"Irurak Bat" auzia

EH Bilduk Getxoko "Irurak Bat" eraikinaren eraistean egon daitezkeen legez kanpoko ekintzak ikertzeko eskatu dio Fiskaltzari

Ander Zarraga 2024ko urr. 14a, 15:07

Bestak beste, EH Bilduk Getxoko gobernu-taldearen gardentasun falta salatu du, "Irurak Bat" eraikinaren auziaren inguruan.

Koaliziotik adierazi dutenez, Fiskaltzara jo dute auzia ikertzeko Getxoko Udalaren "borondate ezagatik", eta eraikin historikoaren eraispenean deliturik egin ote zen argitzeko.

EH Bilduk eskaera bat aurkeztu du Bizkaiko Fiskaltzan, "Irurak Bat" eraikin historikoaren eraispenean legez kontrako delitu penalik egin ote den ikertzeko. Azaldu dutenez, iraileko osoko bilkura auzia fiskaltzara eramateko egin zuten proposamena ez zen aurrera atera, "EAJk, PPk eta PSEk babestu ez zutelako".

Egoera horren aurrean, koalizioa bera izan da fiskaltzara joan dena, eta, beraz, eraispenari buruzko informaziorako sarbide zuzena eskuratu du. Alderditik "ezinbestekotzat" jo dute kanpoko agente batek eraispenaren inguruabarrak eta Udalak lizentzia ematean eta administrazio-prozesuan duen zeregina ikertzea, lehentasunezko tratua izan den zehazteko.

Era berean, koalizioak gobernu-taldea kritikatu du oposizioaren lana oztopatzeagatik, hartu duten neurri bakarra urriaren 18rako ezohiko batzorde bat deitzea izan baita," EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek deialdia behartu ostean". Gardentasun falta ere salatu dute, alkatea eta beste hirigintza arduradun batzuk batzordetik kanpo utzi dituztelako. "Gardentasun handiagoz jokatu beharrean, Gobernu Taldeak oposizioaren lanari oztopoak jartzen jarraitzen du, eta kasuan argibiderik eman gabe", adierazi dute.

Bukatzeko, Getxoko ondare historikoa babesteko eta gertatutakoa argitzeko presioa egiten jarraituko duela adierazi du EH Bilduk.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun