Algortako San Nikolas kaleko 11. zenbakian zegoen "Irurak Bat" eraikina eraisteari dagokionez, Getxoko Udalak gaur goizean egindako Lurraldeko Informazio Batzordearen bileran berretsi egin du "legearen arabera eta funtzionarioen irizpide teknikoekin bat etorriz" jardun duela; une bakoitzean informazioa eduki duen neurrian, arduraz jokatu duela eta indarrean dagoen legezkotasuna babesteko neurriak hartu dituela.
Gertakarien kronologia egiteaz gainera, Alvaro Gonzalez Hirigintza Plangintza, Kudeaketa eta Diziplinako, eta Iñigo Urkitza Hirigintza Diziplinako Zerbitzuko arduradunek gogoratu dute etxebizitzak eraikitzeko beste edozein kasutan jokatzen duen moduan jardun duela Udalak kasu honetan ere, eta oposizioko alderdien esku dagoela Ereaga Atalaya kooperatiba-promotorearen aurkako zehapen-espedientea. Azaldu dute espedientearen instruktore bat izendatu dutela, eta horrek administrazio-egoitzan proposatuko duela legearen arabera egokitzat jotzen duena. "Delitu-zantzuak ikusten baditu, akzio penalak planteatuko lituzke eta, kasu horretan, Fiskaltzari jakinaraziko dizkio", azpimarratu du Gonzalezek; "espedienteak dioenari itxaron behar diogu, ez delako justua tramite hori alde batetik zein bestetik baldintzatzea".
Promotoreak joan den eguenean, hilaren 12an, erregistratu zuen idazki bat eta, horren arabera, lizentzian aurreikusitakoa berreraikitzeari ekingo diola adierazi zuen, "aurretik zegoen eraikinaren ezaugarriei eutsiz, onartutako oinarrizko proiektuan aurreikusitakoaren arabera". Hala ere, oposizioko taldeek deitoratu dute udal-babesa zuen eraikina baimenik eta lizentziarik gabe bota zutela eta, horren aurrean, hori eraisteko aldez aurreko neurriak zergatik hartu ez diren galdetu diote gobernu-taldeari. Horri erantzunez, arduradunek adierazi dute Udalak ez zuela lanon hasieraren berri: "Aurkeztutako egintza, komunikazio eta dokumentazioak ikusita, ez zen inondik inora ulertzen obren hasiera, eta aurkeztutako dokumentazioetan adierazitako neurriak egokitzat jo zituzten udal-teknikariek. Nolanahi ere, abuztuaren 8an Udalak egoeraren berri osoa izan zuenean, obrak gelditzeko eta urratutako legezkotasuna lehengoratzeko berehalako neurriak hartu ziren".
Horren aurrean, bai PPko Eduardo Andrade eta EH Bilduko Ibon Rodriguez zinegotziek azpimarratu dute enpresak baimenik gabe abiatu zituela lanak, zuinketa-aktarik gabe, urtarril-otsailerako. "Udaletik diozue obrak ekainean hasi zirela, baina denok ikusi dugu lanak askoz ere lehenago hasi zirela. Are gehiago, enpresak berak aitortzen du bota dituzten hormen egoera okertu egin zela maiatzaren 15ean hodi bat apurtuta sortu zen uholde batengatik", deitoratu dute. "Urtarrilean emandako lizentzian argi eta garbi adierazten da obrak ezin direla hasi zuinketa-aktarik gabe, eta aitortzen duzue horren berririk ez duzuela izan ekainera arte; bada, harrigarria da ikustea lanak bost hilabete lehenago abiatu izana", salatu du EH Bildukoak.
Bere aldetik, Alvaro Gonzalezek erantzun dio esanez emandako obra-lizentzia lursaila egokitzeko eta "Irurak Bat" eraikina birgaitzeko zela –bertan luxuzko sei etxebizitza egiteko–, eta zuinketa-akta eraikuntza berrietarako dela soilik. Hartara, ulertzen du beharrezkoak zirela hasierako lan horiek. Dena dela, aitortu du zehapen-espedienteak ikertu beharko duela hori, eta ondorioztatu behar horiek legezkoak izan diren ala ez, "ni ez naiz espedientea hasi behar duena".
Etorkizunean horrelako ilegaltasunak saihesteko hartuko diren neurriei buruz galdetuta, Gonzalezek erantzun du, webgunean argitaratutako HAPO berriaren behin-behineko onespenari buruzko dokumentazioan ikus daitekeen bezala, hainbat neurri aurreikusi direla, besteak beste, araudia Kultura Ondarearen Legearen aurreikuspen berrietara egokitzea, babes-elementuen kopurua handitzea, oinarrizko babeseko eta udal-zaintzako ondasunetan babestu beharreko elementuak zehaztea, eta oinarrizko babeseko eta udal-zaintzako ondasunen eraispen osoak eta partzialak debekatzea.
Horren aurrean, baina, EH Bilduko Ibon Rodriguezek gogor jo du gobernu-taldea osatzen duten EAJ eta PSE-EE eta PPren kontra, horiei esker aterako baita HAPO berria aurrera. Izan ere, gogoratu duenez, plan berriak udal-babesa kendu die udalerriko hainbat eraikini, tartean San Nikolas kaleko batzuei, eta beste horrenbeste baserri historikori, berbarako, Salsidu aldeko 1700 urteko bati, horien ordez beste hainbat etxebizitza eraikitzeko. "Zein da Udal honen kezka ondarea babesteko? Hainbat eraikin arriskuan daude HAPO berriarekin, eta horren arduradunak zuek zarete", azpimarratu du.
"Mesede-tratua?"
PPko zinegotzi Eduardo Andradek deitoratu du EAJko zinegotzi biek emandako azalpenak eznahikoak direla, "eta lehen baino zalantza gehiago" dituela orain. Gogoratu duenez, 2022an, "prestigio handiko" enpresa batek interesa agertu zuen "Irurak Bat" eraikinaren orubean lanak hasteko, baina, hori birgaitu eta zutik mantendu behar zutela jakin zutenean, atzera egin zuela, ekonomikoki bideragarria ez zelakoan. "Handik gutxira, baina, Biurban promotorea agertu zen, eta bestearentzat bideraezina zena bere gain hartu zuen. Urte horretako ekainean aurkeztu zuen proiektua, baita lizentzia eskatu ere. Eta, hara, lau hilabetera, urrian, Gobernu Batzordeak lizentzia onartu zion. Nola izan daiteke, bada, horren denbora gutxian lizentzia eskuratzea? Izan ere, normalean, Hirigintza arloak bi urte izan behar ditu mota horretako lizentziak emateko", galdetu du Andradek.
Ildo horretan, PPko bozeramaileak gogoratu du Biurban enpresari lizentzia eman zitzaiola urriaren 18an, eta Getxon obra-lizentzia guztiak paralizatu ziren egun berean, eta HAPO berriaren hasierako onarpena Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zenean. "Zelan izan daiteke hori? Kasualitatea da, ala mesede-tratua izan zuten?". Urkitzak akusazioa horiek ukatu ditu eta "enpresa askok" izapideak azken unean egiteko aprobetxatu zutela azpimarratu du.
"Gauzak argitu behar dira"
EH Bilduko Ibon Rodriguezek nabarmendu du gauzak konpondu eta argitu behar direla, "baina zentzuz". Ildo horretan, eztabaida Hirigintza arloaren "funtzionamendu txarrera" eta Udalak ondarea babesteko "interes faltari" egotzi dio. Bere arabera, San Nikolas kaleko 11. zenbakiko eraikinaren gaia "modu negargarrian" kudeatu du Udalak: "Eraikina abuztuaren 2an eraitsi zuten, 5ean lizentzia eskatu zuten eta hilaren 9an dagoeneko guk espedientea aurrean genuen, baina irailera arte ez duzue esan kooperatibako bazkide bi EAJko zinegotzi bi zirela. Gainera, espedientea birritan aztertu dugu, eta, hala ere, plano teknikoak ez zaizkigu erakutsi. Etengabeko iluntasuna da zuena", esan du Rodriguezek, eta EAJri "zirku mediatiko bat sortzea" leporatu dio. "Azalpenik eman ez duzuenez, arazo hau sortu duzue, hau konpontzen erraza izan zen, eta, aldiz, gai honen inguruan hondarrezko gaztelu bat eraiki duzue. Ezin duzue diligentziaz hitz egin".
Hirigintza arloari dagokionez, bere funtzionamendua zalantzan jarri du koalizio abertzaleko kideak, "beti doa berandu. Epeak asko luzatzen dira, eta, horren ondorioz, obra asko lizentziarik gabe abiatzen dira". Era berean, azpimarratu du Getxo dela obra-lizentzia bat eskuratzeko zailtasun gehien ematen dituen udalerria, "enpresa askok helarazi digutenez". Hala, departamentu horregaz zerbait egin behar dela azpimarratu du, gobernu-taldeko zinegotzi arduradun biei erreferentzia eginez. Horren aurrean, Alvaro Gonzalezek bere arloaren jarduteko modua defendatu du.
"Eznahiko balizko zigorra"
Elkarrekin Podemoseko Xabier Benitok deitoratu du zabaldutako zehapen-espedienteak zigor ekonomiko bat aurreikusten duela soilik, "ez da inon ageri inhabilitaziorik edo bestelako zigor penalik". Gainera, azpimarratu du, zigorraren baitan, "larria" aipatzen dela, "ondarearen eraisketaren kasuetan oso larria izan beharko zukeenean". Ildo horretan, jakinarazi du enpresari ezarri ahalko litzaiokeen isuna, boluntarioki ordainduko balu, 3.000 eta 32.000 euro artekoa izango litzatekeela. "Ez litzateke zigor eredugarria izango, are ikusita eraikiko dituzten luxuzko etxebizitzak 700.000 eurora bitartean salduko dituztela".
Promotorearen eta enpresa eraikitzailearen agerraldirik ez
Janire Ocio Batzordeko presidenteak argitu duenez, obraren promotorea, enpresa eraikitzailea eta zuzendaria izan dira gaurko batzordean publikoki azalpenak emateko PPren eskaerari uko egin diotenak. "Jakin badakigu enpresa oposizioko taldeekin harremanetan jarri dela bilera bat izateko eta izan duen jarrera azaltzeko, eta uko egin diozuela horri", adierazi du. Hala ere, PPk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek berretsi dutenez, "azalpenak Udalean eman behar dira, eta ez bulego itxietan".
Bere eskaeraren ezezkoaren aurrean, astelehenean popularrek ikerketa batzorde bat eskatu zuten kasua argitzeko, eta gaur goizean Elkarrekin Podemoseko Xabier Benito zinegotzia izan da eskaeragaz bat egin eta kontrol organo horren sorreraren bozketa eskatu duena. Hala ere, ez da urgentziazko puntua bozkatu, ez baita gai-zerrendan sartu, oposizioaren kexa eragin duena.
Bozketa ukatu izana deitoratu du Benitok, "ikerketa batzorde hori sortzeko premiazko puntu bat gai-zerrendan ez sartzea bermatuko duen lege-erreferentziarik eman gabe". Proposamen hori legerian jasota dagoen gai bat den arren, talde morekoaren arabera. Hori horrela, azpimarratu du berriro ekingo diola batzordea sortu arte, "gaur bertan Antolaketa eta Kontuen ondorengo batzordean ere, osoko bilkuran, edo, bestela, lurraldeko ezohiko batzordeen deialdia behartuz, oposizioaren gehiengo osoari esker, kasu hau eta arlo osoaren funtzionamendua ikertzen jarraitzeko konpromisoa berresten badu".