IgeriBizi

Aurten ere, 24 orduz igerian euskararen alde

Iker Rincon Moreno 2024ko aza. 13a, 11:53

Iazko irudietako bat. © IGERIBIZI

Swim Camp Getxo igeriketa elkarteak antolatuta, bigarrenez egingo dute "24 orduz igerian, euskararen alde" egitasmoa. Aurten, abenduaren 7an eta 8an egingo dute saioa, eta bildutako dirua Bizarra Lepoan Euskara Elkarterentzat izango da, antolatzaileen berbetan, "neurri handi batean, eurei esker daukagulako geure hizkuntzan bizitzeko aukera andana, geure herrian bertan".

Aurten, Euskararen Nazioarteko Eguna laneguna izango denez, abenduko bigarren aste-akabuan egingo dute IgeriBizi euskararen aldeko ekitaldia. Hala, abenduaren 7an eta 8an, euskaraz eta jarduerez beteko dituzte Fadurako igerilekuak. Zapatu eguerditik domekako eguerdira bitartean, txandaka, parte-hartzaileak 24 orduz arituko dira igerian; horrez gainera, askotariko jarduerak ere egongo dira gozagai, tartean, waterpolo-topaketak.

Iazko edizioan bezala, aurtengoan ere omenaldi berezia merezi duen pertsona batek egingo du lehenengo erreleboa: Mikel Erdozain kirolari paralinpiarra eta aurtengo Parisko jokoetako lehiakidea.

Bildutako dirua, Bizarra Lepoanentzat

Getxoko eta Uribe Kostako bizi-kalitatea hobetzen duten elkarteak omentzen ditu IgeriBizik eta, aurten, Bizarra Lepoan Euskara  Elkartearentzat izango da parte hartzetik jasotako dirua. Antolatzaileen berbetan, “Getxon, neurri handi batean, Bizarra Lepoani esker daukagu geure hizkuntzan bizitzeko aukera andana”. Euskara bultzatze eta normalizatzea, eta hizkuntzaren erabilera sustatzea dira Bizarra Lepoanen helburu nagusiak.

Zelan parte hartu

Iazko arrakasta ikusita, formatu berbera mantenduko dute aurten. Enpresa, elkarte eta taldeek, 50 euroren truke ordubete erosi ahal izango dute eta, erreleboak eginda eta gura duten erritmoan, ordu hori beteko dute. Gura beste kidek hartu ahal izango dute parte eta, laguntzarik behar izatekotan, Swim Camp Getxoko igerilariek txandakaz lagunduko diete. Orduaren erreserba egiteko swimcampgetxo@gmail.com posta elektronikora jo beharko dute interesatuek.

Kuadrillek eta lagunek, pertsonako 5 euroko donazioa egingo dute eta gura beste denbora egon ahal izango dira uretan. Ez dute zertan ordubete egin behar, ezta gutxieneko joan-etorri kopuru bat ere. Familiek, bestalde, 10 euroko donazioa eginda, familia nuklear osoagaz parte hartu ahal izango dute. Tituludun sorosleak, Swim Camp Getxoko igerilariak eta IgeriBiziko antolatzaileak izango dira bertan, 24 orduetan, segurtasuna, errespetua eta denek ongi pasatu ahal dutela ziurtatzeko. Izen emateak haien webgunetik egin ahal izango dira.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun