Koalizio abertzalearen ustez, EAJ, PSE-EE eta PP gauzatzen ari diren prozesua “iluna” da, “elkarrizketarik gabea, eta herritarren parte-hartzea zaildu nahi du”, eta gogoratu du plana 15 urteko atzerapenagaz izapidetzen ari dela.
EH Bilduk azaldu du gobernu-taldeak hiru hilabete eman zizkiela interesatuei alegazioak aurkezteko, eta, horiek aztertzeko 18 hilabete igaro diren arren ordutik, oraindino ez zaiela horiei erantzun. Ildo horretan, deitoratu du gobernu-taldearen asmoa dela alderdi politikoek, eragile sozialek eta auzokideek HAPO berria aztertu ahal izatea 5-10 egunean, haiek 18 hilabete horiek izan dituzten arren prestaketa-lanak egiteko.
Horrez gainera, plana onartzeko aukeratutako eguna egokia ez dela iritzi dio EH Bilduk, uztailaren 26a, Aixerrotako Nazioarteko Paella Lehiaketaren hurrengo eguna, eta saninazioak hastear daudela, “zalantzarik gabe opakutasuna eta herritarren desmobilizazioa bilatuz”.
Salatu du ere, 2022ko urriaren 19az geroztik, HAPOren hasierako onarpena onartu zenetik, ez EAJk ez PSE-EEk ez dutela behin ere EH Bildurengana jo, “udalerriaren etorkizunerako funtsezkoa den HAPO batean elkar ulertzeko puntuak bilatzeko. Beraiek osatzen dute gobernu-taldea eta beraiei dagokie elkarrizketarako ekimena”. Hori horrela, koalizioa nabarmendu du elkarrizketarako borondaterik ez dagoela, “eta, beste behin ere, eskumakoena den alderdia aukeratu dutela, eta, jakina, kontrolik gabeko zementuaren laguna dena”.
Getxoko auzokideek 2.000 alegazio baino gehiago aurkeztu zituzten HAPO berriaren kontra, eta horiek guztiek ez dituzte banakako erantzunik jasoko, harik eta onarpenaren osoko bilkura egin arte.
Horren guztiaren aurrean, gobernu-taldeak diseinatutako prozesuak, EH Bilduren ustez PPren babesagaz, urrats hauek dituela iragarri du:
- Uztailaren 1a, HAPO berria entregatu.
- Uztailaren 5a, HAPOren erredakzio-taldeagaz bilera.
- Uztailaren 12a, erredakzio-taldeagaz bilera, zalantzak argitzeko.
- Uztailaren 16a, HAPOko batzordearen deialdia. Une honetan, alegazioak aurkeztu dituztenek erantzuna ezagutuko dute.
- Uztailaren 19a, HAPOko batzorde berezia.
- Uztailaren 26a, HAPO onartzeko ezohiko osoko bilkura.
“Argi geratzen da prozesua iluna dela. Prozesu honek eztabaida eta herritarren parte-hartzea eragotzi nahi du eta uda garaian babestu egiten da aurrera ateratzeko”, ondorioztatu du koalizio abertzaleak. Horren aurrean, jakinarazi du EAJko arduradunari galdetu diotela ea prozedura horrek herritarren parte-hartzea sustatzen duen, “eta erantzuna laburra izan bada: baietz esan du. Gure ustez, prozedura horiek parte-hartzea mugatzen dute, eta ez dira datozen 20 urteetarako udalerriaren etorkizunari heltzeko moduak”.