"Irurak Bat" auzia

Babes berezia zuen "Irurak Bat" eraikina eraitsi dute, lizentziarik gabe

Iker Rincon Moreno 2024ko abu. 30a, 09:26

Eraikina zegoen orubea, hutsik, gaur egun.

Algortako Portu Zaharrera bidean, San Nikolas kaleko 11 zenbakian lekututa zegoen “Irurak Bat” eraikina guztiz bota du Ereaga Atalaya kooperatiba enpresa eraikitzaileak modu irregularrean, azpiegitura udal-zaintzapekoa izan arren, lizentziarik gabe. Bertan etxebizitzen azpiegitura bi eraikitzen ari dira, baina, Getxoko Udalak jakinarazi duenez, obrak geldiarazi dituzte, legezkotasuna berrezarri arte, obra-lizentzian ezarritako baldintzak bete ez direlako.

San Nikolas kaleko 11 zenbakian 12 etxebizitza eraikitzeko proiektua dago, eraikin zaharrean sei birgaituta eta eraikin berri batean beste sei eraikita. Aurreproiektuaren arabera, XIX. mendeko “Irurak Bat” eraikinaren hormak mantendu behar ziren, “barrualdean ondoan eraikiko duten etxebizitza berrien erosotasun modernoa” txertatuta.

SAN NICOLÁS 11 Foraster Arquitectos

Ildo horretan, tokiko auzokide batzuek gogoratu dute eraikin hori udal-zaintzapekoa dela eta, ondorioz, babestuta dagoela. Hala ere, deitoratu dute obrak hasi eta gutxira eraikina hustu, teilatua kendu eta hegoaldeko horma bota zutela; bitartean, beste hiru fatxadak aldamioz habetuta mantendu zituzten. Uda bete-betean, baina, Algortako saninazioak pasata, zutik zirauten etxe-aurreak ere bota zituzten, Udalaren lizentziarik gabe, auzokideek salatu eta HIRUKAk baieztatu ahal izan duenez.

Auzokideek jakinarazi dutenez, “Irurak Bat” eraikinak babes maila baxuena zuen, udal-zaintzapeko eraikina baitzen; hala, hura eraisteko aukera zegoen, betiere Udalari lizentzia eskatuta eta dagokion prozedura jarraituta. Hala ere, kasu honetan ez da halakorik izan, eta, ondorioz, obrak behin-behinean geldiarazteko agindua eman zuten abuztuaren 9an Getxoko udal-zerbitzu teknikoek, obra-lizentzian ezarritako baldintzak bete ez direlakoan. Hori horrela, Getxoko Udalak hilabeteko epea eman dio obren arduradunari egoera erregulariza dezan.

Egoera honen aurren, hainbat auzokide kexu dira Getxon konparaziozko bidegabekeria dela Algorta eta Neguri aldeko egoeragatik. Diotenez, bigarren auzoan hainbat etxebizitza historiko birgaitu dira, fatxadak mantenduta, Algortan hainbat bota dituzten bitartean, hala nola Haurtegia, Errementarienako etxea eta, orain, “Irurak Bat”.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun