulago geratu ahal zaizkigu. Gure partetik, baliabideak eskaintzen ditugu eremuren bateko komertzio, taberna edo eragileek urrats bat aurrera egin eta euren plaza edo eremuan ekintzaren bat antolatu nahi badute. Hala eman da azken urteetan Katean, Kasino plazan edota Ameztin, eta esperientzia oso positibo gisa baloratzen ditugu.

Denen artean, kuadrillak dira feston bihotza. Zelako parte-hartzea espero duzue?

Kuadrillak dira jaietako bihotza eta motorra. Alaitasuna, freskotasuna eta dinamismoa ematen diete jaiei, bai kuadrilla txapelketako frogak direnean zein horietatik kanpo.

Azken urteetako parte-hartze eta inplikazioa itzela izan da. Azken urtean, 30 kuadrillatik gora izan genituen txapelketan eta aurten antzeko kopuruetan mugitzea aurreikusten dugu. Hori bada pozteko eta harro egoteko arrazoia, kuadrillek bat egiten baitute Algortak sustatzen dituen jai herrikoien ereduarekin.

Nork botako du aurten txupina, eta zergatik?

Jaien hasierako txupina herrian arrastoa utzi duten kide edo elkarteren bati eskaintzen diogu normalean. Aurtengoan, Kantxa Kirol Modako langileek botako dute, eta merezita gainera. Gure ustez, hainbeste urtez gure herriko bizitzan horren presente egon den denda horrek eta bertako langileek aipamen eta omenaldi berezia merezi zuten aurtengo jaietan. Azken finean, gure herriko merkataritza lokalaren aurpegi garrantzitsua izan dira urte luzeetan, eta lan eta dedikazio hori goraipatzekoa dela uste dugu.

"Jaiak egunez zein gauez aske eta seguru gozatzeko aldarria gure egiten dugu, eta horregatik lan egiten ari gara jaiak ere gune seguruak izan daitezen"

Antolatutako ekitaldi guztietatik, zeintzuk nabarmenduko zenituzkete?

Programazioan jasotzen ditugun ekintza guztiak dira interesgarriak eta gozagarriak, hori baita Algortako jaietako bereizgarrietako bat: bere aniztasuna ekintza eta programan. Hala ere, eta zenbait ekitaldi nabarmentzearren, jende askorentzako urteroko zitak direnak aipatuko genituzke: uztailaren 30eko jaitsiera tradizionala Ereagara, txipiroien lehiaketa, kuadrillen frogak, grafiti erakustaldi erraldoia, nagusien Zabalako luntxa, buruhandi eta erraldoien kalejira, Jota eta Arin-Arin txapelketa, Kasinoko bertso-saioak... Zerrenda amaigabea da.

Berritasunik egongo da aurten?

Oinarrizko programa aurreko urteetako ereduaren logikan dago sortua, arrakastatsua den programazio eta jaiak lortzen dituelako, gure ustez. Hori bai, ekintza eta esparru gehienetan ahalegintzen gara urtez urte hobetzen eta ideia berriekin esploratzen. Gazterdi eta Xake txapelketen bigarren edizioa izango da aurten, eta gure nahia bi txapelketa horiek indartu eta egonkortzea litzateke. Aurten, Algortagraff grafiti-erakustaldiaren 5. edizioa da eta berrikuntza ezberdinak planteatuko dira aurreko urteetan egindakoari (eremu gehiago, musika, tailerrak...).

Algorta askotarikoa da, eta jatorri ezberdinetako gizon-emakumeok osatzen dugu herria. Horietako asko, gainera, bazterkeria-egoeran bizi dira, kalean… Zelan integra daitezke auzokide horiek festa giroan?

Guk beti esan dugu jai herrikoiak auzokide guztiontzako espazioak direla edo izatea nahiko genukeela, edozein izanda ere bakoitzaren jatorria. Algortan bizi den auzokide oro da ongi etorria gure herriko jaietan, bai dauden ekimenetan parte hartuz bai ekintza propioak antolatuz. Hori da gure lan filosofia eta hala sustatu dugu jaietan egin izan ditugun ekintza ezberdinetan.

Hala ere, jai-batzordetik oso kontziente gara batzuetan zaila izan daitekeela urrats hori ematea edota gurekin zuzenean harremanetan jartzea. Jaien antolaketarako denbora faltak ere ez du laguntzen prozesu batzuk zaintzeari begira. Horregatik, guk ere arreta eta tentsioa mantendu beharko dugu inor jai guneetatik kanpo gera ez dadin.

Azken hilabeteotan udalerrian zabaltzen ari den “segurtasun ezaren” mezuen aurrean, zer uste duzue?

Gehiegi puztu den errealitatea dela, zoritxarrez. Zenbait eremuetatik (hedabideak eta politikoa barne) gure herria ez dela segurua zabaldu dute azken hilabeteetan, eta horrek giroa nahastea eta gaiztotzea eragin du herritarren artean, sekulako arduragabekeria dena, gure ustez.

Zalantzarik gabe, guk inolako erasorik gabeko jaiak nahi ditugu. Jaiak egunez zein gauez aske eta seguru gozatzeko aldarria gure egiten dugu, eta horregatik lan egiten ari gara jaiak ere gune seguruak izan daitezen (protokoloak, puntu morea, kanpaina komunikatiboak, etab).

Hala ere, azken hilabeteetan ustezko segurtasun eza pertsona migratu eta arrazializatuekin lotzeko tentaldia ikusten ari gara gurean. Argi eta garbi esan nahi dugu jai-batzordeak ez dituela halako jarrera eta diskurtso arrazista eta xenofoborik onartzen eta jai herrikoiak denon gozamenerako eremua izatea nahi dugula eta hala sustatuko dugula. Jaien balore eta filosofiarekin bat egin eta jaiez modu aske eta seguruan gozatzeko konpromisoa duen auzokide guztiek dute tokia gure herriko jaietan.

Erlazionatuak

Algortako San Inazio jaiak

Iker Rincon Moreno mai 02 Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun