"Irurak Bat" auzia

Gobernu-taldean aldaketak iragarri ditu Amaia Agirre alkateak; tartean, Irantzu Uriarte Gobernu Batzordetik baztertu du

Erredakzioa 2024ko urr. 26a, 12:44

Getxoko Udalbatza, artxiboko irudian.

Getxoko alkateak Irantzu Uriarte jeltzalea, "Irurak Bat" jauregitxoa eraitsi duen kooperatibako bazkidea, kargutik kendu du Tokiko Gobernu Batzordetik. Erabaki horrek eraisketari lotutako zalantzak areagotzen dituela salatu dute oposiziotik.

Getxoko gobernu-taldea berrantolatu egin du Amaia Agirre alkateak hainbat Alkatetza dekreturen bidez; besteak beste, Irantzu Uriarte EAJko zinegotzia Gobernu Batzordetik ateratzea erabaki du. Dekretuak barikuan ezagutzera eman zituen, eta astelehenean, hilaren 28an, jarriko dira indarrean.

Getxoko Udaleko ustekabeko berrantolaketa izan da, "organizazio-arrazoiengatik" erabakitakoa, alkatearen arabera. Hala ere, oposizioak uste du horren atzean "Irurak Bat" eraikinaren eraispen polemikoa egon daitekeela; "gertatutakoaz ditugun zalantzak areagotu egin dira. Gertatutakoa argitzeko aurkitzen ditugun oztopoez gain, alkatearen erabaki bat dago, inplikatutako zinegotzi bat aipatzen duena", azpimarratu dute EH Bildukoek.

Ildo beretik, Elkarrekin Podemosek deitoratu du, ikerketa-batzordetik astebetera, alkateak eta kooperatibako bazkideak diren zinegotziek oraindino "ez dutela aurpegirik eman" eraisteari dagokionez, eta, gainerakoekiko gobernuaren kudeaketei dagokienez, "berdin" jarraituko duela.

Gogoratu beharra dago EH Bilduk Fiskaltzari eskatu ziola XIX. mendeko eraikin horren legez kanpoko eraispena ikertzeko, eta horrek onartu zuela arau-hauste penal baten zantzuak daudela. Irantzu Uriarte zinegotzia eraikina bota zuen kooperatibako bazkidea da eta, Gobernu Batzordeko kide zela, 2022ko urriaren 18an Biurban kooperatiben sozietate kudeatzaileari obra-lizentzia ematearen alde bozkatu zuen, "Irurak Bat" jauregitxoaren lursailetan luxuzko 12 etxebizitza eraikitzeko proiektu baterako.

Atzo, barikuan, Amaia Agirre alkateak hainbat Alkatetza dekretu sinatu zituen udal-organigraman hainbat aldaketa egiteko. Besteak beste, oposizioan harridura sortu duena da Irantzu Uriarteren baztertzea; horren ordez Zaloa Campillo egongo da.

Gobernu Batzordeko kide berriak bere gain hartuko du Gobernu Irekiaren eta Modernizazioaren erantzukizuna, baita Kontratazio Zerbitzua ere, Irantzu Uriarte ordez; azken horrek Informazio eta Sustapen Turistikoaren eta Tokiko Ekonomia Sustapenaren ardura hartuko baitu; Euskara bere eskumenekoa izango da oraindino ere.

Astelehenetik aurrera, Campillok dedikazio osoa izango du, eta, aldi berean, Uriarteri % 50eko dedikazio partzial bi esleituko zaizkio.

Irantzu Uriartegaz batera, Inaxio Uriarte ere bada eraispenagaz lotutako kooperatibako kide, eta horri ere dekretuek eragingo diote: Kalitate Zerbitzuko arduraduna izateari utziko dio. Horrez gainera, beste taldekide batek, Iñigo Urkitzak, Informazio eta Sustapen Turistikoaren eta Tokiko Ekonomia Sustapen zerbitzuak utziko ditu, Irantzu Uriartek hartuko baititu ardura horiek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun