Guztira, 13 izango dira Getxo Folk jaialdiak hartuko dituen emanaldiak, eta, iaz bezala, hiru kokapenetan izango dira agertokiak. Hala, Muxikebarrik ordainezko kontzertuak hartuko ditu (20:00etan) artista nagusien eskutik; Areetako Xake plazan goizeko (13:00) eta arrastiko (18:00 eta 19:30) emanaldiez gozatzeko aukera egongo da, non estilo eta jatorri askotako talde eta artistek bat egingo duten. Azkenik, Ereagako hondartza izango da gazteentzako emanaldien eszenatokia barikuan eta zapatuan, 22:00etatik aurrera.
Ordainpeko emanaldiak
Lehenengo egunean, irailaren 11n, Muxikebarrin, Antonio Zambujo (1976, Beja) abeslari portugaldarrak eta Yamandu Costa (1980, Passo Fundo) gitarra-jotzaile brasildarrak osatutako bikotea arituko da. Artista horiek ibilbide luzea egin dute euren herrialdeetan eta portugesezko musika-eszenan. Oraingoan, Getxora datoz Prenda minha lan berria aurkeztera. Ibilbide horretan, kantu herrikoi lusiar-brasildarrak eta gaztelerazko kantutegia ikusi ahal izango dira.
Biharamunean, irailak 12, Milladoiroren txanda izango da. Santiago de Compostelan sortutako taldeak 70eko hamarkadaren amaieratik Galiziako tradizioaren soinuak mundu osoan zehar eraman ditu, eta Getxora bere 45. urteurreneko biran barrena dator seikotea, publikoari bere arrakasta handiak biltzen dituen errepertorioa eskaintzeko.
Hilaren 13an, barikuan, jazz eta jazz-fusioaren eszenako artista entzutetsu biren txanda izango da: Richard Bona (1967, Minta) baxu-jotzaile eta abeslari kamerundarra eta Alfredo Rodríguez (1985, Habana) pianista kubatarra. Grammy baten irabazlea, Richard Bona jazzaren eta afropoparen eszenako baxu-jotzaile, konpositore eta multiinstrumentistetako bat da, afrikar jatorrira igortzen duen soinu paregabearen sortzailea. Bere musikak kontinenteko tradizioak, kultura, edertasuna eta arazoak jorratzen ditu.
Bestalde, Alfredo Rodríguez musikari-familia batetik dator, eta laster nabarmendu zen bere trebetasunagatik. Bere aita Alfredito Rodríguez herrikoiaren eskutik etorri zen herri musikan murgiltzera, eta haregaz lan egiten du genero dantzagarrien konposizioetan. Ohikoa da mundu osoko jazzaldietan, eta Quincy Jonesek berak babestu zuen, 2007an Montreauxko Jazz Jaialdi ospetsuan aritu ondoren. Harrezkero, ibilbide sendoa egin du, eta, horren ondorioz, Grammy sarietarako izendatu dute, eta bere belaunaldiko piano-jotzaile nabarmenetariko bat bihurtu da.
Hitzordu handienetako bat Buika (1972, Palma Mallorcakoa) abeslari ekuatoginear-espainiarraren eskutik izango da irailaren 14an. Buika artista polifazetikoa da. Abeslaria, konpositorea eta olerkaria, mundu osoan goraipatu dute bere ahots hunkigarriagatik, bere musika estilo atipikoagatik eta bere letren hausnarketa inspiratzaileengatik. Grammy latino bat irabazi du, eta besteak beste Carlos Santana, Path Metheny, Seal edo Chavela Vargas bezalako artistakaz kolaboratu duela. Azken urteotan ospe handia lortu du “Operación Triunfo” talentu-saioaren epaimahaikide izateagatik.
Azkenik, hilaren 15ean, Getxo Folk-en 40 urteko ibilbidea ospatzeko, hitzordurako prestatutako Getxo Folk 40 izeneko ikuskizuna egongo da gozagai. Kultur Etxeak Juantxo Zeberio musikari eta konposatzaile ezagunari eskatu dio urteurrenerako euskal folkaren iragana, oraina eta geroa aitzakia hartuta ikuskizun berezi bat osatzeko. Ikuskizun horretan Maddi Oihenart, Olaia Intziarte, Agus Barandiaran (Korrontzi), Juan Mari Beltran, Leturia, eta Verde Prato artista eta taldeak batuko dira, besteak beste, azken lau hamarkadetako euskal musikaren bilakaera islatzeko.
Rodrigo Cuevas eta Esne Beltza, Ereagan
Hilaren 13ko egunari amaiera emateko, azken urteotan Espainiako Estatuko musika arloan nabarmendu den Rodrigo Cuevas arituko da. Artista asturiarra La Romería ikuskizun arrakastatsuaren biraren barruan iritsiko da Getxora. Horrek munduko musiketatik eta soinu elektronikoetatik igarotzen diren jai-erritmoak hurbilduko dizkio publikoari, kabaret eta zirku diziplinak barne hartzen dituen antzezpenaren bidez. Emanaldia Ereaga hondartzako aparkalekuan izango da, 22:00etatik aurrera, eta sarrera doakoa izango da.
Irailaren 14an, zapatuan, Esne Beltza talde hernaniarra arituko da leku berean. Banda gipuzkoarrak doinu-estilo anitzeko fusioa eta mestizajea eratu du, esaterako rock, euskal folk, hip-hop, reggae eta flamenkoaz baliatuta. Esne bidea azken diskoa besapean dutela iritsiko dira Getxora. Lan horren bitartez agur esango diete agertokiei, “Agur deneri” izeneko azken bira egingo dutela iragarri eta gero.
Areetako Xake plaza
Folk Jaialdiaren eskaintza osatuko dute Areetako Xake plazan izango diren aire zabaleko saioak. Horietan, honako talde eta artista hauek arituko dira: Folk Rippers, Susan Santos gitarra-jotzailea, The Magpies banda, Karmento abeslaria, Gorrondatxe talde getxoztarra eta De Ninghures banda.
Saio guztiak doakoak izango dira eta ordu desberdinetan hasiko dira (13:00, 18:00, 19:30). Bestalde, jaialdira bertaratuko direnek Stow Pipe Band gaita-banda eskoziarraren desfileez gozatzeko aukera izango dute barikutik domekara eta, musika eskaintzaz gain, Muxikebarrin Folk Jaialdiko edizio guztietako kartelen erakusketa ere egongo da.
Halaber, aipatu behar da gaur hasita Romo Kultur Etxean abiatu den “Bizkaiko musikari tradizionalak” erakusketa, Itxartu Taldeak eta Getxoko Kultur Etxeak antolatutako ekimena, hain zuzen ere, joan den mendetik gaur egunera arte Bizkaian izan diren musikari ezagunen lana nabarmentzen duena.
Egitarau osoa, hemen.
Ikuskizunetarako hamaika sarrera ere zozkatuko ditu HIRUKAk, zeinetan parte hartu gura duzu?