EAJ eta PSE-EE alderdiek nabarmendu dutenez, HAPOaren aldaketa horren helburua da "Portu Zaharra eta jabeen komunitateen bizikidetza babestea". PPk ez du uztailean emandako iritzia errepikatu gura izan, orduantxe esan baitzuen ez datorrela bat Portu Zaharreko etxebizitza turistikoak mugatzeagaz, ez baitu uste gaur egun arazoa direnik. Bestalde, EH Bilduk, uztailean bezala, deitoratu du aldaketa "berandu" datorrela, eta araudia "zorrotzagoa" izan litekeela, eta Portu Zaharraz gainera Getxoko beste gune batzuk babestu beharko liratekeela. Hala ere, aldeko botoa eman zuen atzo, bere zuzenketa onartu zelako, eraikin jakin batean etxebizitza turistikoak hartzen duen metro koadroen erabilera-ehunekoa gehienez ere % 38koa izateari buruzkoa. Azkenik, Elkarrekin Podemosek abstentziora jo zuen, bere iritziz, onetsitako proposamenak ez dituelako nahikoa neurri ezartzen herritarrek etxebizitza turistikoei dagokienez dituzten arazoak hobetu daitezen.
12 langile gehiago Udalean
Halaber, 2024ko aurrekontuetarako udal-gobernuak (EAJ eta PSE-EE) eta PPk lortutako akordioaren ondorioz, udal-plantilla handituko da hamabi plaza hauek betetzeko: hamar udaltzain, gizarte-langile bat eta Esku-hartze Komunitarioko teknikari bat.
Gobernu-taldearen ustez, “sindikatuek babesten duten akordioa da eta herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko premiari erantzungo dio”; horren harira, PPk gaineratu zuen Udaltzaingoa handitzeak "herritarrak aberastu eta lasaitu" egingo dituela, eta beste arlo batzuk indartuko direla, hala nola Gizarte Kohesioa eta Diruzaintza, "herritarrei arreta hobea eskaintze aldera”.
EH Bilduk, aldiz, kritikatu zuen euskalduntze-prozesuaren aurkako erasoa dela hori, "udaltzainen hamar plazatako bostek derrigortasun-datarik gabeko hizkuntza-eskakizuna baitute”; halaber, Elkarrekin Podemosen ustez, “Getxon segurtasun-falta areagotu izanari buruzko PPren diskurtso alarmistaren aurrean makurtu da gobernua, Udaltzaingoaren Memoriak ere ukatu duelako hori”.