Nola osatu duzue "Bizkaiko musikari tradizionalak" erakusketa?
Askotan ikusi ditugu kanpoko musikarien erakusketetan hainbat musika-tresna enkantean jartzen zirela, edota horiek erakusten zirela. Hala, pentsatu genuen gure inguruko musikariekin antzeko gauza bat egin behar genuela. Ez bakarrik artista horien inguruko informazioa ematen, baizik eta tresnak eta doinuak erakusten. Eta, hala, taldetxo bat sortu genuen Aitzol Aretxabaletak, Asier Bilbaok eta nik neuk.
Erakusketan informazio-panelak daude, datu biografikoekin, musikariaren oinarrizko gauza batzuk jakinarazteko; baina baita ere argazkiak, bideoak eta, musika-tresna lortuz gero, berau ere. Baita bere musika ere. Azken finean, haien obra musika da, musikariak dira, eta, horrela, doinuak entzuten diren bitartean instrumentua ere ikus daiteke.
Zeren arabera aukeratu duzue musikari bat edo beste?
Bueltaka hasi ginen; gutxi batzuk ezagutzen ditugu, baina ez denak. Hartara, irizpide batzuk hartu genituen, baina, hala ere, mugatuta sentitu ginen, askoren historietara ailegatzeko kontakturik ez genuelako; are, musikari bakarraren senideetako baten kontaktua genuen, Fasio-ren loba, baina besterik ez. Beraz, ia-ia zerotik hasi gara.
Era berean, musikarien informazioa izan behar genuen; zer kontatu izan behar zuen protagonistak. Batzuk diskoak dituzte, bideoak, birak egin dituzte, baina beste batzuk ez. Beraz, ezagunak ziren horiengana jo genuen, txapelketetan aritu zirenak, eta garaiko egunkarietan arakatu genuen informazioa batzeko. Horrekin, ideiak hartu genituen, eta guztiaren ardatza bost instrumentutan finkatu genuen: txistua, alboka, soinu txikia edo trikitia, panderoa eta dultzaina; eta erabaki genuen horietako bakoitzari hiru musikari lotzea.
Guztira, beraz, 15 musikari batu dituzue…
Bai; lehenengo pausoa izan zen musikarien zerrenda egitea, eta genituen guztietatik aukeratu 15 horiek, kontaktuak lortu eta, behin senideekin hitz eginda, haien instrumentua lortzea; hori izan zen arazorik handiena. Izan ere, musika-tresna horiek balio handia dute familien artean, balio sentimentala. Senideekin bildu ginen, eta proiektua aurkeztu genien. Hasieran zaila zen, ezezagunak ginelako haientzat, guztiz. Baina, poliki-poliki, konfiantza egiten hasi ginen eta artista guztien instrumentuak batu ditugu, batena izan ezik; kasu horretan, musikariak semeari oparitutakoa jaso dugu, originala ez zutelako.
Espero zenuten hori guztia lortzea?
Ez, inondik inora. Hori guretzat izugarria izan da. Gainera, oso pozik nago eurek ikusi dutelako mimo handiz eginda dagoela egindako lana. Oso gustura gelditu ziren inaugurazioan etorri zirenean ikusitakoarekin.
Inaugurazioaren harira, zer-zelako balorazioak jaso dituzue?
Entzun ditugun kritikak onak izan dira, baina seguru nago baten bat txarra izango dela ere. Dena dela, jendeak oso balorazio ona egin dio egindako lanari. Nik uste dut hutsune bat zegoela arlo honetan; aspaldiko musikari asko entzuten dira, baina badira ezezagunak direnak oraindik ere gure inguruan. Eta horiei aitortza egitea, senideek asko eskertu dute.
Erakusketa gaur bertan, hilaren 24an, amaituko da. Horren ostean, beste nonbaitera eramateko asmorik duzue?
Bai, hori da gure ideia. Lana eginda dagoenez gero, beste udalerri batzuetara eramatea da gure asmoa. Aste bi hauetan, dagoeneko, udalerri batzuek interesa agertu dute.
Ia mende oso bateko musikariak batu dituzue erakusketan. Garai haietan, gizonezkoak emakumeak baino gehiago ziren taula gainean, baina, hala ere, baziren emakumeak ere, ezta?
Bai, beste garai batzuk ziren, baina, kuriosoa da panderoan bakarrik topatu ditugula emakumeak. Zorionez, gaur egun egoera aldatu egin da, eta denetarik dago. Pandero-joleen atalean sartu ditugu topatutako emakumeak, gizonezkoak ere bazeuden arren, baina pentsatu genuen eurei utzi behar geniela tarte hori, lekua egiteko.
Garai hartan, gainera, gogoratu behar da ez zela erraza izango emakume eta musikaria izatea, ezta euskaraz abestea eta jotzea ere. Batu ditugun emakumeak dira, Maurizia Aldeiturriaga, ezagunena dena, baina baita Romualda Zuloaga galdakoztarra eta Felixa Arribalzaga zornotzarra ere.
Jatorriaren arabera, uribekostarrik jaso al duzue?
Erakusketa honetan bakarrik jaso dugu Rufino Arrola, trikitilari lemoiztarra. Aurreikusi genuen eskualdeko musikarien inguruko erakusketa izatea, baina denbora gainera etorri zaigu eta ezin izan dugu egin; gerorako utziko dugu. Baina, izatez, egon badaude: Luis Bilbao urduliztarra, Eusebio Roura Eusebito sopeloztarra, Pruden Azpiazu urduliztarra, Tomas Itxe plentziarra…
Zergatik aukeratu dituzue ardatz gisa bost instrumentu horiek?
Egia da behin ikertzen duzunean ikasten duzula, eta euskal instrumentuak direla diogula, baina, jatorriz, kanpokoak direla. Agian, alboka izan daiteke jatorri ezezaguna duena, eta bereziena, baina beste guztiak… Panderoa hemendik kanpo ere jotzen da, Europa osoan; trikitia edo soinu txikia Italiatik dator; txistuaren moduko instrumentuak Iberiar penintsula osoan erabiltzen dira; eta, dultzainaren kasuan ere, jatorria ez da euskal eremukoa. Hala ere, nabarmendu nahi izan dugu hemen modu tradizionalean jotzeko modua, hori baita berezia, geurea.
Euskal musika tradizionala bizirik dirau gaur egun ere? Erakusketan ageri diren musikariek abiatutako bideak badu jarraipenik?
Bai, baina argi dago, edozein gaitan bezala, bere eboluzioa izan duela. Erakusketan entzun daitezkeen doinuak ez dira gazteentzat erakargarriak, eta normala da horiek egokitzea; Kepa Junkerak egin zuen duela urte batzuk, normala da. Izan ere, hau saltzea, bere purutasunean, ez da erakargarria; egokitu behar da testuinguru berrietara doinuok bizirik mantendu nahi baditugu. Hori da bidea, eta, horretarako, jakin behar da nondik gatozen, eta erakusketa hau horretarako egin nahi izan dugu.
Informazio guztia, Bizkaikomusikaritradizionalak.eus webgunean.