"Irurak Bat" auzia

"Irurak Bat" auzia Fiskaltzara eramateko eta ikerketa-batzorde bat eratzeko mozioak ez ditu onartu Getxoko Udalbatzak

Iker Rincon Moreno 2024ko ira. 27a, 12:20

Atzo, eguenean, egindako osoko bilkurako mozioen kapituluan, PPk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek testu bana aurkeztu zuten "Irurak Bat" jauregitxoaren legez kanpoko eraisketari lotuta. Popularrek eta talde moreak urgentziaz sartu zituzten mozioak, baina Udalbatzak ez du horietako bat ere onartu.

Mozioen kapituluan, Udalbatzak ez zuen onartu aurkeztuetako bakar bat ere; hala ere, eztabaida EH Bilduk planteatutakoan oinarritu da, "Udalak Fiskaltzari bidaltzeko Algortako San Nikolas kaleko 11. zenbakiko eraikina legez kanpo eraisteari buruz bildutako informazio guztia, eta egokitzat jotzekotan dagokion salaketa aurkez dezan", besteak beste.

Ildo horretan, EAJk gogoratu zuen Udalak zehapen-espedientea ireki diola eraikin hori zegoen lursailean luxuzko 12 etxebizitza eraiki gura dituen enpresa promotoreari, hasieran aurkeztutako proiektuagaz bat ez etortzeagatik. Proiektu horrek udal-babesa zuen eraikina mantentzea aurreikusten zuen, eta, hura baimenik gabe bota izanagatik, urratu egin du aldez aurretik emandako lizentzia. Era berean, gogoratu zuen espedientearen instruktore bat ere izendatu dela, eta hark akzio penalak ikusten baditu, Fiskaltzari jakinarazi beharko dizkiola.

Oposizioko alderdiek ustezko irregulartasunak antzeman dituzte prozesu horretan; EAJk, berriz, Udalaren jardueren legezkotasuna defendatu zuen berriro ere, eta oposizioari leporatu zion eragindako "zarata mediatikoa" eta aldez aurretik epaia hartu izana.

Bozketan, ez zituzten onartu PPk eta Elkarrekin Podemosek urgentziazko mozioak, EAJren eta PSE-EEren kontrako botoakaz, eta EH Bilduren abstentzioagaz. Azken horren erabakiari dagokionez, Mikel Bildosola zinegotziak popularren jardunbidea deitoratu du: "Epean zegoen mozioa erregistratzeko, baina ez zuen egin. Gehiago dirudi zarata atera nahi duela lan serioa egitea baino". Ildo horretan, PPk ikerketa-batzorde bat sortzea gurako balu, koalizio abertzaleak nabarmendu du Lurraldeko Batzordearen hasieran egin ahal izan zuela eskaera: "Hor bertan gai-ordenean sartzeko proposamena egingo luke, eta jakinda guk eta Elkarrekin Podemosek alde egingo genuela, puntua sartuko litzateke eta, ondorioz, osoko bilkurara pasatu".

Hala ere, koalizio abertzaleak nabarmendu du osoko bilkuran bertan Elkarrekin Podemosi eskua luzatu ziotela haiekaz legeak baimentzen duen gauza bakarra egiteko: "Ezohiko Lurraldeko Batzordea sortuko dugu; gai-ordena prestatzen gaude, eta gaur –barikua– bertan erregistratuko dugu".

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun