HAPOaren hasierako onarpena 2022ko irailean izan zen, eta, udal-arduradunek gogoratu dutenez, uztaileko osoko bilkuran dokumentu berria onartuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak aldeko txostena eman ondoren behin betiko onarpena faltako litzateke.
Aldaketa garrantzitsuenak
Guztira 2.100 proposamen eta alegazio baino gehiago aurkeztu dira, eta horietatik proposatu dute: osorik edo zati batean 588 baiestea eta 1.155 ezestea eta horietatik 438ri erantzun argigarria ematea. Horiek hirigintza-dokumentuagaz batera onartuko dira. Horietatik guztietatik, 676 soilik dira bakarrak, eta guztira 1.479 alegazio errepikatu eta 16 motatan multzokatuta daude.
Udalak azaldu duenez, baiesteko kontuan hartuko diren alegazioak beren proposamenen interes publikoagatik eta HAPO berria egituratzen duten zehaztapenakaz bat etortzeagatik izan da; ezestea proposatzen direnak izan da ez datozelako bat HAPOren zehaztapenakaz eta ahalmenakaz, edo indarreko legeriaren aurkakoak direlako, eta argitu beharrekoek HAPO berriaren zehaztapenei buruzko interpretazio-zalantzak argitzeko erantzuna jasoko dutela iragarri du.
Legearen arabera, alegazioak ebazteko eta plana behin-behinean onartzeko erabakia hartu ondoren, alegazioaren ebazpenari buruzko jakinarazpena jasoko du herritar edo erakunde alegatzaile bakoitzak.
Edozein kasutan ere, behin-behineko onarpenerako dokumentuak ez du lurralde-egitura aldatzen duen funtsezko aldaketarik, ez eta hasierako onarpeneko dokumentuari dagokionez funtsezko zehaztapenik ere: "Egindako aldaketak herritarrek egindako ekarpenen ondorio dira, bai eta HAPOren definizioan esku hartzera deitutako beste administrazio batzuen txosten sektorial ugarien eraginaren ondorio ere".
Hain zuzen ere, udal-iturriek zehaztu dute ezohiko osoko bilkurara eramatea proposatu dela, egiteke zeuden txosten sektorial guztiak eduki direnean, azkena ekainaren 4an jaso baitzen.
Beste administrazio batzuetatik heldu behar ziren txosten sektorial guztiak jaso ondoren, gobernu-taldeak uste du ez direla gehiago atzeratu behar aurkeztutako alegazioei eman beharreko erantzunak, "lege-araudiaren arabera behin-behineko onarpenarekin izapidetu behar baitira". Aukeratutako datak, baina, ezinegona eta kexak eragin ditu oposizioko alderdi batzuen artean.
Hurrengo urratsak
Datozen urratsei dagokienez, arduradunek aurreikusten dute uztailaren 5ean talde politiko guztiek informazio-bilera bat egitea Erredakzio-taldeagaz, gaur entregatutako dokumentuan jasotako iradokizun eta ekarpen nagusiak aztertu eta zehatz azaltzeko. Taldeen zalantzak Erredakzio-talde horregaz hilaren 12an egingo den beste topaketa batean argituko dira. Gainera, gobernu-taldeak proposatutako egutegiak Lurraldeko Ezohiko Batzorde bat aurreikusten du uztailaren 19an, aurretiko prozesua, horren onarpena uztailaren 26ko osoko bilkurara eramateko balio izango duena. Batzorde horren gai-zerrenda, alde batetik, batzordearen beraren irizpena behin-behinean onartzeak markatuko du, eta, bestetik, alegazioak ebazteko prozesuak.
"Plan berri horren helburua da Getxo hiri eta gizarte ikuspegitik kohesionatutako hiria izatea, auzo guztiak hiri erakargarri baten protagonista sentitzea, aurrera egiten duen eta etorkizunerako proiektuak dituen hiri baten protagonista", azpimarratu dute udal-arduradunek. "Getxo jasangarria, segurua, erresilientea, trinkoa eta inklusiboa, guztiontzako hiria, giza eskala galduko ez duena eta genero-ikuspegia integratuko duena. Iraunkortasun integratuan oinarritutako hiri-eredu berri bat definitzen duen HAPOa, Getxoren egungo beharrak eta etorkizuneko belaunaldientzako beharrak asetzeko".