Elkarrizketak

Jone Ibarretxe eta Nere Falagan: "'Bilbollywood' batekin amestu zuten hiru zinemazale sutsuak ditugu Ibarretxe anaiak"

Iker Rincon Moreno 2024ko ira. 20a, 15:31

Jone Ibarretxe eta Nere Falagan. © Garazi Velasco

Azken urteotan ohikoa bilakatu da gure kaleetan zinemarako kamerak eta fokuak ikustea, telesailen bat edo filmaren bat grabatzen. 80ko eta 90eko hamarkadetan, aldiz, ez zen horren arrunta, nahiz eta zinemagile ausart batzuek Bilbo agertoki erraldoi bat bihurtu gura izan zuten. Horiek izan ziren Ibarretxe anaiak, eta horien historia bildu dute Jone Ibarretxe, anaietako baten alabak, eta Nere Falaganek. Biak uribekostarrak dira, eta egindako lana, Esto no es Hollywood izenekoa, bihar bertan, zapatuan, aurkeztuko dute Zinemaldiko Zinemira sailean.

Defini ezazue labur-labur Esto no es Hollywood dokumentala.

NERE FALAGAN: Ibarretxe anaien ondarea mantendu nahi duen dokumentala izateaz gain, haratago doa. Jone Ibarretxek, bere heldutasunean, bere aita eta osaben historian arakatzen du beren filmak ikusiz eta beraiekin lanean egon zen jendearekin mintzatuz. Era berean, txikitan ulertzen ez zituen pasarteak ulertzen saiatzen da. Elkar aurkitze eta barkamena eskatzeko filma ere bada.

Ibarretxe anaien historiari errepasoa egiten diozue bertan; Jone, zelakoa izan da zure familiari buruzko lan bat egitea?

JONE IBARRETXE: Ez da erraza izan, taldea eta familiaren laguntza ezinbestekoa izan da. Asko lagundu didate eta, parte emozionalak landu ditugunean, oso babestuta sentitu naiz.

Nortzuk ziren, bada, Ibarretxe anaiak, eta zergatik ziren ezagunak?

N. F.: 80ko hamarkadaren amaieratik 2012 urtera arte zinema egiten zuten hiru anaia ziren Esteban, Josemi eta Javi. Beren belaunaldiko eta bertoko beste zinemagileekin alderatuta (Urbizu, De la Iglesia...), hauek beti aldarrikatu zuten Bilbo agertoki bezala. "Bilbollywood" batekin amestu zuten hiru zinemazale sutsuak ditugu Ibarretxe anaiak. Eta filmografia handia ez badute ere, beren proiektu guztiak anbiziotsuak izan ziren, batez ere Sabotage!. Esan daiteke beren zineman genero nahasketa handia dagoela. Bada, fantasia, historia eta umorea era bikain batean uztartzen zituzten.

Pertsona bezala, oso alaiak eta barregarriak ziren. Ezagutu zutenek bihotz onekoak zirela esaten dute; asko maite zuten lagunekin eta familiarekin egotea.

Beren garaian ez zen gaur egun beste zinema egiten. Hori dela eta, esan dezakegu aitzindariak izan zirela Euskal Herrian, bai aipatutako genero nahasketa hori egiteagatik, baita Bilbon errodatzeagatik ere.

Sorpresarik topatu duzue egindako lanean? Hau da, aurretik ezezagunak zenituzten gauzak ezagutzeko aukera izan duzue?

J. I.: Bidaia polita izan da, beraien pelikulak berriz ikusi ditut heldutasunetik, eta horrek beste ikuspuntu bat eman dit. Izan ere, nire aita eta osabak pertsonai eta istorio guztietan ikusi ditut. Beraien pelikuletan bizirik daude.

Anaien argiak eta itzalak ezagutarazteko lana izan dela esan duzue inoiz. Zeintzuk dira "argiak" eta zeintzuk "itzalak"?

N. F.: Maiz gertatzen da pertsona bat hiltzen denean jainkotu egiten dela. Filma omenaldi bat bada ere, hasieratik oso argi izan genuen Ibarretxe anaiak modu gizatiar batean irudikatu nahi genituela. Horregatik, itzalak ere erakutsi behar genituen, gehiegi sakondu gabe.  

Argiek beren izaerarekin zerikusi handia dute: sormen handikoak zirela erakusten dugu, ekoizpen lan ona egin zutela, barregarriak eta alaiak zirela…

Besteak beste, beraien harremana diruarekin mintzatzen garenean itzaletan murgiltzen gara, baita alkohola aipatzen dugunean ere.

Zinemaldian aurkeztuko duzue lana; zer aurreikuspen duzue jaialdi horrekiko?

N. F.: Ohore handia da Zinemaldian egotea. Opari bat. Espero dugu gure dokumentala pertsona askok ikustea eta horiei “heltzea"; axolagabe ez ustea. Agian, gure lanari esker, pertsona gazte batzuk Ibarretxe anaiak ezagutuko dituzte. Hori lortzen badugu, bikain. Gainera, erakusleiho ona da jaialdia gure dokumentalaren banaketari begira ere. Hori ere asko interesatzen zaigu.

"Esto no es Hollywood", "Bilbollywood "baizik. Zer zen, zehazki, garaiko Bilbo hura?

N. F.: 90eko hamarkadan oso zinema gutxi egiten zen Bilbon. Ez zegoen industriarik. Oso produkzio-etxe gutxi zeuden, eta zinemagile gehienak Madrilera joaten ziren. Zaila zen garai hartan zinema egitea; garestia zen, oso. Beraz, urte horietan zinema egiten zuena pribilegiatu bat zen.

Zelakoa izan da elkarregaz lan egitea?

N. F.: Tandem ona osatu dugu. Orokorrean, oso ondo ulertu dugu elkar. Eztabaida asko izan ditugu prozesu guztian zehar erabakiak hartzeko, fokua eta tonua zehazteko, estilo bisuala… Asko ikasi dugu elkarrekin eta polita izan da. Erronka handia suposatu du lanak biontzako, noski, gure lehenengo aldia baitzen zuzendari gisa. Baina uste dugu lan duina egin dugula. Pozik gaude.

Noiz hasi eta noiz bukatu zenuten lana?

J. I.: 2020an, Edu Carneros (Ibarretxe anaien lankidea) eta biok jarri ginen harremanetan dokumentala garatzeko. Nere 2021eko amaieran batu zitzaigun. 2022an lanaren gidoia eta teaserra egiten ibili ginen finantziazioa biltzeko. Urte horretan, Zinebi Networking programan parte hartu genuen, eta mentoretza jaso genuen. 2023ko irailetik 2024ko irailera, aldiz, bete-betean izan gara proiektuan. Ikus daitekeenez, lan guztien antzera, etenaldi luzeak egoten dira finantziazioa bildu eta taldea osatzen den bitartean.

Jone, nondik etorri zen lan hau egitearen ideia?

J. I.: Nire aita hil zenetik gogoak nituen zeozer egiteko, ez nuen espero proiektua hain handia egitea, ezta nik dokumental zuzentzea, baina, proiektua garatzen hasi ginen Edu eta biok, eta handitzen joan zen.

Josemi, zure aitak, besteak beste, Areeta-Romoko Xake murala margotzeagatik zen ezaguna gurean. Zer deritzozu egunotan bozkagai dauden proposamenak hori ordezkatzeko?

J.I.: Ustekabe atsegina izan zen proposamen guztiak Xake-ri erreferentziaren bat edukitzea. Eskerrak eman nahi nizkieke artistei.

2024

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun