"Irurak Bat" auzia

Getxoko Udaleko oposizioak bere "kezka" agertu du gobernu-taldeak emandako azalpenak "ez nahikoak" direlakoan

Iker Rincon Moreno 2024ko ira. 19a, 14:14

Lurraldeko Informazio Batzordea, gaur.

Algortako San Nikolas kaleko 11 zenbakian zegoen "Irurak Bat" etxearen eraisketaren nondik norakoak azaldu ditu gobernu-taldeak Lurraldeko Informazio Batzordean. Horretan, Udalaren jarduteko modua defendatu dute Alvaro Gonzalez eta Iñigo Urkitza zinegotziek, "uneoro legezkotasuna" bete duela argudiatuta. Hala ere, PP, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos taldeek gobernu-taldeak emandako azalpenak "ez nahikoak" direla iritzi diote, eta erantzukizunak eskatu dituzte.

PPren ustez, "Irurak Bat" auziaren nondik norakoen azalpenak eman dituzten arren, oraindino zalantza ugari dituzte proiektu horrekiko, eta gobernu-taldearen "zehaztasun eta gardentasun falta" deitoratu du. Izan ere, popularren arabera, egindako galderei erantzunak eman dituzten arren, horiek ez dira nahikoak izan antzemandako irregulartasunak argitzeko, hala nola lizentziari eta obrei dagokienez.

Bere aldetik, EH Bilduk bere kezka agertu du, "kontraesanak" daudelako gobernu-taldeko bozeramaileek gaiari buruz emandako azalpenetan, eta zalantzan jarri dute benetan eraisketa "urgentziazkoa" izatea: "Enpresak dio hodi baten apurketak maiatzaren 15ean eragindako uholdeen ondorioz kaltetu zirela fatxadak, baina abuztuaren 2ra arte itxaron dute eraisteko. Zenbateko urgentzia egon da, bada?".

Koalizio abertzaleko zinegotzi Mikel Bildosolak deitoratu du gaurko agerraldiaren ondoren argi gelditu dela gobernu-taldea (EAJ eta PSE-EE) ez dagoela prest udalerriko ondare historikoa babesteko eta, horren aurrean, iragarri du mozioa aurkeztuko duela iraileko osoko bilkuran, "babestutako eraikinen kopurua handitu eta euren eraisketa eragozteko". Gainera, "Irurak Bat" eraikinaren eraisketaren dokumentazio guztia Fiskaltzaren esku uzteko eskatu dio berriro ere Udalari: "Horren argi baldin badute Udalak legalitatea bete duela, ez dezatela itxaron zehapen-espedienteak ondorioztatzen duenari, eta zuzenean jo dezatela Fiskaltzarengana".

Elkarrekin Podemosen ustez ere, emandako azalpenak ez dira nahikoak izan, zalantza asko "erantzunik gabe" geratu direlako: "Gure ustez Getxok ezin du ondarea galtzen segitu eta Hirigintza arloaren funtzionamendua hain irregularra izaten jarraitu, hain atzerapen luzeekin, ondarea babesteko prozedurarik gabe eta bitarteko urriekin".

Horrez gainera, Elkarrekin Podemosek eraisketaren kasua eta Hirigintza Arloaren funtzionamendua ikertzeko batzorde bat sortzeko proposamena egin du, baina Lurraldeko Informazio Batzordeko presidenteak, Janire Ociok, ukatu egin du bozketa, Udal Erregelamendu Organikoak ahalbidetzen ez duelakoan. Hala ere, proposamen hori legerian jasota dagoen gai bat dela azpimarratu du talde moreko zinegotzi Xabier Benitok. Hartara, azpimarratu du berriro ekingo diola batzorde hori sortu arte, ondorengo batzordeetan, osoko bilkuran edo, bestela, lurraldeko ezohiko batzordeen deialdia behartuz, "oposizioaren gehiengo osoari esker, kasu hau eta arlo osoaren funtzionamendua ikertzen jarraitzeko konpromisoa berresten badu".

Era berean, popularrek eta talde moreak kritikatu dute Udalak proposatutako zigorra isun batera mugatzea, "are gehiago aurrean dugun egoera larriaren aurrean". Ildo horretan, Xabier Benitok, Elkarrekin Podemoseko zinegotziak, deitoratu du zabaldutako zehapen-espedienteak zigor ekonomiko bat aurreikusten duela soilik; "ez da inon ageri inhabilitaziorik edo bestelako zigor penalik". Gainera, azpimarratu du, zigorraren baitan, "larria" aipatzen dela, "ondarearen eraisketaren kasuetan oso larria izan beharko zukeenean". Hala, jakinarazi du enpresari ezarri ahalko litzaiokeen isuna, boluntarioki ordainduko balu, 3.000 eta 32.000 euro artekoa izango litzatekeela. "Ez litzateke zigor eredugarria izango, are ikusita eraikiko dituzten luxuzko etxebizitzak 700.000 eurora bitartean salduko dituztela".

"Herritarrek galdetu dute ea zergatik ez den bide judizialera jotzen erantzukizun penalak jazartzeko eta argitu gabe dauden zalantza guztiak argitzeko. Asko dago erantzuteko eta ikertzeko Getxon eztabaida handia sortu duen kasu honetan. Beharrezkoa da irregulartasun guztiak argitzea eta erantzukizunak hartzea proiektu honen esparruan egindako balizko arau-hausteen aurrean", gaineratu du Eduardo Andrade bozeramaile popularrak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun