Portu Zaharreko jaietan izandako sexu-erasoak salatzeko elkarretaratzea egin dute

Ander Zarraga 2024ko abu. 13a, 09:42

Atzo, eraso matxista salatzeko Portu Zaharreko eskaileratan izandako elkarretaratzearen irudia. © PODEMOS GETXO

Dozenaka herritar bildu ziren atzo arratsaldean Algortako Portu Zaharreko eskaileretan, jaietan izandako eraso sexistak gaitzesteko. Algortako Mugimendu Feministak egin zuen deialdia, aste-akabuan ospatu diren festetan hainbat eraso matxista salatu baitituzte.

Emakume batek sexu-erasoa pairatu zuela salatu zuen domeka goizaldean, Portu Zaharretako jaietako testuinguruan, baina ez da bakarra izan, Algortako Mugimendu Feministak jakinarazi duenaren arabera, festa horietan beste hainbat eraso matxista izan baitira.

Hala, aurretik ospatu diren Algortako eta Itzubaltzeta/Romo eta Pinuetako jaietan egin zuten bezala, emakumeen aurkako indarkeria matxista gaitzesteko elkarretaratzea egin zuten atzo arrastian, abuztuak 12, Portu Zaharreko eskaileratan.

Beste behin, mugimendu feministako kideek berretsi zuten jai-eremuak seguruak izan arte borrokan jarraituko dutela: "Edozein erasoren aurrean erantzungo dugu: ez dugu erasorik onartuko, ez jai-guneetan ezta bizitzako beste edozein eremutan ere. Erasotzaile eta konplize guztiak, aurrean izango gaituzue!".

Horregaz batera, Getxoko Udalak "emakumeen aurkako indarkeria mota guztien aurrean gaitzespen irmoa" azaldu eta eraso matxisten aurrean zero tolerantzia adierazi zuen. Horregaz batera, biktimari elkartasuna adierazi zioten eta indarkeria matxistaren aurrean jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloa aktibatu zuen. Bukatzeko, komunikatuan zera azpimarratu zuten gertatutakoaren inguruan: "Emakumeen aurkako indarkeriaren arazoaren zati bat baino ez duela erakusten, eta arazo horren haztegia emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen dela".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun