Egungo "turismo eredu eutsiezina" salatu du Jauzi Ekosozialak Getxon

Iker Rincon Moreno 2024ko ira. 13a, 12:30

Atzo, Ereaga hondartzan egindako ekintzaren irudietako bat. © JAUZI EKOSOZIALA

Udako "turismo eredu neurrigabearen inpaktu kezkagarria" salatu zuen atzo, eguenean, Jauzi Ekosoziala talde ekologistak Getxoko Ereaga hondartzan egindako ekintzan. Eskuareen laguntzaz, "Turismo eredu honek hiltzen gaitu" leloa idatzi duten hareatzan, handi-handi. "Udara bukatzear da, eta aurten ere gure txokoak turismoaren mesedeetara saldu dira", adierazi zuen ekintzaren ostean taldeko bozeramaile Nerea Zuluagak.

Talde ekologistak deitoratu du Euskal Herriko hondartzak eta bestelako txoko batzuk "gutxi batzuen botere gogoa asetzeko tresna" bilakatu direla: " Bertako kostaldea milaka turista dakartzaten gurutzaontzien portu bihurtu da, eta hiri nagusietako auzoak etxe turistikoz josi dira". Ildo horretan, ohartarazi dute "neurrigabeko" turismo eredu horrek "inpaktu itzulezina" eragiten duela itsasoan, airean eta lurrean.

Horrez gain, azpimarratu dute turismo-mota horrek eragin zuzena duela herritarren bizi kalitatean. Besteak beste, nabarmendu dute negozio txikien gainbehera bultzatzea dakarrela, baita etxebizitza eskubidea ukatzea eta osasun arazoak areagotzea ere. "Bidaiatzaa aske eta arrakastatsu izatearen ikur gisa saldu digute. Baina noren askatasun? Noren arrakasta?", galdetu du Zuluagak. "Ez nirea, ez zurea", ondorioztatu du.

Jauzi Ekosoziala taldeak #NahikoaAskiDa traolaren pean egin zuten atzoko ekintza, baina, oraindino, beste protesta batzuk egingo dituzte; hurrengoa bihar, zapatuan, egingo dute: taldeak bizikleta-martxa bat egingo du Sondikako aerodromora, jet pribatuen isurketak salatzeko. Zutabeetako bat Getxotik abiatuko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun