"Irurak Bat" auzia

"Irurak Bat" jauregiaren eraispena ikertzeko eta Getxoko ondare historikoa babesteko mozioak aurkeztu ditu oposizioak

Iker Rincon Moreno 2024ko ira. 25a, 12:22

"Irurak Bat" eraikina zegoen orubea.

Algortako San Nikolas kaleko 11 zenbakiko "Irurak Bat" etxearen eraisketari buruz gobernu-taldeak joan den eguenean emandako azalpenak nahikoak ez direla iritzi diote PPk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. Hori horrela, legez kontrako eraispen horren gaineko informazio guztia Fiskaltzari ematea eskatzeko eta udalerriko babestutako ondarearen katalogoa handitzea proposatzeko mozioa aurkeztu du koalizio abertzaleak. PPk eta Elkarrekin Podemosek, aldiz, eraisketa ikertzeko batzorde bat proposatzeko urgentziazko mozioak aurkeztu dituzte. Talde moreak, gainera, Hirigintza Sailaren funtzionamendua aztertzea proposatuko du.

Joan den irailaren 19an, eguenean, udal taldeek San Nikolas kaleko 11 zenbakiko "Irurak Bat" eraikin babestua eraisteari buruz aurkeztutako galderak aztertu zituen Lurraldeko Informazio Batzordeak. Galdera asko egin zituzten, bai oposizioko alderdiek, bai batzordera hurbildu ziren herritarrek. Hala ere, egindako galdera gehienak erantzun gabe geratu zirela eta zalantza ugari sortarazi direla deitoratu dute taldeek.

Egoera horren aurrean, oposizioko hiru taldeek mozioak aurkeztu dituzte, PP eta Elkarrekin Podemosen kasuan, urgentziaz. Horiekaz, legez kanpoko eraisketaren nondik norakoak argitzea bilatzen dute.

EH Bildu izan da lehena mozioa aurkezten; hilaren 12an erregistratu zuen, eta, horregaz, bihar, eguenean, izango den osoko bilkuran gai bi aztertzea proposatuko dute: Udalaren izenean legez kontrako eraispen horren gaineko informazio guztia Fiskaltzaren jakinaren gainean jartzea, egoki iritziz gero, dagokion salaketa aurkez dezan, egitateok Kode Penaleko 321 eta 323. artikuluek barne biltzen duelakoan; eta Udalak babestutako ondarearen katalogoa handitzea, eta horretan, gutxienez, Eusko Jaurlaritzak Udalari proposatutako eraikinak ondarearen zerrenda barne hartzea.

Koalizio abertzaleak azaldu duenez, gaur arte, udal-zaintzaren babesa "tamalgarria" izan da, eraikinak eraisteko aukera bermatu delako. Hori dela eta, Euskal Ondarearen Legeak bermatzen duen babesa ezinbestekotzat jo du EH Bilduk udalerriko ondarea babesteko. Jakinarazi duenez, 2015eko aurrerakinak udal-ondarea aztertu zuen, eta hurrengo HAPOaren katalogorako 499 eraikin proposatu zituen; "aldiz, 2024ko uztaileko behin-behineko onespenak jaso duen katalogoak 344 eraikin, eraikin-multzo edo elementu babesten ditu bakarrik".

Popularrek, urgentziazko mozioa aurkeztu dute udal-taldeek eraisketaren nondik norakoak aztertzeko ikerketa-batzorde bat deitzeko. Deitoratu dutenez, egoerak hainbat zalantza eragin ditu, hala nola lizentziak ematerakoan egon den arintasuna, baimenik gabe babestutako eraikina bota izana eta Udalaren utzikeria hori ekiditeko. "Egitate horiek ustezko irregulartasunak egon izanaren susmoak eragin ditu, eta, hori dela eta, beharrezkoa da sakon aztertzea kasuaren gardentasuna bermatzeko", adierazi du PPk. Batzordea urriaren 2an egitea proposatu dute popularrek, osoko bilkuren aretoan.

Elkarrekin Podemosen kasuan, urgentziazko mozioa aurkeztu zuen ere astelehenean, hilaren 23an, biharko osoko bilkuran "Irurak Bat"-en eraispena aztertzeko batzorde bat deitu eta Hirigintza Sailaren funtzionamendua ikertzeko. "Eraisketa hau gobernu-talde honek duen desinteresaren izebergaren punta baino ez da gure ondarea babesteari dagokionez, baita Hirigintza Sailaren ezohiko funtzionamenduaren harira ere", deitoratu du talde moreak. Hori horrela, iragarri du dauden bide guztiak aztertuko dituela norberak bere arduren inguruko erantzukizunak har ditzan. Hala, mozio honen bitartez, Elkarrekin Podemosek eskatu gura du, "beste formulek kale eginez gero", testuaren alde bozkatzen duten taldeek konpromisoa har dezatela ezohiko Lurraldeko Informazio Batzordeak deitzea, "beharrezkoak direnak", gai horiei guztiei lotutako erantzukizun politikoak zehazteko.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun