Algortako saninazioen kuadrillen txapelketako garaikurra altxatu zenuten iaz, 2023an. Zelan gogoratzen duzue une hori?
Oso berezia izan zen. Orain bost urte irabaztear egon ginen eta bigarren postuan gelditu ginen azkenean. Joan den urtean, irabaztearekin, arantza hori kendu dugu. Algortarrak izanda, oso berezia eta hunkigarria da guretzat.
Gainditu beharreko proba guztietatik, zein duzue gaur gaurkoz gogoan?
Tortilla-txapelketa beharbada. Azken egunean egiten da, eta helburua da 3 gauren ostean azken goiz horretara garaiz iristea. Gainera, tortilla ez dugu tamaina estandarrekoa egiten. Joan den urtean 100 arrautzako tortilla egin zuen Lasa sukaldariak, eta plaza erdia elikatu genuen.
Zein izan zitzaizuen gogorrena?
Denak, ajearekin goazelako... Baina bereziki Rallya. 10 urteren ondoren beteranoak gara, mutil eta neska azkarragoak eta indartsuagoak datoz gure atzetik... Hala ere, gogoa ez zaigu faltako. Aurten ere lehiatuko gara.
"Joan den urtean 100 arrautzako tortilla egin zuen Lasa sukaldariak, eta plaza erdia elikatu genuen"
Zuen ustez, zein da kuadrillen txapelketa irabazteko gakoa?
Guk arreta berezia eskaintzen diogu jaitsierari. Azken urteotan originalak ari gara izaten; ideia sinple bati etekina ateratzean dago gakoa gure ustez. Horrek ikusleen arreta pizten du eta barreak sortu ere bai. Ez dakit jendeak gurekin egiten duen barre edo gutaz (kar-kar-kar). Jaitsiera ona eginda, lehen proba denez, sailkapeneko lehen postuetan jarraitzen ahalegintzen gara gainontzeko probetan.
Helburu hori zenuten lehiatzen hasi zinetenean?
Askotan probaren bat edo beste azken orduan prestatu dugu (proba hasteko azken ordu tartean, literalki). Talde askok hilabeteak egiten dituzte probak prestatzen, eta, hala ere, ez dute sekula irabazi. Pikeren bat ere badaukagu kuadrillaren batekin.
Pregoia irakurri beharko duzue aurten; zer mezu helaraziko duzue?
Algortako saninaziotara etorri nahi duenak emakumeenganako eta sexu askatasunerako errespetuzko jarrera erakutsi beharko du, eta horren aldeko mezua egingo dugu. Sorpresaren bat ere izango da.
Aurten ere parte hartzeko asmorik duzue?
Oraindik martxa daukagu urte batzuetarako.
Lehiaketan parte hartzera animatuko zenituzkete udalerriko kuadrilla guztiak?
Giro ederra arnasten da jaietan, eta kuadrilla batzuk nagusitzen ari gara. Horrek erreleboa behar du.
Gaua ala eguna?
Elektrotxarangarekin arratsalde batean sortzen den giroak ez dauka parekorik.
Txosnak ala tabernak?
Txosnak.
Algortako San Inazio jaien egitaraua, hemen.
San Nikolas plaza ala Telletxe?
Tartekatzen goaz. Egunaren edo dauden kontzertuen arabera.
Zelan baloratzen dituzue San Inazio jaiak?
8 batekin. Oso gustura egiten ditugu probak, Eneko Caballero futbol txapelketan ere parte hartu dugu eta bazkarietara ez dugu hutsik egiten. Egitaraua nahiko txukuna eta osoa izan ohi da.
Zerbait botatzen duzue faltan horietan?
Garai batean, gu ume mokoak ginenean, bigantxen proba zegoen Hirukoiztarren ondoan. Kuadrillan behin baino gehiagotan hitz egin dugu horretaz.
Eta zer balorazio egiten diozue jai-batzordeari?
Oso ona. Lan handia egiten dute musu-truk eta hori beti da eskertzekoa. Gainera, aurten, kuadrillekin hartu-emana handiagoa ari da izaten, probak proposatzerako orduan esaterako.
Eta Udalari?
Txosnetako musika gauean ordu gehiagoz luza dezala eta finantzazio eta baliabide gehiago eman diezaiela Getxoko jai-batzordeei.