Parisen bizitako esperientzia "izugarria" izan dela kontatu du Erdozainek. "Amets bat lortzea bezalakoa izan da; estadioa 17.000 pertsonagaz beteta oihuka ikustea izugarrizko esperientzia izan da", adierazi du 21 urteko leioaztarrak. Hala ere, horra heldu aurretik, kontatu du lau urte behar izan zituela igerian ondo egiten ikasteko: "Asko kostatu zitzaidan, dudan garun paralisiagatik uretan flotatzea oso zaila zelako niretzat, baina pixkanaka-pixkanaka, eta Natalia Folgado entrenatzaileari esker, lortu nuen".
Kirolaren garrantzia. "Kirola niretzat terapia modukoa da eta igeri egiteak asko laguntzen dit gorputzaren errehabilitazioa egiten. Psikologikoki ere oso garrantzitsua da gainera. Horrez gain, lagun asko egin ditut; niretzat kirola lehia baino askoz gehiago da"
Bere debut olinpikoan, Erdozain S2 mailan aritu zen 200 metro librean eta 50 eta 100 metroko bizkarreko probetan. "Lortutako emaitzekin nahiko pozik nago: 100 metroko bizkarrean nire markaren inguruan egon nintzen eta 10. amaitu nuen; 50 metrotan ez nintzen hain ondo ibili, hasieran ataskatuta geratu nintzelako, eta 200 metro libretan nire errekorra eta Espainiakoa hautsi nituen, beraz, oso ondo horretan ere", dio egindako lanagaz pozik.
Hasiera gogorra. Igerian ikasten aritzetik Joko Paralinpikoetara joateko gonbidapena lortu arte, egindako ibilbidea luzea izan da, baina lortu duena konstantziari eta entrenamenduari esker izan dela azpimarratu du: "Bakoitzak bere erritmoa dauka, niri asko kostatzen zait gauzak egitea, baina konstantziari eta lanari esker lortzen dut aurrera ateratzea". Deportiva Nautica Portugalete taldean hasi zen entrenatzen, Folgadogaz eta garun paralisia duten beste kirolari batzugaz, baina COVID-19aren ostean, klub hori desagertu egin zen. Hala, 2022an Erandio Baitan taldea sortu zuten, eta horren kide da gaur egun. Horrez gain, Paralinpiar Jokoetarako prestatzen egon da udan Mataro edo Sant Cugaten (Katalunia) dauden errendimendu handiko zentroetan. "Horri esker, 50 metroko igerileku olinpiko batean entrenatu ahal izan nuen; sentsazioak oso onak izan nituen, eta, horri esker, Parisera sasoi onean heldu nintzen". Halaber, Paralinpiar Jokoen aurretik, Erdozain Madeiran (Portugal) ere izan zen, Europako Txapelketan.
Igerian aritu aurretik, Erdozain, boccia eta beste hainbat kiroletan ere aritu da. "Bost urte egon nintzen bocciako lehiaketetan, eta jolasten jarraituko dut denbora-pasa bezala, baina igeriketari denbora gehiago ematea gustatuko litzaidake". Izan ere, igerilariak argi du hobetzen eta lehiatzen jarraitzeko asmoa duela: "Auskalo hemendik lau urtera zer gertatuko den, baina helburua Los Angelesera joatea da. Parisko esperientzia zoragarria izan da eta errepikatu nahiko nuke; beraz, orain gehiago entrenatuko dut".