Algortako Portu Zaharrera bidean, San Nikolas kaleko 11 zenbakian lekututa zegoen “Irurak Bat” eraikina guztiz bota zuen joan den abuztuaren 6an Atalaya Ereaga kooperatiba enpresa eraikitzaileak modu irregularrean, azpiegitura udal-zaintzapekoa izan arren. Orube horretan 12 etxebizitza eraikitzeko proiektua dago, eraikin zaharrean sei birgaituta eta eraikin berri batean beste sei eraikita. Aurreproiektuaren arabera, XIX. mendeko “Irurak Bat” jauregiaren hormak mantendu behar ziren, baina, horretarako lizentziarik gabe, guztiz bota zuen. Enpresak jarduera hori justifikatu zuen esanez maiatzean hodi bat hautsi zela eta ur-uholde batek lur-mugimenduak eragin zituela, eta, hori dela eta, eraikin osoa bota behar izan zutela, hiru hilabete geroago.
Eraikinak udal-babes berezia zuen, eta hori dela eta, fatxadak mantendu behar ziren. Hasiera batean, hiru horma mantendu zituzten, denak bota zituzten arte. Horren aurrean, Udalak obrak geldiarazi eta enpresaren aurkako zehapen-espediente bi ireki zizkion. Lehenengoan, 50.000 eurora arteko arau-hauste larria ezartzea proposatu du instrukzio-langileak, lizentzia barik eraikina botatzeagatik. Bigarrenean, arina, 5.000 eurorainoko isuna aurreikusi du, obra hasteko zuinketa-aktarik ez zuelakoan.
"Ez da kontutan hartu eraikina babestuta zegoela"
Horren aurrean, EH Bilduk gogor kritikatu ditu zehazpen-espedienteak, horietako batean ere ez delako kontutan hartu eraikina babestuta zegoela. Kasu horretan, isuna 500.000 eurorainokoa izan zitekeela gogoratu du Mikel Bildosola zinegotziak, arau-haustea oso larria izango litzatekeelako; "hau da, gaitz handiago bat saihestu gura izan dute".