Gaur goizean egindako ezohiko Lurraldeko Informazio Batzordean, Getxoko gobernu-taldeak berretsi egin du Algortako San Nikolas kaleko 11 zenbakiko eraikina eraisteari dagokionez udal-teknikarien eta arduradun politikoen jardunaren legezkotasuna.
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskatutako batzorde horretan egindako 104 galderei eman diete erantzuna. Beste behin ere, udal-teknikarien eta -gobernuan erantzukizuna duten zinegotzien "eginbidea eta zorroztasuna" berretsi dituzte, baita legezkotasunarekiko erabateko errespetua ere.
Janire Ocio Batzordeko presidente eta Azpiegituren, Obren eta Zerbitzuen Arloko zinegotziak, Alvaro Gonzalez Hirigintza-plangintza, Kudeaketa eta Diziplinako arloko eta Iñigo Urkitza Hirigintza Diziplinako Zerbitzuko arduradunek, hirigintza-arloan gobernu-erantzukizunak dituzten Batzordeko kide titularrak direnek, gai honetan hasieratik gaur arte egindako prozesuaren inguruan planteatutako galderei erantzun diete.
Udalaren administrazio-funtzionamenduko arauak arautzen dituen Udal Erregelamendu Organikoa (UEO) kontuan hartuta egin dute, eta, azpimarratu dutenez, araudi horrek ez du ikerketa-batzorderik aurreikusten, ezta agerraldirik ere. Gogoratu dute hala jakinarazi zitzaiela Udaleko talde politikoei, gogoratuz erregelamendu horrek jasotzen duela gobernu-organoen kontrol-, jarraipen- eta fiskalizazio-lana informazio-batzordeetan egituratzen dela batzordeko presidenteari egindako galderen eta interpelazioen bidez. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, aldiz, uste dute agerraldirik ez egitea udal-gobernuaren "borondate politiko faltarekin" lotuta dagoela, eta PP kexatu egin da "galderak aurkezten ez uzteagatik". Horri erantzunez, presidenteak jakinarazi du ezohiko batzordearen gai-zerrenda batzordea egitea eskatzen duten kideek ezartzen dutela, kasu honetan EH Bilduko bi zinegotzi titularrek eta Elkarrekin Podemoseko zinegotzi titularrak.
Beraz, araudiak ezartzen duenari jarraituz, gai-zerrendako proposamenean egindako galderei erantzun diete, zinegotzi kooperatibista biei zuzendutako batzuk izan ezik, "zuhurtziagatik, EH Bilduk kasua Fiskaltzara eraman duelako", Batzordeko presidenteak adierazi duenez. Horrez gainera, nabarmendu du Alkatetza, Langile, Polizia, Azpiegitura, Hirigintza Diziplina eta Ondare eta Plangintzako arloen erantzunek irailaren 19ko Lurralde Batzordean jakinarazitakoa azpimarratu dutela orokorrean, berriro, horretan San Nikolas 11ko espediente horri buruzko informazioa eskaini baitzen.
Udal-arduradunek emandako erantzun asko saiatu dira berresten Udalak baimenak emateko eta etxebizitzak eraikitzeko antzeko beste edozein kasutan egin duen modu berean jokatu duela, eta gogoratu dute berriro ere oraindino oposizioko alderdien esku dagoela dagokion zehapen-espedientea.
Balizko akzio penalei dagokienez, gaurkoan ere azpimarratu dute gai horretaz arduratzen den instruktoreak ikusten baldin baditu planteatu ahal izango direla, eta, kasu horretan, Fiskaltzari jakinarazi beharko dizkiola. Arduradunek berretsi dute abuztuaren 8an egoeraren berri izan zutenean, obrak gelditzeko eta urratutako legezkotasuna lehengoratzeko neurriak berehala hartu zirela.
Getxoko kultura- eta arkitektura-ondarearen etorkizunari dagokionez, gobernuko kideek azpimarratu dute HAPO berriak udalerriko ondare osoaren babesa handitzea proposatzen duela, 499 ondasunen kopurura iritsiz, eta horrek ia %50eko igoera dakarrela, "gaur egun getxotarren beharrak gainditzen dituen proposamena, arreta berezia jarriz ondarearen babesa eta eraikin askotan beharrezko irisgarritasun- eta bizigarritasun-erantzunak batera emateko".
Azpiegituren, Obren eta Zerbitzuen Arloan eta Hirigintza Diziplinako Sailean langile gehiagoren beharrari buruz planteatutako gaiei dagokienez, gogoratu dute aurten "indartu" egin direla sailak eta Udala murgilduta dagoen eraldaketa digitaleko prozesuak etorkizunean erabakiak hartzea "bizkortu eta erraztu" egingo duela.
Azken batean, Batzordean agerian geratu dira, berriro ere, gobernu-taldearen jarrera, prozesu osoan egindako jarduerak berresten dituena, eta irregulartasunak ikusten dituen oposizioarena.
Kezka eta "informazio-falta"
Ezohiko batzordea deitu duten talde biek, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, euren kezka agertu dute, esanez gobernu-taldea "minimoetara" jo duela. Bien ustez, batzordean ikusitakoa "ez da gardentasun ariketa" bat izan. Ildo horretan, deitoratu dute alkateak parte hartu ez izana, ezta kooperatibako zinegotzi biek ere. Horrez gainera, salatu dute haiek egindako galdera gehienak ez dituztela erantzun kontu pertsonalak direlakoan, "haien erantzukizun politikoari erreferentzia egiten ziotenean". Izan ere, gogoratu dutenez, Irantzu Uriarte obra-lizentzia eman zuen gobernu-batzordeko kide eta kooperatibista da, eta horri lotutako 14 galderetatik biri bakarrik eman zaie erantzuna. Inaxio Uriarte gobernu-batzordeko kide eta kooperatibistari dagokionez, 21 galderetatik seiri eman diete erantzuna.
Horrez gainera, deitoratu dute udal-taldeko zinegotziek behin baino gehiagotan adierazi dutela ez dutela hirigintza-espedienteei erantzuteko denborei buruzko daturik, ez dutela udal-zaintzapean dauden 100 eraikin baino gehiagoren egungo egoeraren berri eman, ezta azalpenik eman ere zergatik 8 hilabetez "Irurak Bat" eraikinaren zati bat botata egon zen obra-baimenik gabe.
Gaurko batzordearen erantzunetatik abiatuta, alderdi biek egin beharreko hurrengo urratsak baloratuko dituzte, "babestutako eraikina eraistearen eta hirigintza-arloaren funtzionamenduaren ondoriozko gai guztiak argitu daitezen".