Eraso sexisten kontrako kanpainaren barruko arreta zuzeneko gune morea eta zaintza operatiboa jarriko dute Mesedeetako jaietan

Iker Rincon Moreno 2024ko ira. 18a, 13:04

Aste-akabu honetan Areetan ospatuko diren Mesedeetako jaiak direla-eta, Getxoko Udalak hainbat neurri hartuko ditu adingabeen artean alkoholaren kontsumoa ekiditeko eta erasoak saihesteko. Gainera, gune morea jarri eta tabernen ordutegiak luzatuko dituztela jakinarazi du. Era berean, gogoratu du hilaren 24an jai-eguna izango dela udalerrian, Mesedeetako Egunean.

Eraso matxisten biktimentzako arreta zuzeneko gune morea Areetako Andres Larrazabal eta Paulino Mendivil kaleen elkargunean kokatuko da Mesedetako jaietan, "Indarkeria matxistarik gabeko egunak eta gauak" lelopeko kanpainaren barruan antolatuta, biktimentzako arreta zuzena eta berehalakoa bermatzeko, zaintzan eta bere iritzi eta nahiekiko errespetuan oinarritua.

Gainontzeko jaietan bezala, toki seguru eta lasaia izango da, karpa baten azpian, erasoa jasan duen emakumeari edo LGTBIQ+ pertsonari laguntzeko, egun eskuragarri dauden zerbitzuen berri duten emakume profesionalek artatu eta aholka diezaioten. Edozein intentsitateko eraso matxistaren aurrean, erasoa jasan duenari arreta emozionala, presentziala, telefono bidezkoa eta laguntza emango diote eta indarkeria matxistako egoeren aurrean herritarrak sentsibilizatze aldera, informazioa ere eskainiko diete hurbiltzen diren pertsonei.

Zerbitzuaren ordutegia hurrengoa izango da: irailaren 20an, 23:00etatik 24:00etara, irailaren 21ean, 00:00etatik 02:30era eta 23:00etatik 24:00etara, eta irailaren 22an, 00:00etik 02:30era. Arreta-gune moreak artatzen dituzten emakume profesionalakaz harremanetan jartzeko aukera izango da 747 407 311 telefono-zenbakiaren bidez.

Bestalde, Adikzioen Prebentzio Zerbitzuak irailaren 21ean, 21:00etatik 00:30era bitartean, aisialdi-eremuan kontsumoari lotutako arriskuak prebenitzeko eta murrizteko jarduera bat antolatuko du, alkoholaren kontsumoaren eraginei eta arriskuei buruz sentsibilizatzeko. 

Segurtasun neurriak

Udaltzaingoak, beste urte batez, Ertzaintzagaz elkarlanean, operatibo bat jarriko du martxan, ahal den neurrian, istilurik gerta ez dadin eta adingabeei alkohola kontsumitzea ekiditeko. Operatiboaren barruan polizia taldeak jai eremutik eta inguruetatik ibiliko dira, eta zaintza kamerak izango dira jai eremuan.  

Ostiral arratsaldetik, hilak 20tik, igandera arte, hilak 22ra arte, adingabeei alkohola ez  saltzeko eta edari alkoholikoak atzemateko zaintza berezia jarriko dute kalez eta uniformez jantzitako poliziek. Horretarako, eta baita beste era batzuetako istiluak ekiditeko ere, gaueko txandak indartuko dituzte. Alkoholemia prebenitzeko kontrolak ere egingo dituzte, udalerriko sarrera eta irteeratan. 

Gainera, jai eremuetan saltzaile ibiltariak egotea eragotziko du Udaltzaingoak, "legez kanpoko jarduera egitea eragozteko, tokiko merkataritzarako eragin ekonomikoa eduki dezakeena".  

Karpa bat jarriko da

Era berean, Udaltzaingoak berehalako arreta emateko karpa jarriko du zapatuan, hilak 21, 19:00etan, Nagusi eta Andres Larrazabal kaleen artean, herritarrak joan ahal izateko, liskar, lapurretak gertatzekotan edo laguntza behar izatekotan. Hori indarrean izango da domekan, hilaren 22ko goizeko 05:00ak arte.

Tabernak ixteko ordutegia, zabalduta

Bestalde, jaietan, Areetako ostalaritzako establezimenduek, jaietan ohitura denez, ohiko ordutegia baino ordu bat eta erdi geroago itxi ahal izango dute irailaren 20an eta 21ean, barikuan eta zapatuan.

Tokiko jai-eguna

Irailaren 24an, martitzenean, Mesedeetako Eguna da, eta 2024 urteari dagokion herriko jaia izango da Getxon. Hori dela eta, Udalak jakinarazi du bere bulegoak eta gainontzeko udal sail guztiak itxita egongo direla.

Getxoko Kultur Etxeko bulegoak, udal liburutegiak eta euskaltegia, eta Andres Isasi Musika Eskola ere itxita egongo dira. Romo Kultur Etxean jai eguneko ordutegia izango dute, hau da, 09:00etatik 21:00etara (liburutegiak itxita egongo dira, erabilera anitzeko gelak ikasteko egokituko dira, baldin eta okupatuta ez badaude, eta ez da sarrera-salmenta zerbitzurik egongo).

Getxo Kirolak-en ere ez dituzte irekiko Fadura eta Gobelako jendearentzako arreta-bulegoak, eta kiroldegiak jaiegun arrunt gisa irekiko dira, hau da, 08:00etatik 21:30era.

Turismo Bulegoa zabalik egongo da bere ohiko ordutegian: Ereagan 09:30etik 14:30 arte eta 16:00etatik 19:00etara arte. Bizkaia Zubiko Informazio gunea ere irekita egongo da: 09:30etik 14:30era eta 16:00etatik 19:00etara.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun